Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Elebidek hizkuntza eskubideen urraketarekin loturiko 246 intzidentzia erregistratu zituen iaz, 2019an baino 52 gehiago

Argitalpen-data: 

ELEBIDE.jpg
  • Intzidentziak aztertu eta ikertu ondoren 213 izapidetu dira: 196 kexa, 11 kontsulta, 4 iradokizun eta eskaera eta gomendio bana
  • Izapidetutako 196 kexetatik 194tan euskal hiztunek jasan dute eskubide-urraketa
  • Kexen % 85,7 esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak dira, % 13,3 esparru pribatuari dagozkio, eta % 1 esparru publikoak zein pribatuak batera egindako ekimenei dagozkie.
  • Elebidek izapidetzeko onartu diren intzidentzien % 20,6k COVID-19ak eragindako larrialdi egoerarekin du zerikusia.

Elebide-Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Zerbitzuaren 2020ko memoria onartu du aste honetan Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak. Datu horien arabera, iaz hizkuntza eskubideen urraketarekin lotutako 246 intzidentzia erregistratu ziren, 2019an baino 52 gehiago (2019an 194 izan ziren).

Intzidentzia horien %92 kexak izan ziren, 11 kontsultak, 4 iradokizunak eta eskaera eta gomendio bana ere egon ziren. Gainera aurkeztutako intzidentzietatik 21 baliogabetu egin dira aurreko baten errepikapena, errakuntzak edo zoriontzeko mezuak zirelako. Gainontzeko intzidentziatatik 12 ez dira onartu. Hau da, intzidentziak aztertu eta kexaren zioa sakon ikertu ondoren, 8 kasutan ondorioztatu da ez dagoela oinarri juridikorik intzidentzia izapidetzeko edo intzidentzia Elebideren eskumenetik kanpo geratzen dela. Kontuan izan behar da Elebidek bakar-bakarrik izapidetzen dituela araudian jasotzen diren kasuekin bat datozen kexak. Beste 4 intzidentzia ezin izan dira izapidetu, herritarrak horretarako informazio nahikorik ez duelako eman. Beraz, guztira 213 intzidentzia izapidetu dira Elebideren prozedurari jarraituz.

Jasotako kexak aurreko urteetan bezala, lau multzo nagusitan sailkatzen dira:

  • Ahozko harremanetan izaten diren urraketak.
  • Idatzizko harremanetan gertatzen direnak.
  • Hizkuntza-paisaian antzeman daitezkeenak (errotuluak, seinaleak…).
  • Internet eta sare sozialetan ikus daitezkeenak.

Kexen tipologia 

Izapidetutako 196 kexetatik 194tan euskal hiztunek nozitu dute eskubide-urraketa. Kexen % 85,7 esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak dira, % 13,3 esparru pribatuan, eta % 1 esparru publikoak zein pribatuak batera egindako ekimenetan.

Esparru publikoko 168 kexak honela banatzen dira:

  • Aurkeztutako kexen % 54,8 EAEko Administrazio Orokorrari zuzendu zaizkio. 2019. urtearekin alderatuta, 9 kexa gehiago jaso ditu EAEko Administrazio Orokorrak.
  • Foru aldundien kontra aurkeztutako kexen kasuan ere, 2020an 2019an zehar baino kexa gehiago jaso dira, 2 gehiago, hain zuzen ere. Igoera hau Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundian gauzatu da: Arabako Foru Aldundian kexak 2019an bakarra izatetik, 2020an 4 izatera, eta Bizkaiko Foru Aldundian 2019an 3 izatetik, 5 izatera pasatu baitira. Gipuzkoako Foru Aldundian, ordea, 3 izatetik, kexarik ez izatera pasatu da.
  • Lurralde historiko guztietako toki administrazioei dagokienez, 2020an zehar jaso diren kexen kopurua igo egin da 2019koen aldean, 39 izatetik 52 izatera pasatu baitira. Lurralde historikoen arabera aztertuz gero, Arabako toki administrazioek 10 kexa jaso dituzte, 2019an baino 7 kexa gehiago; Bizkaiko toki administrazioek 35 kexa jaso dituzte, aurreko urtean baino 7 gehiago; eta Gipuzkoakoetan 9 kexa jaso dira, bat gehiago aurrekoan baino.
  • Estatuko Administrazio Orokorrari eta haren menpeko erakundeei dagokienez, 2019an baino kexa bat gutxiago jaso da, 13 hain zuzen ere.
  • Bi kexatan urratzaileak administrazio bat baino gehiago izan dira, eta beste bi kexatan urratzaileak zenbait administrazioren menpekoak dira. 

