Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 777,4 M euroko aurrekontua aktibatu du, ekonomiaren suspertze eraldatzaile, inklusibo eta jasangarriaren zerbitzura

2021-11-03

  • Aurrekontua % 18,8 igo da, lau ardatz hauetan oinarrituta: suspertze ekonomikoa bultzatzea; klima-aldaketaren aurkako ekintza biziagotzea; proiektu eraldatzaileak areagotzea; eta behar handiko udalerri eta eskualdeetan jarduketak ugaritzea.
  • EGJIS eta sozietate publikoak 579 M bideratuko dituzte ETEentzako laguntzetara. Garapen industrialean % 32ko igoera eta I+G+b eta eraldaketa digitaleko politiketan % 13koa.
  • Energia- eta klima-trantsiziorako 2022ko jarduketa- eta inbertsio-planak 304,3 M euroko zenbatekoa du.
  • Behar handiko udalerri eta eskualdeetan arreta berezia jartzen zaie kontu hauetan, haientzat 84,9 milioi zuzendu baitira.
  • Nazioartekotzeari dagokionez, 2021 honen amaieran Tokion merkataritza-bulego berria eratu eta 2022an inauguratuko da. Urte horretan, bulegoak Seulen (Korea) eta Turkian ere irekiko ditu ateak. Hiru bulego berri horiek 1,5 M euroko aurrekontua beharko dute.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Sailaren 2022rako aurrekontua aurkeztu du gaur. Aurrekontuak % 18,8 egin du gora, 777,4 M eurora iritsi arte. Aurrekontu-partidak lau ardatz hauen inguruan aktibatuko dira: Suspertze ekonomikoa bultzatzea, enpresa txiki eta ertainei lagunduta; klima-aldaketaren aurkako ekintza biziagotzea, aurrea hartzeko, arintzeko, egokitzeko eta ekiteko jarduketen bidez; hirugarrenik, proiektu eraldatzaileak garatzen laguntzea, Euskal Autonomia Erkidegoa etorkizuneko agertoki batean kokatuko duten proiektuak; eta, azkenik, ez daude ahaztuta behar handiko udalerri eta eskualdeak, laguntza espezifikoak jasoko baitituzte.

Tapiak gogorarazi duenez, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren eginkizuna da “enplegua sortzen duen suspertze ekonomikoa bizkortzea, eraldaketa digitala, energetiko-klimatikoa eta soziosanitarioa produkzio-egituraren lehiakortasuna indartzeko aukera gisa hartuta, eta ingurumen-irizpideak politika sektorial guztietan txertatuta”. Sailburuaren ustez, horrela jokatzeak ez du baldintzatzaile bat izan behar, balioa sortzeko lehia-faktore bat baizik.

EGJIS Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren 2022ko aurrekontuaren zatirik handiena bideratuta dago Euskal Autonomia Erkidegoan lehiakortasuna hobetzera eta enplegua sortzera.

Era berean, esan dezakegu aurrekontu osoak zuzenean edo zeharka eragiten diola energia- eta klima-erronkari.

Zuzendaritza eta sozietate publiko bakoitza berorren baliabideak kudeatzearen arduraduna bada ere, EGJISen lau sailburuordetzek (Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala; Industria; Ingurumen Jasangarritasuna; eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politika) eta horiei dagozkien erakunde publikoek egiten duten lana bat dator zeharka lantzen diren lau ekintza-ildo nagusiekin: 

  • ETE-entzako 2022rako Laguntza Plana.
  • Energia- eta klima-trantsiziorako inbertsio eta ekintzen plana.
  • Proiektu estrategikoak.
  • Jarduketak udalerri eta eskualdeetan, behar handiko eremuetan arreta berezia jarrita.

