Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Eskandinavia herrialdeetako osasun eta gizarte-arretaren digitalizazioari buruzko irakaspenak

Argitalpen-data: 

Koordinazio Soziosanitarioko Taldea

Digital Health Care and Social Care. Regional development impacts in the Nordic countries

Digital Health Care and Social Care. Regional development impacts in the Nordic countries

Txosten batek Eskandinaviako herrialdeetan osasun- eta gizarte-arreta digitalizatzeko egon daitezkeen onurak eta oztopoak aztertzen ditu.

Haren edukia Eskandinaviako Ministroen Kontseiluak 2018an ezarritako proiektu baten emaitza da. Proiektu horren bidez, Europako iparraldeko herrialdeen (Danimarka, Finlandia, Islandia, Norvegia, Suedia, Feroe uharteak, Groenlandia eta Aland) lankidetza-esparruan garatutako ekimenen eta ikaskuntzen ezagutzan sakondu nahi da.

Testuingurua

Eskandinaviako herrialdeen eremuan, gobernuak (maila desberdinetan) herritarren ongizatean eragina duten hainbat zerbitzu digitalen arduradunak dira. Zerbitzu horien artean daude, besteak beste, big data, administrazio publiko elektronikoa, zerbitzuen telemonitorizazioa eta pazienteen jarraipena, urrutiko hezkuntza, telemedikuntza, urruneko kasuen kudeaketa eta tratamendua, edo bezeroak kudeatzeko zerbitzuak. Hala ere, nahiz eta arreta sanitario eta sozialaren digitalizazioa agenda politikoan dagoen elementu bat izan, herrialde guztiek baitituzte gaiari buruzko dokumentu estrategikoak, beste sektore batzuetan baino motelago sartu eta garatu dira.

Eskandinaviako osasun-arretako sistemen ezaugarriak hauek dira:

  • Deszentralizazioa

Lehen mailako eta bigarren mailako arretaren erantzukizuna eskualdeko edo tokiko mailetan kokatzen da, eta gobernu zentralaren eta/edo eskualdeko eta tokiko gobernuaren agindua jasotzen du, herrialde bakoitzeko legeriarekin bat etorriz, zeinaren bidez parlamentuek gizarte- eta osasun-politikarako esparrua ezartzen baitute.

Islandian, Norvegian eta Danimarkan osasun-laguntza erdi deszentralizatuta dago, eta agintari nazionalek funtsezko zeregina dute eskualdean eta/edo tokian bertan ematen diren osasun-laguntzako zerbitzuetan. Feroe uharteetan, Aland eta Groenlandian, osasunaren arreta gobernuaren ardura da nagusiki.

Suediak eta Finlandiak, berriz, osasun-arretarako sistema deszentralizatuagoak dituzte, eta eskualdeko kontseiluek eta udalerriek dute osasun-arretaren ardura nagusia. 

  • Adineko pertsonentzat udal-eremuko arreta

Adinekoen zaintza (bai etxez etxeko arreta-zerbitzuen arloan, bai egoitzen arloan), funtsean, udal-eskumena da Eskandinaviako  herrialde guztietan, nahiz eta zerbitzu pribatuen hornitzaileak dauden. 

  • Finantzaketa publikoa

Eskandinaviako herrialde guztien ezaugarri komun bat osasun- eta gizarte-laguntza funts publikoekin finantzatzea da, nahiz eta finantzaketa pribaturako alternatibak ere aurki daitezkeen.

Metodologia: zazpi kasu-azterketa

Dokumentu honek teknologia digitalak osasun eta gizarte-laguntzan sartzeko prozesuan aurkitutako abantailak eta oztopoak aztertzen ditu, zazpi kasu-azterlanetan oinarrituta (bat estatu eta lurralde autonomo bakoitzeko). Emaitzak lau dimentsiotakoak dira, eta digitalizazio-prozesu horiek onurak dakarzkiote osasun- eta gizarte-arretari, honako hauei dagokienez:

  • Arretaren kalitatea hobetzea, datu partekatuen bidez (onurak informazio klinikoaren segurtasunari dagokionez, baita egoitza-zentroetan biziz gero ere, adibidez).
  • Efizientzia hobetzea, kostuak murriztuz (mugikortasuna murriztea eta garraio-premia txikiagoa izatea), urruneko eremuetara zaintza zabaltzeko aukeragatik, etab.
  • Inklusioa hobetzea, pazientea malgutuz eta osasun-profesionalekin komunikatzeko prozesuetan parte hartuz (baita adinekoen egoitza-zentroetako osasun-arretan ere, adibidez) eta aukera-berdintasuna hobetuz.
  • Irisgarritasunaren hobekuntza, medikuek bideokontsultak eginez, edo zahartzen ari den biztanleriaren zerbitzu-eskari gero eta handiagoari erantzunez, besteak beste.

