Agurtzane Aizpuru: «Imanol Urbietak egindako lanari hedapena eta jarraipena emateko ardura dugu»

  • Agurtzane Aizpuru: «Imanol Urbietak egindako lanari hedapena eta jarraipena emateko ardura dugu»

(Ezkerretik eskuinera: Irune Urbieta Zarauzko Kultura zinegotzia, Kontxi Aizarna Imanol Urbietaren alarguna, Itziar Perez de Ziriza Imanol Urbieta Bekaren irabazlea eta Agurtzane Aizpuru udaleko Kultura teknikaria. ARGAZKIA: Zarauzko Udala).

 

Imanol Urbietaren lanak belaunaldi bat baino gehiago lagundu du txikitatik, euskal familien soinu-banda izan da eta euskara berea ez zutenentzat, hizkuntzara hurbiltzeko bidea. Ildo honetan, euskal hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa bermatzeko egin zuen lana lehen mailakoa da, eta Zarauzko (egilearen jaioterria) Udalak, bere izena daraman beka deitu zuen iaz, egilearen ekarpena nabarmentzeko asmoz. Agurtzane Aizpurua udaleko kultura arduradunarekin hitz egin dugu ekimen honen inguruan.


Imanol Urbietak Euskal Herri osoan utzitako ondarea eztabaidaezina da. Zer suposatu du zehazki Zarauzko herriarentzat?  

Zarauzko herriarentzat Imanol Urbieta bertako seme izatea oso garrantzitsua da, ohore bat esango nuke.

Esan bezala, Imanol Urbietak egindako lana euskal kulturarentzat eta euskal musikarentzat eztabaidaezina da: zenbat euskal abesti sortu zituen, nolako lana egin zuen euskal kantak sortu eta haien bidez giza baloreak transmititzen. Eta hark egindako lanari hedapena eta jarraipena emateko ardura ere ekartzen dio herriari Imanol bertakoa izateak.

Imanol Urbieta du izena herriko musika eskolak, eta beste hainbat ekimen egin dira herriak zor dion aitortza hori emateko.

Baina, batez ere, hark egindako lanak jarraipena izatea nahi luke Zarauzko Udalak, musika zaletasuna eta euskal kanten transmisioa bermatzeko.


Ildo honetara, zein helbururekin jarri zenuten martxan beka hau?

Imanol Urbieta hil ondoren, material asko zeukan familiak eta Zarauzko Udalarekin harremanetan jarri ziren material horrekin zer egin zitekeen aztertzeko.

Bekaren formula hobetsi zen eta helburua material hori digitalizatu, katalogatu eta ondarea zabaltzea izan da.


Urrian jakin genuen Itziar Perez de Zirizaren proiektua deialdiko irabazlea izan zela. Zeintzuk dira lan honen indar-guneak?

Itziar Perez de Zirizak proiektu borobila eta kalitate handikoa aurkeztu zuen epai-mahaiaren ustez.

Itziarrek errepertorioa sailkatzeaz gain errepertorio osoa digitalizatuko du, eta hari erabilpen pedagogiko bat egiteko oinarriak jarriko ditu. Gainera, etorkizunean proiektuak garatzeko proposamenak egin ditu: kantu bilatzailea, revival proiektu bat.

Kalitatezko musika haurrei transmititzea dago bere helburuen artean. Azken batean, kontuan izanda Imanol Urbietaren errepertorioak erabilera pedagogikoa izan behar duela, Itziarren proiektuak, ikasketak eta esperientziak oso ondo uztartzen dira bekaren helburuarekin, eta horiek dira bere indar-guneak.


Zerekin egiten ari da lan, zer funts mota daude familia-artxibo honetan?

Familiak ekarri duen materiala koadernoz betetako bi kaxa handi izan dira. Bertan partiturak daude, eskuz egindakoak, batez ere, eta Imanolen marrazkiekin eta testuekin ederturik horietako asko. Baina inolako katalogaziorik egin gabe zegoen eta, esan bezala, Itziarren lehen lana horiek digitalizatu eta partitura formatuan dagoena aztertzea izan da.

1.400 abesti ezberdin topatu ditu artxiboan, horietatik batzuk argitaratu gabeak, eta besteak, argitaratuak.


Deialdia 2020ko urtarrilean zabaldu zen, aurretik zetorren urtea imajinatu ere ezin genuenean. COVID-19ren krisiak eragin zuzena izan al du proiektu honetan?

Behin sariduna nor zen jakinarazi ondoren Itziarrek lanean aritzeko aukera izan du, eta COVID-19aren krisiak ez dio proiektu honi bereziki eragin.

Errepertorioaren azterketa, digitalizazioa eta sailkapena etxe barruko lanak dira, eta horietan jarduteko modua egon da.


Zer ekarpen egin dezake ekimen honek Urbietaren obraren transmisioa bermatzeko?

Ekarpen handia egin dezake, urrats bat gehiago eman nahi izan da obraren azterketan, eta ahalegin berezi bat egin nahi genuke ikerketa lan honen emaitzak jendearen eskura jartzen.

Errepertorio hau guztia baliagarria da ikastetxetako irakasle, musikaren pedagogian ikasle, musikako irakasle, musika eskola, eta orohar, euskal ahozko tradizioko kantutegi honetaz gozatu nahi duen edonorentzat.

 

(2021eko urtarrilaren 26an argitaratutako Berezia)