Segurtasun Saila

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du bihar ostiralerako, kostaldeko itsas arriskuagatik nabigaziorako

Argitalpen-data: 

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du bihar ostiralerako, martxoaren 6rako, 03:00etatik 21:00etara bitartean, kostaldeko itsas arriskuagatik nabigaziorako, eta kostaldeko lehenengo bi milietan olatu handienen altuera 5 m-tik gorakoa izatea espero da.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, bihar, ostirala, Azoreen gainean kokatutako Atlantikoko goi-presioek eta Europa barnealdean kokatuta dauden behe-presioek ipar-mendebaldeko fluxu indartsua ahalbidetuko dute. Horren ondorioz, gainazalean fronte okluitu bat hurbilduko zaigu, eta horri lotuta aire hotza atmosferaren erdiko eta goiko geruzetan.  

Egoera horren ondorioz ipar-mendebaldeko haize oso zakarra izango dugu, batez ere itsasertzeko eta Ebro haraneko hainbat puntutan, bai eta prezipitazio iraunkorrak ere Kantauri isurialdean, bereziki Gipuzkoan.

Tenperaturek nabarmen egingo dute behera, eta elur-maila 800 eta 1000 metro artean kokatuko da.

Euskalmeten ustez, itsasoan ere egoera oso konplexua izango da, ipar-mendebaldeko haize zakarrak olatu handienen altuera 5 metrotik gorakoa izatea eragingo baitu ia egun osoan zehar. Gainera, litekeena da, itsaso zakarraren ondorioz pasealekuak eta malekoiak bustitzea, batez ere itsasgora inguruan.

Horrela, bihar, ostirala, goizaldeko lehenengo orduetatik ipar-mendebaldeko boladakako haize zakarra izango dugu, eta ia egun osoan bere horretan mantenduko da. Gehieneko haize-kolpeak 100-110 km/h-koak izan litezke ageriko lekuetan (batez ere kostaldean eta Ebro haranean), eta agerikoak ez diren lekuetan, berriz, gehieneko haize-kolpeak 80 km/h-tik gorakoak izan litezke, bereziki kostaldean eta Ebro haranean.

Ipar-mendebaldeko boladakako haize zakar horrek fronte okluitu bat eta ezegonkortasun-lerroak ekarriko dizkigu, eta euri-zaparrada ugariak utziko dizkigute egun osoan zehar, batez ere Kantauri isurialdean. Prezipitazioak iraunkorrak izango dira batez ere Gipuzkoa ekialdean, eta 60 l/m2-tik gora meta daitezke ostiraleko 06:00etatik larunbateko, hilaren 7ko, 06:00etara bitartean.

Frontearekin batera erdiko eta goiko geruzetan iritsiko den aire-masa hotzaren ondorioz elur-maila jaitsi egingo da, eta goizaldean 1000-1100 m inguruan kokatuko da. Elur-maila hori jaisten joango da goizean zehar eta 800-1000 m inguruan kokatuko da. Zenbait lekutan zertxobait gehiago ere jaits daiteke prezipitazio iraunkorren ondorioz, batez ere ekialdeko zenbait lekutan.

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus (leiho berri batean irekitzen da)) eta Twitter (@Euskalmet (leiho berri batean irekitzen da)) bidez.