Eusko Jaurlaritzak 200.000 euro emango ditu Lesbos uharteko egoera ahulenean dauden errefuxiatuen elikadura duina lortzeko (Gobernu Bilera 2021-112)

fotoconsejo.jpg

2021-11-02

  • Zaporeak Solidarios Garapenerako Elkartearen bidez, batez ere emakume haurdunei, bularreko haurrei edo sexu-indarkeriaren biktimei iritsiko zaie

 

Eusko Jaurlaritzak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Saileko Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak proposatuta, 200.000 euroko zuzeneko diru-laguntza onartu du Zaporeak Solidarios Garapenerako Elkarteak elikagaiak banatzeko egiten duen lanean. Elikagaien banaketa hori Lesbos uharteko errefuxiatu-eremu berrian egiten da.

ACNURek emandako datuen arabera, 2020an, 10.000 migratzaile eta asilo-eskatzaile inguru iritsi ziren Europan, Greziako uharteen bidez; pertsona horien ia erdiak Lesbosera iritsi ziren. 2021. urtean, 5.000 pertsona baino gehiago sartu dira Grezian, eta Afganistan eta Somalia dira jatorrizko nazionalitate nagusiak. Pandemiaren ondorioek eta nazioarteko babes-eskaeren izapidetzean izandako atzerapenek eragindako arazoei sute bat gehitu behar zaie. Sute honek Moriako errefuxiatu-esparrua suntsitu du. Horregatik, Greziako Gobernuak eta ACNURek zelai berri bat eraiki dute itsasoaren ondoan. Kara Tepe II izena jarri diote, eta dagoeneko gainditu du prestatuta zegoen pertsona-kopurua.

Larrialdi egoera horren aurrean, Zaporeak Solidarios Garapenerako Elkarteak laguntza eskatu du Kara Tepen bizi diren eta zaurgarritasun maila handia duten errefuxiatuei (emakume haurdunak, bularreko haurren ardurapeko emakumeak eta sexu-indarkeriaren biktimak) elikadura-laguntza eskaintzeko. Beste GKE batzuetan boluntario-lanak egiten dituzten errefuxiatuei ere janaria ematen die.

Zaporeak Solidarios Garapenarako Elkartea asmorik gabeko elkartea da, Gipuzkoan kokatua, eta 2012an sortu zen Intxaurrondoko Talde Gastronomikoaren eskutik. Hasiera-hasieratik, elkartasuna eta gastronomia konbinatzen dituzten ekimenak garatzea izan da helburua. Grezian lanean hasi aurretik, lankidetza-proiektu bat bultzatu zuen Etiopiako Wukro haranean.