Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Zubieta kalean Topoaren lanen ondoan agertu den zuloa ekainaren 5eko gertakariarekin erlazionatuta egon daitekeela uste du ETSk

Argitalpen-data: 

Ernesto Martinez de Cabredo Euskal Trenbide Sareko Zuzendari Nagusiak gaur Donostian adierazi duenez, baliteke gaur goizean Zubieta kaleko topoaren obren ondoan agertu den zuloa ekainaren 5eko gertakariarekin erlazionatuta egotea.

ETSko eta Donostiako Udaleko teknikariak goizean goizetik ari dira bi metroko diametroa duen zuloa zergatik agertu den aztertzen, eta, ondorioz, kalea itxi behar izan dute ibilgailu mota guztientzat. Zuloa hormigoiz estali da dagoeneko.

Gaur egun, ekainetik, puntu horretatik hurbilen dagoen lineako tunelaren indusketa geldirik dago. Xabier Zubiri plazan Easoko geltokira sartzeko kanoia zulatzeko lanak ari dira egiten, zuloa agertu den noranzkoaren kontra.

Martinez de Cabredoren arabera, “Gertakari hau ekainaren 5ean Zubieta 8ko eraikinaren beheko aldean ireki zen zulotik metro gutxira gertatu da, eta horren ondorio dela uste dugu. Zain asko duen arroka da, ur asko sortzen du eta ur horrek, batzuetan, hondarra bera ere mugitzen du”.

“Egoera hori mortero-esnearen injekzioen bidez kontrolatzen ari gara, lurra sendotzeko eta trinkotzeko. Orduan, hondar mugimenduak izan ziren, eta, logikoa denez, horrek ondorioak izan ditzakete gerora, orain ikusi duguna bezalakoak, baina neutralizatzen ari gara”, gaineratu du ETSko zuzendari nagusiak.

Martinez de Cabredok esan duenez inguruko eraikinak auskultatuta daude une oro: “Mugimendu guztiak kontrolatzen ditugu, zimenduei eragin diezaiekeen guztia, eta ez da inolako eraginik izan".