Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

2021. urterako, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak honako honen deialdia berriz ere egingo du: ?Natura-ondarearen kontserbazioari buruzko ezagutza sortzeko proiektuak egiten dituzten elkarte, erakunde pribatu, boluntariotza-erakunde eta fundazioentzako dirulaguntzak".

Argitalpen-data: 

2020. urteko deialdia bertan behera geratu ondoren, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzak natura-ondarearen kontserbazioari buruzko ezagutza sortzeko proiektuak egiten dituzten elkarte, erakunde pribatu, boluntariotza-erakunde eta fundazioentzako dirulaguntzen deialdia berriz ere egingo du. Deialdi hori ekainaren 15eko EHAAn argitaratuko da. Norgehiagoka-modalitateko dirulaguntzen programa hori 2002an hasi zen, eta haren helburuak dira, batetik, natura-ondareari buruzko ezagutza garrantzitsua hobetzea, eta, bestetik, elkarte-sarea eta enpresen jarduera sustatzea natura-ondarearen kontserbazioaren esparruan.

Proiektuak Natura 2000 Sarearen gaiei buruzkoak izan beharko dira: habitat naturalak eta erdi-naturalak, arriskuan dauden basaflora eta basafaunako espezieak edo natura-ondareko beste elementu batzuk. Natura-ondareko elementu garrantzitsuenei, kontserbazio-egoera txarragoei edo oso ezagutza mugatua dutenei buruzko datuak lortzeari eta ezagutza hobetzeari lehentasuna ematen saiatuz beti. Eskabideak ekainaren 16tik uztailaren 27ra bitartean aurkeztu ahal izango dira. Elkarte, erakunde pribatu, boluntariotza-erakunde eta fundazioek jaso ahal izango dituzte dirulaguntzak, baldin eta haien helburua natura edo natura-ondarea babestea edo aztertzea bada, edo natura-ondareari dagokionez ibilbide egiaztatua badute.

Aurten aurkeztuko diren berrikuntzen artean, honako hauek nabarmentzen dira: alde batetik, dirulaguntzen programaren aurrekontu-zuzkidura handitu egin da, ehun eta laurogei mila eurotan (180.000 €), eta, bestetik, proiektuaren memoria egitean "Biodibertsitateari buruzko ezagutza sortzeko proiektuak diseinatzeko gida" aplikatuko da, baita egiaztapen-zerrenda ere, Interreg Europa BID-REX proiektuaren barruan egindakoak. Tresna horren erabilera betetzea, dirulaguntza programan parte hartzen duten proposamenen kalitate teknikoaren barruan baloratuko da.