Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Arreta eta Osasunaren Sustapena, Biztanleria Zaurgarrian

Argitalpen-data: 

Koordinazio Soziosanitarioko Taldea.

Artxibo-irudia

Artxibo-irudia

Andaluziako Osasun Zerbitzuaren Andaluziako Zainketa Estrategiaren Zuzendaritzak ikerketa bat argitaratu du, Almeriako Unibertsitatearekin eta Erizaintza Familiar eta Komunitarioaren Andaluziako Elkartearekin batera, biztanleria zaurgarrien autozaintza eta zaintza komunitarioa sustatzeko.

Zaurgarritasun kontzeptuak esan nahi du handiagoa dela subjektu batek lesio edo min fisiko edo morala izateko duen probabilitatea. Definizio hori banakoari aplika dakioke (norbere zirkunstantziengatik edo faktore genetikoengatik kalteberago delako) edo, modu kolektiboan, biztanleria bati edo biztanle-sektore bati eragiten badio. Oraingoan, zaurgarritasuna faktore sozial, inguruneko edo kulturalekin lotzen da, komunitate bati eragin eta haren ongizatea mugatzen duen heinean.

Biztanleria jakin batzuetan, zaurgarritasunaren eta osasunaren arteko loturak esan nahi du biztanleria horrek 'beste batek baino errazago garatzen dituela osasun arazoak, arriskuaren eraginpean dagoelako, edota gaixoberak direla, egoera fisiko, psikologiko edo sozial ahula duelako' eta, ondorioz, gaixotasunen prebalentzia eta heriotza-tasa handiak izaten dira.

Hainbat arrisku-faktoreren elkarreraginagatik zaurgarritasun-egoerek erasan dieten biztanleria-taldeak identifikatu dira txostenean. Arrisku-biztanleriaren edota zaurgarrien taldeen artean hauek aipatzen dira: gazte-gazterik ama izaten diren emakumeak (adingabeak), gaixotasun kronikoak dituztenak edota desgaitasun-mailaren bat dutenak, tratu txar eta/edo abusuen biktima izan direnak (bereziki haurrak, adinekoak eta emakumeak), gaixotasun mentala dutenak, substantzia toxikoen kontsumitzaileak, etxerik gabeak eta/edo pobrezia-egoeran daudenak eta etorkinak eta errefuxiatuak, besteak beste.

Lehen mailako Arretaren ikuspegitik, Riquelme-Heras eta beste autore batzuek hainbat pertsona identifikatu zituzten, paziente zaurgarritzat hartu daitezkeenak, osasun-ingurunearekin duten interakzioagatik eta haien osasun-egoeragatik. Horien artean aipatzen dira: osasun-zerbitzuetara sarri-sarri joaten direnak, historia klinikoan osasun-diagnostiko bi edo gehiago dituztenak edota diagnostiko ez-zehatzak edo ez-ohikoak dituztenak, osasun mentaleko pazienteak edota mendekotasun edo desgaitasundunen zaintzaileak, besteak beste.

Erronka horiei erantzuteko, ezinbestekoa da osasunaren determinatzaile sozialak kontuan hartuko dituen ikuspegia izatea, biztanleria zaurgarriaren beharrei modu kolektiboan erantzungo diona. Ildo horretatik, eredu komunitarioa eta, bereziki, lehen mailako arretako erizaintza lirateke funtsezko piezak osasunaren zainketako eta sustapeneko estrategiak eskaintzeko, ezinbestekoak, hain zuzen, kolektibo zaurgarriekin eskuhartzeko.

Planteamendu horrekin, erizaintzak funtsezko rola hartzen du, arrisku-taldeen edo zaurgarrien zainketa-prozesuaren eragile aktibo izanda; bereziki nabarmentzekoa da erizain kasu-kudeatzailea, ziurtatu beharko baitu dauden baliabideak erabiltzen direla, zaurgarritasun-egoeran daudenen beharrei eraginkortasunez erantzuteko.

Erizainen rola zainketak eta baliabideak ematean datza batez ere, eta osasuna sustatzean ere bai, betiere pertsonek euren osasuna gehiago kontrolatu eta hobetzeko duten gaitze-prozesu gisa hartuta. Biztanleriaren osasuna sustatzeko lanabesak emateak asko laguntzen du pazienteek eboluzio ona izan dezaten (ospitaleratzeak murriztuta eta mendekotasun-egoerak beranduago agertuta), baina, horretaz gain, nabarmen eragiten du osasun-mailan dagoen ekitate-eza murrizten ere.

Zaintza eta autozaintzako prozesuan trebatzeak aukera ematen du pertsona eta paziente zaurgarriak euren osasunaren arduradun aktibo bihurtzeko, eta gai izango dira gaixotasuna autokudeatzeko eta beren osasunaren gaineko erabakiak hartzeko. Esparru horretan, paziente zaurgarrien ahalduntzea elementu zentrala da, osasunaren zainketarako ahalduntzea sustatzeko ere, banakoaren osasuna izan, nahiz komunitate milakoa izan.

Andaluziako Osasun Planaren esparruan zehazturiko dimentsio zentraletako beste bat etxean ematen den arreta eta zaintzarena da. Azterlanean adierazi bezala, etxean lor dezakegu 'ekintzak egoki planifikatzeko behar dugun informazio garrantzitsu guztia, ekintzak banaka egiteko nahiz taldean egiteko izan'.

Andaluziako Osasun Zerbitzuak hainbat paziente eta familia identifikatu ditu, etxean zaurgarritasun-egoerak bizi ditzaketenak, dela beren osasun-egoeragatik, dela berezko ezaugarriengatik. Aipatu behar da ospitaleko altaren prozesuan egiten dela identifikazio hori, hots, ospitale-ingurunetik norbere etxera igarotzean. Besteak beste, hauek aipatzen dira: narriatze motorra (mugikortasun fisikoa) duten pazienteak, presio-ultzerak, baskularrak edo zauriak dituzten pazienteak, beren gaixotasunaz informazio gutxi daukatenak edota hura maneiatzeko zailtasunak dituztenak, bakarrik edota gizartetik bakartuta daudenak, laguntzarik ez duten pazienteak, edo gainkarga duten zaintzaileak.

Paziente zaurgarriaren etxean zainketak emateko, osoko balorazioa egiten da, Virginia Hendersonen beharren eredua edota Marjory Gordonen patroi funtzionalak erabilita, edota pertsonaren autonomia-maila baloratzen laguntzen duen beste eskala batzuk. Bisitaren ondoren, pazientearen historia klinikoan gordeko dira jasotzen diren datuak, hura zaintzen aritzen diren profesional guztiek informazioa izan dezaten.

Amaitzeko, txostenak kapitulu batzuk eskaintzen ditu, identifikatu diren hainbat kolektibo zaurgarriez, eta haiek artatzeko eta zaintzeko garrantzitsuak diren gaiak zehazten dira.

Txosten osoa kontsultatu nahi baduzu, joan link honetara: Documento de Consenso de 'Promoción de Salud y vulnerabilidad en el ámbito domiciliario' (leiho berri batean irekitzen da)(Universidad de Almería (leiho berri batean irekitzen da)y Asociación de Enfermería Familiar y Comunitaria, ASANEC, 2021) (leiho berri batean irekitzen da).