Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Estigmaren aurkako jardunbide egokien gida metodologikoa

Argitalpen-data: 

Koordinazio Soziosanitarioko Taldea

Estigmaren aurkako Jardunbide egokien gidaren irudia

Estigmaren aurkako Jardunbide egokien gidaren irudia

Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Katedrak (UCM), Estigmaren aurkako 5. Taldearekin batera, estigmaren aurkako jardunbide egokien gida egin du. Gida horren helburua da orientazioa eta metodologia ematea gaixotasun mentala, desgaitasuna eta/edo kalteberatasun-egoeran edo gizarte-bazterkeriako egoeran dauden pertsonei lotutako estigmaren aurka borrokatzeko. 

Estigma da gure gizarteetan estereotipoak, aurreiritziak eta jarrera diskriminatzaileak agertzea gehien eragiten duen faktoreetako bat, eta eragin handia du osasun mentalaren eremuan. Kontzeptu horretan sakonduz, egiaztatu da ez dagoela estigma bakar bat, estigma-tipologia desberdinak baizik. Livingston eta Boyd (2010) egileek hiru estigma-mota edo -maila bereizten dituzte: egiturazkoa, soziala edo publikoa eta pertsonala.

Egiturazko estigma maila instituzional edo politikotik pertsona estigmatizatuen eskubideak eta aukerak mugatzen dituzten lege, arau eta prozedurekin lotzen da. Gizarte-estigma, bestalde, gizarte-talde handiek buru-nahasteei lotutako estereotipoen eta aurreiritzien inguruan sustatzen dutena da, eta mota horretako diagnostiko baten eraginpean daudenen aukera-berdintasuna ere mugatzen dute. Azkenik, estigma pertsonalean pertsonek barneratzen dituzte egoera edo baldintza jakin bati lotutako estereotipoak eta aurreiritziak, eta gaixotasun mentala duten pertsonen bizi-kalitatea murrizten dute. 

Hala ere, osasun mentaletik harago, estigma biztanleria osoan dauden ezaugarrietara hedatzen da (generoa, sexu-orientazioa, etnia, desgaitasunak, adina, nazionalitatea, eta abar), estigmatizatzaile eta elkarreragile bihurtzen direnak. Gidan adierazten den bezala, "Estigmatizatzaileak izan daitezkeen hainbat ezaugarri (buru-nahasmenduak, etxerik gabekoak, gutxiengoak, etab.) dituzten pertsonei eragiten dien estigmaren intersekzionalitatea" esaten zaio.

Horri aurre egiteko, estigmaren aurka borrokatzeko eraginkorrak izan direla erakutsi duten esku-hartze eta jardunbide nagusiak berrikusi dituzte gidaren egileek. Berrikuspen horretatik jardunbide egokien adierazle-multzo bat eraiki dute, eta horiek, modu agregatuan, estigmaren aurkako Jardunbide Egokien Eskala sortu dute. 

Aipatutako adierazleak honako hauek dira: 

  1. Metodologia: metodologia esku-hartzeen kalitateak, erreplikagarritasunak eta transferigarritasunak definitzen dute. Alde horretatik, metodologiak premien ebaluazioa, hipotesien diseinua eta emaitzen ebaluazioa ditu euskarri. 
  1. Eraginkortasuna ekintza eraginkorrak, frogatzeko modukoak eta garatzeko/ezartzeko behar diren baliabideak optimizatzekoak batzea bilatzen du. 
  1. Iraunkortasuna: epe laburrean, ertainean eta luzean egin daitezkeen ekintzak dira, haien kalitateari kalterik eragin gabe. Hiru mota bereizten dira: iraunkortasun ekonomikoa, ingurumenekoa eta gizartekoa.
  1. Ikuspegi etikoa: estigmaren aurkako jarduketek garrantzi handia dute, ezarritako kode deontologikoak bete behar dituzte eta pertsonen autoderminazioa eta autonomia errespetatu behar dituzte.
  1. Genero ikuspegia: esku-hartze guztietan genero-ikuspegia zeharka txertatzea da helburua, eta bereziki garrantzitsua da kontuan hartzea emakume izateagatik eta nahasmendu mentala izateagatik sor daitezkeen desberdintasunak, bai eta bi baldintzen artean gerta daitezkeen elkarreraginak ere.
  1. Ikuspegi inklusiboa eta parte-hartzea: esku artean dugun eremuan, ikuspegi inklusiboa honela banakatu da: sareko lana, irisgarritasuna, hizkuntza inklusiboa eta hasitako ekintzen intersekzionalitatea. 
  1. Eragin soziala: esku-hartze ororen parte-hartzeari eta iraunkortasunari oso lotuta dagoen adierazlea da, eta komunitate edo kolektibo batentzat emaitza onuragarria sortzen duten jarduketei egiten die erreferentzia.
  1. Berrikuntza: aplikatzen den xedean edo testuinguruan hobekuntza nabarmena eragiten duen aldaketa da. Estigmaren aurkako borrokari dagokionez, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek esperimentaziorako aukera berriak eta ugariak eskaintzen dituzte, besteak beste: errealitate birtualeko teknikak, prestakuntzako bideo-jokoak, web programak eta ikus-entzunezko beste eduki batzuk erabiltzea. 

Azkenik, adierazitako premisetatik abiatuta, estigmaren aurkako Jardunbide Egokien eskala bat definitzen da, zortzi adierazle eta 21 itemez osatua. Eskala hori arlo akademiko eta profesionaleko aditu-talde batek kontrastatu du, eta datozen urteetarako lan-ildoak planteatzen ditu.

Gidaliburua hainbat publikori zuzenduta dago, eta sektoreko profesionalak zein ikerlariak, ikasleak edo aztertutako gaiarekiko sentikortasuna edo hurbiltasuna duten herritarrak hartzen ditu barnean.

Gai honi buruz argibide gehiagorik behar izanez gero, txosten osoa hemen kontsultatu