Segurtasun Saila

Euskalmetek oso lehortzat jo du apirila

Argitalpen-data: 

Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, apirilean espero zen prezipitazioaren erdia baino gutxiago egin du. Horrez gainera, kontraste termiko handiak izan dira, eta gutxieneko tenperaturen errekorrak hautsi dira.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziak oso lehortzat jo du apirila, espero zen prezipitazioaren erdia baino gutxiago egin baitu. Aldi berean, apirilean tenperatura-kontraste handiak izan dira. Ohiz kanpoko tenperatura altuekin hasi zen hilabetea, eta apirileko gutxieneko tenperatura baxuetan hainbat errekor hautsi dira. Hala ere, hilabeteko batez besteko tenperatura balio normaletan egon da.

Euskalmeten arabera, apirilean erregistratu diren prezipitazio-kopuruak kontuan hartuta hilabete oso lehorra izan da, Arabako Lautadaren mendebaldean eta Arabako haranetan izan ezik, horietan lehortzat jo baita. Orokorrean espero zen prezipitazioaren erdia baino gutxiago erregistratu da, eta azken urteotako apirilik lehorrenetako bat izan da, 2010aren azpitik. Euri-egunak batezbesteko normalaren azpitik geratu dira nabarmen, eta itsasertzean 6 egunetan bakarrik egin du euria eta Arabako Lautadan 9 egunetan. Hau da, isurialde kantauriarrean baino euri-egun gehiago izan dira isurialde mediterraneoan, ohikoa, hain zuzen ere, alderantzizkoa bada ere.

Tenperaturari dagokionez, apirila normala izan da Euskadi osoan, eta zehaztu daiteke Gipuzkoako itsasertzean epelerako joera izan duela eta Arabako erdialdean hotzerakoa. Azpimarratzekoak dira, bestalde, izotz-egunak ere, espero zirenak baino bi aldiz gehiago izan baitira Arabako hainbat lekutan. Horrela, hilaren 16an mende honetako apirileko gutxieneko tenperaturarik baxuenak erregistratu ziren Euskalmeten sareko isurialde kantauriarreko hainbat estaziotan. Horrekin batera, urte-sasoi honetan espero zena baino handiagoa izan da intsolazioa, batez ere Gipuzkoako kostaldean, hain zuzen ere, % 30 altuagoa.

Apirilean erregistratutako muturreko gertaera meteorologiak ez dira batere adierazgarriak izan.  Segurtasun Sailak guztira 7 abisu hori aktibatu ditu, eta horietatik 3 basoko suteengatik izan dira, 2 elurragatik, 1 izotzagatik eta, azkenik, 1 haizeagatik ageriko lekuetan.