Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

2017tik, garapen jasangarrirako eta dibertsifikazio ekonomikorako 120 proiektu inguru diruz lagundu ditu Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako kostaldean

20210617-OROZ-TXIKITASUNETIK-111.jpg

2021-06-17

  • Itsasgarapen eta Itsaspen programen bidez, 4.350.000 euro inguru inbertitu dira Gipuzkoan, aurreikusitako 9.100.000 eurotik gorako inbertsioak egiteko.
  • Euskadin, Itsasgarapen programaren esparruan, 308 proiektu garatu dira eta guztira 9.000.000 eurotik gorako laguntzak eman dira guztira.

Sopak enpresaren instalazioak, Manuelak II itsasontzia, Elkano Ondareak, Aitamari Jatetxea, Surfing Zumaia, Mutiozabal Ontziola eta Mara Moda denda dira, besteak beste, Itsasertzaren Garapenerako Itsasgarapen eta Itsaspen programen bidez Gipuzkoako kostaldean, arrantzarekiko mendekotasun handia duten eremuan, enpresen dibertsifikaziorako eta garapenerako Eusko Jaurlaritzak sustatu dituen ia 120 proiektuetako batzuk.

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Orozek, Landaren, Itsasertzaren eta Europar Politiken Garapeneko zuzendari Jone Fernandez eta Arrantza eta Akuikulturako zuzendari Leandro Azkue ondoan zituela, itsasertzaren garapenerako egiten ari diren hainbat proiektu bisitatu ditu. Bisitan, horiekin batera egon dira Itsas Garapen Elkartea izeneko Tokiko Ekintza Taldeko Aurelio Bilbao presidentea eta Miren Garmendia presidenteordea eta tokiko entitate eta erakundeetako ordezkariak. Bisitatutako proiektuek laguntza publikoak izan dituzte, eta beren helburua da arrantza sektorearen jarduera eta sektore horrekin lotura estua duten udalerrietakoa dibertsifikatzea.

Itsasgarapen programa

Programa hasi zenetik, guztira 444 proiektuk aurkeztu dute programarako eskaera Euskadi osoan (62 proiektu 2017an, 111 2018an, 135 2019an eta 136 2020an) eta horietatik 308 izan dira dirulaguntzaren onuradun (38 2017an, 78 2018an, 93 2019an eta 99 2020an). Guztira bederatzi milioi euro baino gehiagoren laguntzak izan dira.

Lurraldeka, Bizkaian 193 proiektu lagundu dira diruz orain arte, eta Gipuzkoan 115 guztira. Zehazki, Gipuzkoako kostaldean 3.975.000 euro eman dira laguntzetan, aurreikusitako 8.275.000 euroko inbertsioak egiteko.

Laster, 2021eko eskabideak aurkezteko epea irekiko da. Aurten, 2.240.000 euroren laguntzak onartuko dira guztira, eta programa horren barruan sustatzaile pribatuek arrantzale herrietan bultzatutako proiektuetarako izango dira, arrantza sektorearen beraren jarduera eta proiektua kokatuko den herrikoa dibertsifikatzeko.

Laguntzen onuradunak izan daitezke pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, edo mikro enpresa edo enpresa txiki eta ertainak direnak, bai eta agente sektorialak, hala nola arrantzaleen kofradiak eta beren federazioak, elkarte profesionalak eta ekoizleen erakundeak, besteak beste.

Tokiko Ekintza Taldea

Itsas Garapen Elkartea Arrantzako Tokiko Ekintza Taldea (ATET) arduratzen da laguntza horiek kudeatzeaz, tokiko garapen parte hartzailearen babespean (TGPE).

Euskal Autonomia Erkidegoan arrantza guneen garapen iraunkorra abian jartzeko, 2016an Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailak tokiko garapen parte hartzailerako estrategiak eta garapen horren ardura edukiko zuten arrantza sektoreko tokiko ekintza taldeak aukeratu zituen, deialdi publiko bidez.

Bermeo, Mundaka, Ondarroa, Getaria, Mutriku, Berriatua, Elantxobe, Orio, Hondarribia, Pasaia, Zumaia, Lekeitio, Lemoiz, Zierbena eta Santurtziko udalerrietan eta Donostiako arrantza portuan aplikatuko da estrategia hau.

