Segurtasun Saila

Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du biharko, ostirala, eta larunbaterako itsasaldeko arriskuagatik nabigaziorako, eta abisu horiak kostaldeko inpaktuagatik, euri iraunkorragatik eta haizeagatik

Argitalpen-data: 

Depresio sakon bat sortuko da datozen orduetan, ziklogenesi leherkorreko prozesuaren bidez. Udazkeneko bigarren denboralea da, bereziki itsasertzean eragina izango duena.

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du itsasaldeko arriskuagatik nabigaziorako (lehen bi milietan), bihar, ostirala, 21:00etatik urriaren 3, larunbata, 24:00etara bitartean. Horrez gain, abisu horiak ere ezarri ditu kostaldeko inpaktuagatik, prezipitazio iraunkorragatik eta haizeagatik. Izan ere, ziklogenesi leherkor deituriko mekanismoak eragingo duen borraska sakon bat EAEra gerturatuko da.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Alex izenaz bataiatutako depresioa, udazken hasieran ez-ohikoa dena, aire hotzarekin iritsiko da, eta, beraz, tenperaturak behera egingo du nabarmen. Tenperatura maximoak 12 eta 16 °C artekoak izango dira eta bihar elurra ager daiteke lehen aldiz aurtengo udazkenean, 1.400-1.500 metrotik gora.

Aipatutako alerta laranjaz gain, eta denborale honek marea biziekin bat egingo duenez, EAE abisu horian egongo da kostaldeko inpaktuagatik, bihar 17:00etatik larunbateko 24:00etara bitartean, 5-7 m arteko olatuen altuera adierazgarriarekin.

Era berean, Segurtasun Sailak abisu horia aktibatu du kantauri isurialdean, batez ere kostaldean, prezipitazio iraunkorragatik, ostiraleko 12:00etatik larunbateko 12:00etara, 24 ordutan 50-60 l/m² pilatu daitezkeelako. Zaparrada ertainak eta noizbehinka trumoitsuak espero dira, ostiraleko azken orduetan gogorrak izan daitezkeenak.

Haizeari dagokionez, abisu horia ostiraleko 21:00etatik larunbateko 12:00etara zabalduko da EAE osoan. Mendebaldeko haize-boladak 100 km/h-tik gorakoak izan daitezke haizeguneetan, bereziki itsasertzean, eta 80 km/h-tik gorakoak haizeguneak ez diren lekuetan.

Borraskak hartuko duen ibilbidearen ziurgabetasuna dela eta, baliteke abisu hori batzuk alerta laranjara aldatu behar izana zenbait denbora-tartetan.

Gomendatzen da pronostikoen eta abisuen eguneratzeak Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus), eta Twitter (@Euskalmet) bidez jarraitzea edo "abisuak nahieran" zerbitzuan alta emanda. Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.