Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

ETSk Neguriko geltokiko eraikin zaharraren zaharberritze integrala lizitatu du

Argitalpen-data: 

Euskal Trenbide Sareak Getxoko Neguriko geltokiko eraikin zaharra osorik birgaitzeko lanak egingo ditu datozen hilabeteetan, Garraio Sailaren menpeko erakunde publikoaren kontratazio-mahaiak azken bileran proiektuari argi berdea eman ondoren.

Indarrean dagoen HAPOko udal-plangintzaren barruan babes-maila ertaina duen eta Getxoko Eremu Berezituaren Monumentu-multzoaren barruan dagoen higiezina eraberritzeak 244.153 oinarrizko lizitazio-aurrekontua du, eta aurreikusitako egikaritze-epea 6 hilabetekoa da.

Garraio sailaren ardurapean dagoen ente publikoak, eraikina zaharberritzean, tipologia-, forma- eta egitura-elementuak errespetatuko ditu, estalkiaren posizioa aldatu barik, eta jatorrizko estaldura berrezarriz.

Neguriko geltokia, estilo neo-euskaldunekoa, joan den mendearen hasieran eraiki zen, Ferrocarriles Vascos konpainiaren San Nikolas-Plentzia linearen inaugurazioarekin batera. Gaur egun, ez du trenbide garraioarekin erlazionatutako inolako funtziorik betetzen; izan ere, Bilboko metroaren 1. linea inauguratu zenetik, haren funtzioak geltoki berrian integratutako beste higiezin batean gauzatu dira.

Geraleku berria trazatu lerrozuzenean egin zenez, eraikin zaharra nasa berriaren burualdetik 50 metro inguru urrundu zelako, eta, ondorioz, bere egitekotik erabat isolatuta geratu zelako sortu da egoera berria. Duela urte batzuk arte, eraikinaren beheko solairua estanko eta aldizkariak eta egunkariak saltzeko leku gisa erabili izan du familia-enpresa batek.

Proiektuaren deskribapena

Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Zuzendaritzak ezarritako irizpideen arabera, proiektuak jatorrizko eraikinaren parte ez ziren bi gorputz erantsi eraistea jasotzen du, eta baita zurezko egitura eta arotzeria osoa kentzea ere, intsektuen eta onddo-izaera duten elementuen oso eragin handia jasan duelako.

Estalkiaren euskarri-egitura berri bat planteatzen da, berau osorik ordeztuz, dekorazio-elementuei dagokienez jatorrizkoarekiko guztiz leiala izanda. Egitura autoklabez tratatutako egurrez egingo da, eta hura babesteko hainbat tratamendu izango ditu, baina itxura aldatu barik.

Estalkiaren “tapa” egiteko, lehendik dagoenaren antzeko zeramikazko teila laua erabiliko da, ahokadura geometrikokoa, eta teila horiek kakoen eta finkapen mekanikoen bidez finkatuko dira.

Fatxadei dagokienez, guztiak pikatuko dira, ondoren zarpiatu hidrofugoa eta pintura bidezko tratamendua egiteko. Fatxadak osatzen dituzten bistako zeramikazko elementuak saneatu eta junturak berdindu egingo dira, eta azken tratamendu hidrofugo eta gardena emango zaie.

Higiezinaren kanpoko sarbideak, eskailera finkoen tramada baten bidez egingo dira, inguruko urbanizaziotik bertatik, eta baita bi metro inguruko zabalera eta % 5eko gehieneko malda duen arrapala baten bidez ere, hiri-inguruneko irisgarritasunari buruzko Eusko Jaurlaritzaren arautegia, 20/1997 Legea, betez.