Itsaspen programa

Programa horrek, berriz, Euskadiko itsasertzeko eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzak aurreikusten ditu, bai kostaldeko ekonomiarako eta biztanleriarako oinarrizko zerbitzuak ezartzeko laguntzak, bai kostaldeko ondarea kontserbatzeko eta hobetzeko laguntzak. Horien hartzaile izan daitezke bai administrazio publikoak, bai partikularrak edo enpresak. 2018az geroztik, programa honen bidez 370.000 euro baino gehiago eman dira Gipuzkoako itsasertzeko eremuan, 860.000 eurotik gorako inbertsioetarako.

Bisitatutako proiektuen gaineko datuak

Hauek dira gaur bisitatu diren proiektuak:

SOPAK (Getaria)

Proiektu honen talde sustatzaileak olagarroaren arrantzatik abiatuta bere jarduera dibertsifikatzeko beharra du abiapuntu, arrantza jarduera nagusiari errentagarritasun handiagoa emateko. Hainbat plater egiten dituzte zefalopodo hori oinarri hartuta, hala nola olagarro zopa tradizionala.

MANUELAK II (Getaria)

Proiektu hau bakarra da Gipuzkoan, Euskadiko barne uretan itsaski bilketan eta olagarro arrantzan espezializatuta dagoelako.  Proiektu honen helburua da antzinako jarduera horri eustea eta etorkizunari begira negozio lerroak zabaldu eta dibertsifikatzea, jatorrizko jarduera eta arrantza tradizionala turismoari eta aisialdiari lotutako jarduera berriekin osatuz.

ELKANOREN ONDAREA (Getaria)

Elkanoren Ondarea Getarian kokatuta dagoen proiektua da, eta bere asmoa da gamifikazioaren bitartez eta Juan Sebastian Elkanorekin eta itsasoarekin lotura duten gai batekin aisialdia, heziketa eta kultura bateratzea. Horretarako, proiektu honek elkarrekin lotura duten eta Getariako bi eremu ezberdinetan egingo diren 2 lerro bateratzen ditu:

  • Escape Room (ihes gela): Elkanoren Ondarea "escape room" bat da, Elkanoren figura eta itsasoaren erabat mende bizi diren marinelen eta beraien familien bizitza balioesteko diseinatua.
  • Ihes gela Romero-Etxabe-Asutarren jauregian dago, Getariako erdigunean, portura doazen kaleetatik jende gutxien ibiltzen den kaleetako batean; beraz, proiektuak eremu hori berraktibatuko du, eta udalerriaren garapena indartuko.

SURFING ZUMAIA (Zumaia)

Surfing Zumaia SLk garatutako proiektua da surflariak fisikoki zein tekniko prestatzeko zerbitzuak eskaintzea urte osoan zehar, lehiaketa mailan. Jarduera osatzeko, surf eskolak ematen zaizkie kirol hau aisialdi gisa praktikatu nahi duten turistei eta surfzaleei. Horretarako, etxabe komertzial bat erosi eta egokitu da Itzurun hondartzaren inguruan.

AITAMARI JATETXEA (Zumaia)

Establezimenduaren jarduera nagusia sukaldaritza da, baina taberna eta kafetegi zerbitzuak ere baditu, eta Euskadiko produktuak eta edariak sustatzen ditu, hala nola txakolina eta sagardoa.

Batez ere itsaski eta arrain fresko zein sasoikoetan espezializatuta dago, eta modu tradizionalean prestatzen ditu, bai labean, bai parrillan. Bereziki aipatu behar da zumaiar gastronomiako produktu izarra den olagarroa, bertako sukaldaritzan egiten diren aldaera guztietan eskaintzen baita.

MARA MODA (Orio)

Proiektu hau abian jarriz, Naiara Uranga Azkarate sustatzailea arrantza sektorea dibertsifikatzen laguntzen ari da. Orioko arrantza ontzi bateko armadore baten alaba da, eta berarentzat bereziki pozgarria da udalerrian jarduera berri bat garatzea eta jarduera horrekin herritarrei zerbitzu gehiago eman ahal izatea eta inguruan hazkunde ekonomikoa lortzen eta enplegua sortzen laguntzea. Emakumeentzako jantziak eta osagarriak txikizka saltzen dituen establezimendu komertzial bat da. Batez ere, neurriko handiko jantziak saltzera bideratuta dago, negozio lerro horretan esperientzia baitu aurretik.

MUTIOZABAL ONTZIOLA (Orio) – ITSASPEN laguntza

Orioko Udala da sustatzailea (Kultura eta ondare historikoa), eta proiektua da antzinako ontziola bat berreskuratzea eta kultur prestakuntzarako erabilera anitzeko gune gisa erabiltzea. Horretarako, "Albaola"-rekin batera lanean ari dira, bisitak eta tailerrak antolatzeko.