Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskal diasporako 11 lagunek Lazkaoko barnetegian egonaldia egingo dute euskara irakasle izateko prestakuntza amaitzeko

Argitalpen-data: 

etxepare.png
  • 2013an hasi ziren zerotik euskara ikasten eta egonaldia amaitu ostean euskara irakasle arituko dira nor bere hiriko euskal etxean
  • Egonaldiaren helburua beraien euskalduntzearen maila bat egitea da: B2 dutenek C1a egitea; eta B1 dutenek B2a

Argentina, Txile eta Uruguaiko euskal diasporako 11 lagunek euskara maila hobetzeko bi hilabeteko egonaldia egingo dute Lazkaoko Maizpide euskaltegi-barnetegian Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programaren eskutik. Taldea 2013an hasi zen zerotik euskara ikasten eta urte hauetako prestakuntza eta, orain, lehen aldiz testuinguru euskaldunean murgilduta egingo duten ikastaro trinkoa amaitu eta gero, euskara irakasle arituko dira nor bere hiriko euskal etxean. Buenos Aires, Mendoza, Necochea, San Nicolas, Tres Arroyos, Villa Marían, Argentinatik etorritakoen kasuan, eta Santiago eta Montevideon, Txile eta Uruguatik etorritakoak.

Taldearen ikasketa ibilbidea -20 pertsonak osatzen dute, nahiz eta 11 izan Euskal Herrian egonaldia egingo dutenak- duela 8 urte hasi zen, eta urte hauetan zehar online prestakuntza eta aurrez-aurrekoa tartekatu dituzte. Ikasleek urtero 36 saio burutu dituzte, beren kabuz, HABEren Ikasten online plataformaren bidez. Halaber, urtero aurrez-aurreko bi barnetegitan hartu dute parte Argentinan, 52 ordukoa bakoitza. Orotara, 1200 eta 1600 ordu artean eskaini dizkiote euskara ikasteari eta, 2019an Buenos Airesen, euskara maila egiaztatzeko frogak egin eta gero B1 eta B2 mailak eskuratu dituzte. Lazkaon hasi berri duten egonaldian euskalduntzearen maila bat egitea da helburua: B2 dutenek C1a egitea; eta B1 dutenek B2a. Ikasleek Maizpideko programa jarraituko dute eta bertako ikasleekin nahastuko dira taldeetan. Hasiera batean asmoa familia euskaldunetan kokatzea bazen ere, bizi dugun pandemia egoera dela eta, Maizpide barnetegian hartuko dute ostatu, osasun neurri guztiak bermatuta.

Euskara Munduan

Euskara Munduan programaren bitartez mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza sustatzen du Etxepare Euskal Institutuak. Programak 1990ean Argentinako euskal etxeetan euskararen ezagutza berreskuratzeko asmoz sorturiko Argentinan Euskaraz egitasmoan du jatorria. Urte batzuk beranduago programa munduko beste hainbat herrialdetako euskal etxetara zabaldu zen eta ordudanik Euskara Munduan du izena. 2018az geroztik Etxepare Euskal Institututik kudeatzen da programa eta, honen bidez, munduko euskal etxeetan ematen diren euskara eskolak diruz lagundu, euskal etxeak euskara eskolak emateko materialez hornitu, euskara maila egiaztatzeko azterketak antolatu eta euskara irakasleen trebakuntza sustatzen dira, izan ere, giza baliabideei dagokionez, euskal etxeek askotan beren irakasle taldea trebatu behar izaten baitute. Egun, 2.000 inguru dira urtero munduko euskal etxeetan euskara ikasten duten pertsonak eta Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko 35 unibertsitatetan dituen irakurletza-programetan beste 1.900 ikasle inguruk hartuko dituzte euskara eskolak aurten.

FEVA (Federación de Entidades Vasco Argentinas) federakuntzan biltzen diren euskal etxeen aspaldiko eskakizuna da trebakuntza prozesu hori Euskal Herrian amaitzeko aukera eskaintzea eta hala helarazi zion Lehendakariari, honek 2018an Argentinara egindako bidaian. Covid-19aren pandemiak egitasmoa urtebete atzeratu ostean, 2021ean burutuko da egonaldia.