Era berean, kasuen azterketek aukera ematen dute irtenbide digitalak inplementatzeko oztopo esanguratsuak identifikatzeko lidergoaren, kudeaketaren eta legeriaren arloetan, eta beste oztopo ekonomiko eta kultural batzuk.

Legeriari dagokionez, osasun-arretaren eta gizarte-arretaren digitalizazioa osasun-laguntza, gizarte-babesa, pazientearen segurtasuna, osotasun eta segurtasun pertsonala eta osasun-laguntzaren finantzaketa arautzen dituzten legeen arteko elkargunean dago. Eskandinaviako herrialdeetan, digitalizazio-prozesuen erronka nagusietako bat da irtenbide digitalak txertatu behar direla osasun-arretako sistemetan, osasun-arretako sistemaren zati guztiak elkarren artean integratzearekin batera.

Zazpi esperientziak aztertzean, nolabaiteko kezka antzematen da informazio medikoa trukatzeko segurtasunarekiko, datuen jabetza intelektualarekiko eta adinekoen arteko kontaktu pertsonalaren galerarekiko. Suediako Osasun eta Gizarte Arretako Ikuskaritzaren (IVO) ebaluazio batek agerian utzi zuen arreta mediko eta sozialaren digitalizazioan dauden arrisku nagusietako batzuk honako hauekin lotuta daudela: ingurune digitaleko gaitasun eta trebetasun falta; preskripzio medikoa; ebaluazio mediko eskasa; nortasuna kontrolatzeko arazoak; haurrei buruzko txostenak; informazioaren segurtasunari buruzko gaiak, eta osasun-arreta emateari buruz gutxi definitutako erantzukizunak.

Kasu-azterketek erakutsi zutenez, legezko oztopoengatik edo sistemen arteko elkarreragingarritasunik ezagatik datuetarako irispiderik ez izatea oztopo erabakigarriak dira osasun- eta gizarte-arretan konponbide digitalak eraginkortasunez garatzeko.

Azkenik, elkarrizketa batzuek agerian utzi zuten batzuetan gizarte eta osasun-arreta digitalizatzeko prozesuetan sortzen den gatazka etikoari eta kulturalari aurre egin behar zitzaiola, eta osasun-arloko profesional batzuk beren "laneko etika eta osasun eta gizarte-arretan irtenbide digitalak ezartzean eragiten duen eraginkortasun ekonomikoaren paradigma" aurrez aurre jarrita bizi direla.

Dokumentu honek beste gai interesgarri batzuk ere planteatzen ditu Eskandinaviako herrialdeetan teknologia digitalak txertatzeko prozesuaren etapa goiztiar honetan: osasun eta gizarte-arretaren digitalizazioari buruzko adierazle eta datu ekonomikorik ez izatea eta horren ondorioak nola neurtu ez jakitea(kalitateari eta denbora eta kostuak aurrezteari dagokienez); belaunaldien arteko, generoen arteko edo landa eta hiri-eremuen arteko eten digitalak, dira besteak beste erronka batzuk.

Azkenik, txosten honek osasun eta gizarte-arretaren digitalizazioak Eskandinaviako herrialdeen eskualde-garapenerako izan ditzakeen onurak sakontzen ditu, zenbait alderdiri dagokionez, hala nola baliabideen esleipena, kulturaren eta tradizioen garrantzia, erakundeen rola, gobernantzaren eginkizuna eta digitalizazio-prozesu konplexu horietan parte hartzen duten hainbat eragile eta interes-talderekiko harremanak. 

Txosten hau Nordregiok egin du, hau da, Eskualde Garapen eta Plangintzarako Iparraldeko Ikerketa Zentroak, Iparraldeko Ministroen Kontseiluak 1997an ezarria. Haren jarduera ikerketa aplikatua garatzera bideratuta dago, Europako iparraldeko herrialdeak munduko eskualde berritzaileenetako eta lehiakorrenetako gisa sendotzen laguntzeko, eskualdeko lankidetzaren bitartez.

Gai honi buruz argibide gehiagorik behar izanez gero, kontsultatu  ondorengo txostena: "Osasun eta gizarte-arreta digitala. Eskualdeko garapenaren eraginak Eskandinaviako herrialdeetan" (Digital Health Care and Social Care. Regional development impacts in the Nordic countries, Nordregio: 2020)