Segurtasun Saila

Konpartitu

Bizkaiko Batzar Nagusiek 4/2021 Foru Araua onartu dute, Erakunde Lokal Txikietako auzo-alkateen hautaketari buruzkoa

Argitalpen-data: 

Joan den urriaren 25ean Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu da 4/2021 Foru Araua, Lurralde Historiko horren erakunde lokal txikietako auzo-alkateen hautaketari buruzkoa. Gaur egun Belandia, Lendoñogoiti/Lendoño de Arriba, Lendoñobeiti/Lendoño de Abajo eta Mendeika dira eta ondorio horietarako erakunde lokal txiki bakoitza izango da hauteskunde-barrutia.

Auzotarrek aukeratuko dute, zuzenean, auzo-alkate horiek, eta, horretarako, gehiengoko hauteskunde-sistema bat erabiliko da, sufragio unibertsal aske, berdin, zuzeneko eta isilpekoa baliatuko duena.

Hautesleak izango dira erakunde lokal txikian bizi eta udal-hauteskundeetan sufragio aktiboko eskubidea duten pertsona guztiak. Honelaxe, ezinbestekoa izango da indarreko hautesle-erroldan inskribatuta egotea. Bestalde, hautagarriak izango dira hautesleak ezintasun- eta bateraezintasun-kausatan izan ezean.

Alderdi politikoek, federazioek, koalizioek eta hautesle-elkarteek proposatu ahal izango dituzte hautagai-zerrendak. Hautagairik aurkezten ez bada, hautagarriak izango dira aurreko paragrafoan aipatutakoak. Bai hautagai-zerrendak, bai hautagaien eza BAOn argitaratuko dira.

Auzo-alkateen agintaldia lau urtekoa izango da eta aldi berean egingo dira auzo-alkateen hautaketa, udal-hauteskundeetako zinegotziena eta Batzar Nagusietarako hauteskundeetako ahaldunena, hautestontzi ezberdinak erabiliz. Hautagai-zerrendak ez izatekotan, hautesle bakoitzak idatziko ditu proposatzen duen hautagarriaren izen-abizenak beren-beregi prestatutako boto-paper batean.