Segurtasun Saila

Segurtasun Sailak herritarrei, Euskadiko Poliziari eta Larrialdiei Aurre Egiteko Zerbitzuko kideei eskerrak emateko kanpaina jarri du abian, COVID-19aren krisiaren aurrean emandako erantzunarengatik.

Argitalpen-data: 

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak publizitate-kanpaina bat jarri du abian prentsa idatzian, irratian eta sare sozialetan, krisi sanitarioa hasi zenetik herritarrek izan duten portaera eta Ertzaintzaren, udaltzaingoen eta Larrialdiei Aurre Egiteko Zerbitzuko kideen lana eskertzeko.

“Denon artean lortzen ari gara. Eskerrik asko!” leloaren pean, Sailak esker onaren adierazpen hori helarazi nahi die bai biztanleriari, konfinamendu-arauak errespetatzeagatik eta pandemia geldiarazteko elkartasun-ekintzengatik, bai Euskadiko Poliziako eta Larrialdiei Aurre Egiteko Zerbitzuko kideei, egindako lanarengatik.

Bilboko, Donostiako eta Gasteizko leku enblematikoetan ateratako argazkietan agenteak eta Larrialdiei Aurre Egiteko Zerbitzuko teknikari bat agertzen dira kanpainaren leloaren azpian.

Horrez gainera, honakoa azpimarratzen da: "Azkenaldian gauza asko ikasten ari gara. Orain badakigu zenbat eta zailagoa izan arazoa, orduan eta eraginkorragoa, erabakigarriagoa eta solidarioagoa dela erantzuna. Eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu herritar guztiei eta Euskadiko Poliziako eta Larrialdiei Aurre Egiteko Zerbitzuko kideei".