 

  1. SUSPERTZE EKONOMIKOA BULTZATZEA

Horretarako, 2022rako ETE-entzako Laguntza Plan bat aktibatuko dugu berriro. Garapen industrialera, oro har, 579 M bideratuko dira (% 32eko gehikuntza). I+G+b eta eraldaketa digitaleko politiketan % 13koa da hazkundea. 2021ean, enpresa txiki eta ertainentzako Laguntza Plan bat ezarri dugu, eta 65 programa izan ditu guztira. Balantze-dokumentu bat egiten ari gara lortutako emaitzekin eta sortutako enpresa, proiektu eta enplegu kopuruarekin. Hain zuzen, edizio honen bereizgarri izan da ekimen pribatuaren aldetik inoiz baino erantzun biziagoa eman izana dibertsifikatzeko eta modernizatzeko inbertsio eta proiektu berriei ekiteko.

2022rako laguntza-plana zehatz-mehatz itxita egongo da behin aurrekontua onartuta. Dena den, laguntza-esparruak (gehienak dirulaguntza moduan) honako hauek izango dira:

  • I+G+b proiektuetarako inbertsioak.
  • Eraldaketa digitala.
  • Industria-garapena.
  • Enpresak nazioartekotzea.
  • Energia-eraldaketa, energia-efizientzian, energia berriztagarrietan eta autokontsumo-proiektuetan oinarrituta.
  • Lehen sektoreko jarduerarako laguntzak, horiek ere modernizazioa eta digitalizazioa oinarri hartuta eta berrikuntza-ekimenekin.
  • Elikagaien industria.
  • Ekonomia zirkularrerako, bioekonomiarako eta ingurumenerako laguntzak.
  • Eta ingurumen-proiektuetarako laguntzak.

 

  1. KLIMA-ALDAKETAREN AURKAKO EKINTZA BIZIAGOTZEA

Aurrea hartzeko, arintzeko, egokitzeko eta ekiteko jarduketak biltzen ditu. Horretarako, finantzaketa behar da argi eta garbi, baita erakundeen arteko maila anitzeko koordinazio handiena eta lankidetza publiko-pribatua ere.

Aurrekontu osoak bere gain hartzen du konpromiso hori, bai zuzenean, bai zeharka. Hala ere, energia- eta klima-trantsiziorako 2022rako jarduera- eta inbertsio-plan bat dugu, 304,3 M eurokoa:

  • Saneamendua, arazketa, ekosistema urtarrak, uholde-arriskua
  • Ekonomia zirkularra eta bioekonomia
  • Hondakinen kudeaketa
  • Lurzoruak deskontaminatzeko funtsa
  • Babes-dikeak eta portuetako jarduketa.
  • Naturaguneen eta biodibertsitatearen babesa
  • Energia-proiektuetan parte hartzea
  • Laguntza-programak

 * Atxikita inbertsioen xehetasunak

 

  1. PROIEKTU ESTRATEGIKOAK ETA/EDO EKIMEN BERRITZAILEAK

Bat datoz eraldaketa digital, energetiko-klimatiko eta soziosanitarioekin. Eraldatzeko gaitasuna duten proiektuak, Euskal Autonomia Erkidegoa etorkizuneko agertoki batean kokatuko dutenak. XXI. mendearen erdialdeko gizartea izango denerako beharrezkoak diren proiektuak: 

