Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Basque Culinary Center, HAZIk eta euskal gastronomiaren agente nagusiek "Mantala Basque Gastronomy" aurkeztu dute

MANTALA.jpg

2021-10-26

Euskal gastronomia sustatu eta garatzeko ekimen berria da, ezagutzaren trukea sustatzearen bidez

Mantala Basque Gastronomy ekimenaren xedea da euskal gastronomia sustatu eta garatzea, ezagutzaren trukea eta elkarrekiko sormena sustatuz. Basque Culinary Centerrek eta HAZIk bultzatuta, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sustatutako Euskadiko Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoaren (PEGA) esparruan, Mantala edukien plataformak eragile publiko eta pribatuen sare batekin lankidetzan eraiki da: Gastronomiaren Euskal Akademia, Fecoga, eta Jakitea, besteak beste.

Gaur inoiz baino gehiago funtsezkoa da euskal gastronomiaren kokapena indartzen jarraitzea mundu-mailan. Mantala espazio gisa planteatzen da, non ezagutza, ikerketa eta lankidetza gastronomikoan oinarritutako hainbat edukik eta proiektuk bat egiten duten.

Ekimenak euskal gastronomiaren identitatearen balio nagusien garapena eta entzutea sustatzen du, modu dinamikoan eta etorkizunerako ikuspegiarekin, kalitatezko eduki digitalak hedatu eta agerian jarriz webgune batean (www.mantala.eus - profil sozialekin lotuta), baita hainbat ekitaldirekin ere.

Gainera, Mantala hainbat proiektu zentraletan oinarrituko da, komunikazio-ardatz nagusia indartuko dutenak. Pertsonak, egiten jakiteari, ezagutzari eta euskal gastronomiarekin lotutako bizipen pertsonalei dedikatutako espazioa, figura eta istorio inspiratzaile eta funtsezkoen bidez; Mapa gastronomikoa, Euskadi osoko tokiko prestaketa eta produktuen erregistro eta katalogaziora bideratutako proiektua, zeinaren helburua den eduki berriak sortzea eta ezagutzaren transmisioa bermatzea; Euskal Gastronomiaren topaketa, sektorearen indartzea izango du xede nagusi hausnarketaren eta etorkizuneko gakoak hautematearen bidez, eta, horretarako, euskal sektore gastronomikoa osatzen duten profesionalen arteko elkarrizketa sustatuko du; eta Gastro Gaztea, euskal gastronomiako talentu handiko gazteak bilduko dituzten afariak izango dira.

Mantalako aktore arduradunek Gastro Gaztearen lehen afaria aprobetxatu dute proiektua elkarrekin aurkezteko. Aurkezpenean izan dira Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea, Peli Manterola, HAZIko zuzendari nagusia eta Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Centerreko zuzendaria. Gainera, ekimenean parte hartu duten gainerako eragileen ordezkariak ere izan dira: Rafa Gorrotxategi, Jakitea-ko lehendakariordea, M. Mar Churruca, Euskal Gastronomia Akademiako presidentea, eta Juan Manuel Garmendia, FECOGAko presidentea.

Tabakalerako LABe Restaurant-en eskaini den Gastro Gaztea-afariak, esparru ezin hobea ekarri du Mantala aurkezteko. Euskal gastronomiaren barruan mugimendu gazte eta dinamiko bat dago, ekintzailetzan, laguntasunean, jasangarritasunean eta tokiko produktuaren balioan oinarritzen dena. Testuinguru horretan, hainbat ekintza gastronomiko jarri dira abian, funtsezko zutabe horiei balioa emateko, eta plater ezberdinen bidez, sasoiko produktua eta sukaldaritzako teknika tradizionalen garrantzia lantzeko. 6 eskutara burutu den lehen afarian, eskualde bakoitzeko jatetxe banako sukaldariek hartu dute parte: Garena Jatetxea (Bizkaia), Kromatikoa Jatetxea (Araba) eta Ama Taberna (Gipuzkoa). Afarian erabilitako edariak, txakolina, sagardoa eta ardoa, Basque Wine-ek eskaini ditu - promozio marka horrek kalitatezko kalitatezko marka eta jatorri ezaguna duten Euskadiko edariak onartzen ditu.

Informazio gehiagorako: www.mantala.eus