Segurtasun Saila

Segurtasun Sailak alerta laranjak aktibatu ditu datozen asteazken eta ostegunerako nabigaziorako eta kostaldeko inpaktuagatik

Argitalpen-data: 

Nabigaziorako ezarritako alertak asteazkeneko 18:00etatik osteguneko 09:00etara izango du eragina, 5 eta 6 metrotik gorako olatuekin. Era berean, kostaldeko inpaktuagatiko alerta bihar, asteazkeneko, 14:00etatik 16:00etara bitartean eta osteguneko 02:00etatik 05:00etara bitartean izango da indarrean.

Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du nabigaziorako (lehen bi milietan) asteazkeneko 18:00ak eta osteguneko 09:00ak bitartean, izan ere olatuen altuera adierazgarria 5 eta 6 metrotik gorakoa izango da eta periodoa, 19-20 segundo bitartekoa. Era berean, kostaldean inpaktua egon daitekeelako alerta laranja aktibatu du Segurtasun Sailak bihar 14:00etatik 16:00etara bitartean eta osteguneko 02:00etatik 05:00etara.

Bihar arratsalderako kostaldeko inpaktuagatik aktibatutako alerta laranja aldatu egin daiteke olatuak itsasgorarekiko ordubete aurreratzen edo atzeratzen diren kontuan hartuta. Ordubete atzeratuko balira, abisu horia ezarriko litzateke kostaldean.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, Atlantikoaren iparraldean, Groenlandia eta Britainiar Uharteen artean, dagoen ekaitz sakon eta zabalak haize bortitza eta olatu handiak eragiten ditu. Nahiz eta EAEtik urrun egon, sortutako hondoko itsasoak eragina izango du euskal kostaldean, batez ere asteazkenetik ostegunera bitartean. Egoera horrek nabigazioan eragina izateaz gain, kostaldean ere inpaktua eragin dezake, bereziki itsasgoren ingurua. 

Gomendatzen da pronostikoen eta abisuen eguneratzeak Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez jarraitzea edo "abisuak nahieran" zerbitzuan alta emanda. Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.

Gomendioak

  • Urrundu olatuak lehertzen diren lekuetatik (haitz, kai-mutur, moila).
  • Ez hurbildu itsas pasealeku, kai-mutur edo itsas labarretara. Uraren indar handiak eraman egin zaitzake.
  • Ez joan ibilgailuz kostako errepideetan.
  • Urpekaritza egitekoa bazinen, utzi beste baterako.
  • Saiatu ontzirik ez erabiltzen, eta begiratu zurea ondo amarratuta dagoen. Ez egin uretako kirolik, ezta inondik ere.
  • Itsasora erortzen bazara, urrundu olatuak lehertzen diren lekutik, laguntza eskatu eta itxoin erreskatatu arte.

Olatuek eramaten bazaituzte, lasai egon, eta ez egin igeri korrontearen kontra; kostako korronteek indarra galtzen dute tarte batzuetan.