Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskaltzaindiaren oraingo eta geroko datu-baseak hornituko dituzte HABEk sortzen dituen testu-multzoek

Argitalpen-data: 

Irekia.jpg
  • HABEk eta Euskaltzaindiak hitzarmen berria sinatu dute gaur, erakunde bien arteko elkarlana sustatzen jarraitzeko. Honela, 2009an abiatutako bideari segida emango diote ondoko lau urteotan.
  • Miren Dobaran (Hizkuntza Politikako sailburuordea): “Euskararen eta hizkuntzaren esparruan garapen digitala burutzeko ezinbestekoa da euskararen inguruan erakundeek sortzen dituzten testu-corpusak p Beraz, lehentasunezkoa da, euskarak esparru digitalean aurrera egin nahi badu, sortzen diren erakundeen arteko sinergiak bideratzea. Testuinguru horretan kokatzen da lankidetza-hitzarmen hau”.
  • Andres Urrutia (euskaltzainburua): “Euskaltzaindiaren eta HABEren arteko elkarlana berrestera eta indartzera dator hitzarmen berri hau. Elkarlan honek lehendik ditugun elkarkidetzarako hariak areagotuko ditu euskararen soziolinguistikaren eremuan, argitalpenak eta informazio bibliografikoa trukatuz eta elkar elikatuz”.

 HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeak eta Euskaltzaindiak 2009an abiatutako bideari (geroago, 2013an, berretsi zena) eutsiko diote hurrengo lau urteotan ere bai. Horretarako, lau urterako lankidetza-hitzarmena izenpetu dute gaur, Akademiaren egoitzan. Bertan izan dira Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Andres Urrutia euskaltzainburua. Urrutiak hitzarmen honen garrantzia azpimarratu du, Euskaltzaindiarentzat “estrategikoa” dela esanez. Ondoren, elkarlan honen onura nagusiak aletu ditu: ”Bateko, HABEk sorturiko testu-multzoa baliatzeko aukera izango dugu, gerora Euskaltzaindiaren corpus eta emaitzetan barneratzeko erabiliko dena; besteko, lehendik ditugun elkarkidetzarako hariak areagotzen ditugu euskararen soziolinguistikaren eremuan, argitalpenak eta informazio bibliografikoa trukatuz eta elkarrekin elikatuz”.

Miren Dobaranek ere ideia horretan sakondu nahi izan du bere berbaldian: “Euskararen hizkuntzaren esparruan garapen digitala burutzeko beharrezkoa da testu-corpus handiak eskura izatea, horrek bermatzen baitu garatuko diren aplikazio teknologikoen gutxieneko kalitatea, adibidez, itzultzaile neuronalean, lematizatzaileetan, ahots-sintesian, ahozkoaren transkripzioan eta abarretan. Horiek horrela, ezinbestekoa da euskararen inguruan erakundeek sortzen dituzten testu-corpusak partekatzea teknologiaren garapenean diharduten enpresa-elkarteekin. Beraz, euskarak esparru digitalean aurrera egingo badu, beharrezkoa ez ezik, lehentasunezkoa da sortzen diren erakundeen arteko sinergiak bideratzea. Testuinguru horretan lekutzen da, bereziki, lankidetza-hitzarmen hau, HABEk Euskaltzaindiaren esku utziko baititu sortzen dituen testu-corpusak, Lexikoaren Behatokia hornitzeko”. 

Euskararen normalizazioan eragin

Bi erakundeon arteko elkarlana euskararen normalizazioaren esparruan proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da, batez ere, euskararen jakintzan, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, zabalkundean eta sentiberatzean. Egitasmo horietan guztietan, Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarririko arauak eta proposaturiko gomendioak zabaltzeko konpromisoa hartu du HABEk.

Horrez gain, argitalpenak kaleratzeko egitasmoak partekatuko dituzte, eta 2013ko urrian izenpeturiko hitzarmenari segida emanez, Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekaren eta HABE erakundearen Liburutegiaren arteko lankidetza-egitasmoak garatzeko konpromisoa berretsi dute bi aldeek. Lankidetza hau ikerketa-egitasmoen garapena (esaterako, Joanes Etxeberri. Euskararen Historia Soziala egitasmoa) ahalbidetzen dituzten funtsen zabalkundea egiteko eta funtsen trukea ziurtatzeko baliatuko da, batez ere.