Bestalde, 2020. urtean Elebidek tramitatu zituen 196 kexetatik 26 esparru pribatukoak dira, aurreko urtean baino 4 gutxiago. Esparru honetan, jarduera profesionalei lotutako erakunde eta enpresak daude, eta irabazi asmorik gabeko erakunde zein elkarteak. Urraketak honako arlo hauetan gertatu dira:

  • Zerbitzu unibertsaletan eta interes orokorreko zerbitzuetan.
  • Finantza eta aseguruetan.
  • Merkataritzan.
  • Osasungintzan.
  • Kultura eta aisialdian. 

COVID-19a 

2020an Elebiden jasotako intzidentzia guztietatik % 20,6 (44 intzidentzia) COVID-19ak eragindako larrialdi egoerarekin dute zerikusia. Horietatik 43 kexak izan dira, eta bakarra iradokizuna. Aipatzekoa da intzidentzia horiek guztiak aurkezteko herritarrek euskara aukeratu dutela eta intzidentzia guztietan urratutako hizkuntza ere euskara izan dela. COVID-19arekin lotutako kexen % 93 (40 kexa) esparru publikoan gertatutako eskubide urratzeak dira, eta % 7 (3 kexa) esparru pribatuari dagozkio. Kexa kopuru handiena, 21, hizkuntza-paisaiarekin loturiko kexak izan dira, gehien bat COVID-19ari buruzko kartelen ingurukoak.

Kexak aurkezteko bideak

Elebiden jasotako intzidentzien % 95,5 bide telematikoen bitartez jaso dira, % 85,8 webgunearen bidez eta % 9,7 posta elektronikoaren bidez.

Bestalde, 2020. urtean zehar izapidetzeko aztertu diren intzidentzien %96tan herritarrek euskara erabili dute Elebiderekin harremanetan jartzeko eta beste % 4tan gaztelania. Oro har, bat etorri da intzidentzia aurkezteko hizkuntza ustez lege urraketa gertatu den hizkuntzarekin.

Generoari dagokionez, 2020. urtean Elebide zerbitzura zuzendu diren intzidentzien % 60,4 gizonezkoek aurkeztu dituzte eta % 31,1 emakumezkoek. Gainerako intzidentziak  erakunde publikoek zein pribatuek aurkeztu dituzte. 

Intzidentzien emaitzak

2020an zehar izapidetutako 196 kexen % 94,7k (162) irtenbide egokia izan du, hau da, herritarra ados egon da erreklamatutako entitateak emandako erantzunarekin. Bestalde 27k ez du izan irtenbiderik entitate erreklamatuak ez duelako erantzunik eman eta 7 kasutan herritarrak ez du onartu erreklamatutako entitateak emandako erantzuna.

Elebidek 15 urte

Elebide-Hizkuntza Eskubidek Bermatzeko Zerbitzua 2006.urtean sortu zen, beraz, 15 urte beteko ditu 2021. urte honetan. Urte guzti hauetan aldakorra izan da Elebiden erregistratutako intzidentzien kopurua:

URTEA

INTZIDENTZIA-KOPURUA

2007

248

2008

310

2009

225

2010

297

2011

296

2012

340

2013

359

2014

412

2015

789

2016

576

2017

346

2018

245

2019

194

2020

246

Bere hastapenetik hiru dira Elebideren berezko eginkizunak:

  1. Hizkuntza eskubidek sustatu eta bermatzea
  2. Berme hori eraginkorra izan dadin prozedura bat ezartzea
  3. Konponbideak ezartzeko ardura duten administrazioekin eta erakundeekin lankidetzan jardutea

Hala ere, Elebideren azken xedea salaketa sistematikotik konponbideak bilatu eta aplikatzera igarotzea da.