Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Tapia: Nekazaritza-jarduera profesionalizatuago baten alde gaude; sektore honek ere laguntza osagarriak behar izango ditu, eta baliabide propioekin eta Europakoekin jarriko ditugu abian

Tapia_pac_1.jpg

2020.eko uztailak 23

  • 2021-2027 bosturtekoan nekazaritza-jarduerarako baliabideak banatzeko irizpideak zehaztuko dira gaur.
  • Nekazaritza Politika Bateratu (NPB) hori mugatuta dago baliabideetan, baina jarduera ekonomikoari lotuta dagoen jarduera profesionalizatuago bat lehenesten du
  • Eusko Jaurlaritzak gaur Madrilen egin den Konferentziaren xehetasun guztiak helaraziko dizkie nekazarien sindikatuei, datorren astean egingo duten bileran.

Euskadik Nekazaritza eta Landa Garapenaren Sektoreko Konferentzian parte hartu du, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak deituta, 2021-2027 bosturtekorako Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) Plan Estrategikoa lantzeko irizpideak eta Estatuan banatzeko irizpideak aztertzeko helburuarekin.

Bilkurako gai-zerrendan ezarritako edukiei heldu aurretik, Eusko Jaurlaritzak ezinegona eta desadostasuna agertu du gaurko bilera aurrez aurre egin delako eta konexio telematiko bidez egiteko aukerarik izan ez delako, Euskadik hori eskatu badu ere.

Aukera hori ezinezkoa denez gero, eta aztertu beharreko gaiek Euskadiko nekazaritza-sektore osorako duten garrantzia kontuan hartuta, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburu Arantxa Tapia bilkurara joan da. Bilkura 10: 30ean hasi da, eta 19: 00etan amaitzea aurreikusi da.

Nekazaritza laguntzak “ukituta” iritsi daitezke NPB berrian eta osatzeko premia dago                 

Europako Kontseiluak 2021-2027ko NPBrako ezarritako aurrekontu-ildo nagusietan, Estatu osorako zuzkidura murriztea aurreikusi da, eta, horregatik, Tapia sailburuak adierazi duenez, muga horren ondorioz beharrezkoa izango da autonomia-erkidegoetako gobernuek ahalegin handiagoa egitea NPBak eraginpean hartuko ez duena osatzeko baliabideen bilaketan.

"Bi bidetan egingo dugu lan hori osatzeko: EAEko baliabide propioak erabiltzea eta Europako finantzaketa lortzea, pandemiaren ondoren suspertzeko funtsen bidez, hala nola Next Generation UE Planaren bidez".

Batzorde Mistoa eta zorpetzea ere beharrezkoak baserritarrentzat

Ildo horretan, Espainiako Gobernuak Kontzertuaren Batzorde Mistoa blokeatu duela salatu du Tapiak. Foro horretan, euskal erakundeek Euskadiko nekazaritza-jarduerarako beharrezkoak diren osagarriei –besteak beste– aurre egiteko duten zorpetze-ahalmena zehaztu behar da.

Nekazaritza ekologikoa, Europako proiektu estrategikoen artean

Europako baliabideei dagokienez, Tapiak azpimarratu egin du Eusko Jaurlaritza Europako baliabideak apalankatzera bideratutako proiektu estrategikoak zehazteko egiten ari den lana.  Arantxa Tapiak iragarri duenez, proiektu horiek oso industria-izaera handia izango badute ere (digitalizazioari eta energia-trantsizioari lotuta lehiakortasuna hobetzeko erronken, eta, azken batean, klima-aldaketaren aurkako borrokaren ildotik), Eusko Jaurlaritzak nekazaritza ekologikoarekin lotuta egongo den eta Euskadin enplegua eta ekonomia sortu ahal izango duen ekimen bat txertatzeko aukera hartu du kontuan.

Nekazaritza profesionalaren aintzatespen handiagoa

Ministerioan 2021-2027ko NPBaren Plan Estrategikoaren jarraibideak ezartzeko egin den lan-jardunaldian, Eusko Jaurlaritzak modu positiboan hartu du "benetako nekazariaren" definizio berria. Definizio horren bidez, jarduera ekonomiko eta profesional bati lotuago dagoen nekazaritza-jardueraren aintzatespena egiten da, eta, horri esker, irizpide hori mesedegarria izan daiteke Euskadin modu profesionalean diharduten eta nekazaritza-ustiategietatik eta produktuen merkaturatzetik bizi diren baserritarrentzat.

Nekazaritzako sindikatuen bilera

Eusko Jaurlaritzak gaur Madrilen egindako Konferentziaren xehetasun guztiak helarazi nahi dizkie nekazarien sindikatuei. EHNE, ENBA, UAGA eta Nekazaritza kooperatiben Federazioko arduradunekin harremanetan jarriko da, baita Foru Aldundiekin ere, datorren astean bilera bat ixteko, erabakitakoaren nondik norakoen berri emateko eta etorkizuneko neurriak lantzeko.