  • Sortu zenetik Teknologia Parkeen Sarean inoiz egin den inbertsiorik handiena egingo da. 126 milioi euro sarea hedatzeko apusturako: 5 eraikin berri egingo dira, eta dauden 40 eraikinak mantendu eta ikuspegi energetikotik zainduko dira.
  • Proiektu Estrategikoen Zuzendaritzan 21 milioi euroko partida erreserbatzen da (2022/23/24) estrategikotzat jotzen diren eta hasierako bultzada behar duten proiektuak sustatzeko beharrei erantzuteko. Laguntza-tresna bat kapitalera bideratutako finantza-tresnetatik kanpo jardun ahal izateko.
  • Next funtsetatik datozen 58,1 M erabiliko ditu Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) energia-eraginkortasuna hobetuz fatxadak birgaitzeko. Berrikuntza gisa, 000 biztanletik beherako udalerrietan fatxadak birgaitzeko 1,5 M euroko beste deialdi bat egin da.
  • Nazioartekotzeari dagokionez, 2021 honen amaieran Tokion merkataritza-bulego berria eratu eta 2022an inauguratuko da. Urte horretan, bulegoak Seulen (Korea) eta Turkian ere irekiko ditu ateak. Hiru bulego berri horiek 1,5 M euroko aurrekontua beharko dute.
  • Energy Intelligence Centerrentzat, Ezkerraldean 7,2 M ekarpen berria
  • Lehiatu BERRIA inbertsioak laguntzeko programa 19,5 M €-raino hazi da, nekazaritzako elikagaien enpresen lehiakortasuna handitzeko.
  • Mutrikuko portuko kanpoko babes-dikearen obra,15M
  • Biodibertsitatea. Ingurumen-lehengoratzeetarako jarduketa nabarme-nak, bai Urdaibai Biosfera Erreserban eta Txingudiko Plan Zuzentzailea, 2,8 M euro.
  • Garapen iraunkorra eta tokiko berrikuntza sustatzen duten udalentzako diru-laguntzak, 3,7 M.

 

  1. BEHAR HANDIKO UDALERRI ETA ESKUALDEAK

Industria- eta ingurumen-jarduerak hedatzen ditugu, lehentasunezko jarduketako eremu ahuletarako inbertsioei lehentasuna emanez.

Ezkerraldea-Meatzaldea, Enkarterri eta Oarsoaldea eskualdeetan eta Aiaraldean eragin zuzena izatea da helburua. Aparteko inbertsio-plan horri gehitu behar zaio aipatutako eremu kaltetuak modu positiboan bereizten dituen industria-programa, INDARTU programa, 2022an 20M euroko zenbatekoarekin jaulkiko dena.

Atal honek, oro har, 84.9 Mko laguntzak izango ditu, Ezkerraldeko Teknologia Parkea eraikitzeko, kutsatutako lurzoruak leheneratzeko, landa-eremuetan banda zabala hedatzeko, industria-eremuak berroneratzeko, eta bioekonomia sustatzeko.

Aurrekontuaren zifra nagusiak: 

Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala                      273.796.028 €

Industria                                                                                    202.556.436 €

Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politika                           189.752.084 €

Ingurumenaren jasangarritasuna                                                89.217.898 €

*Zerbitzu orokorrak eta kabinetea 777,4Mak osatu arte

Ondorio gisa, Tapia sailburuak gogorarazi du duela urtebete EGJISek bere aurrekontuaren zati handi bat bideratu zuela bai suspertze ekonomikora, lehiakortasuna hobetzera eta enplegua sortzera —garai hartan oraindik pandemian erabat murgildurik—, baita energia-trantsizioan laguntzeko ekintzak bizkortzera eta klima-aldaketaren fenomenoari erantzuteko ekintzak areagotzera ere.

Urtebete geroago, “lan-ildo bikoitz horrekin dugun konpromisoari berriro ekin diogu, are gehiago kontuan hartuta ezinbestekoa dela bi estrategiak —industriala eta energetikoa/klimatikoa— elkarren eskutik joatea, horrela bakarrik lortuko baitugu helburu dugun garapen-eredu inklusiboa eta jasangarria”.

Politika horiek modu koordinatuan hartu eta ezarri behar dira. Euskal Autonomia Erkidegoan (eta munduan) energiaren eta klimaren ikuspegitik prest jartzeko inbertsio izugarriak behar dira, eta teknologian, berrikuntzan eta digitalizazioan punta-puntako industria-politika batekin soilik lortuko dugu hori. Aurrekontu honek biziki eta lehentasunez zaintzen ditu alderdi horiek, azken urteotan egindakoaren ildotik.