Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eusko Jaurlaritzak 1.100.000 euro bideratuko ditu Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburu-funtsak berritzeko (Gobernu Bilera 2021-5-25)

Argitalpen-data: 

fotoconsejo.jpg

Astearte honetako Gobernu Kontseiluak Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren Agindua onartu du, 2021. urtean Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako liburu-funtsak berritu edo/eta handitzeko diru-laguntzak emateko deialdia egiten duena.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak helburu horretarako erabiliko duen zenbatekoa, 2021ean, 1.100.000 eurokoa izango da gehienez, iaz baino 300.000 euro gehiago. Kopuru horretatik, 50.000 euro liburutegi sortu berrientzako fundazio-loteak erosteko erabiliko dira, eta 1.050.000 euro lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko. Liburutegi sortu berrietarako diru-kopurua agortzen ez bada, gainerako diru-kopurua lehendik dauden liburutegietako funtsak berritzeko erabiliko da.

Bi kasuetan, eskatutako diru-laguntzaren % 25 gutxienez euskaraz argitaratutako lanak erosteko erabili beharko da.

Diru-laguntza hauek jaso ahal izango dituzte liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalek, toki-erakunde eskudunek eta udal-liburutegi publikoen arloan eskumena esleituta duten udal-erakundeek. Udalerri bakoitzeko erakunde onuradun bakarra egon ahal izango da; beraz, eskabide bat baino gehiago dagoen udalerrietan, Udalaren eskumeneko liburutegiak lehentasuna izango du gainerako erakunde eskatzaileen aldean.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, eta liburutegi bakoitzari dagokion diru-laguntza liburutegi bakoitzaren eragin-eremuko biztanleria-irizpideen arabera ezarriko da, bai liburutegi berrietarako bai martxan daudenen funtsak berritzeko, horretarako ezarritako formulei jarraituz.

Aurreko deialdian, 2020koan, 185 udalek jaso zuten beraien liburutegietako liburu-funtsak berritu edo/eta handitzeko diru-laguntzak.