Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Paris eta Istanbul: Euskadiko Orkestraren Nazioarteko estreinaldi bikoitza 2020an

Argitalpen-data: 

EOS.jpg

2018ko abenduan Austrian eta Alemanian barrena egindako biraren ostean, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak nazioarteko proiekzioa lantzen jarraitzen du, eta orain arte bisitatu ez zituen bi hiritan egongo da: urtarrilaren 25ean Parisko Théâtre des Champs-Elyséesen eta martxoaren 9an Istanbuleko Cemal Resit Rey kontzertu-aretoan.

Mahlerren Laugarrenarekin aurreko biran egin zuen bezala, Euskadiko Orkestrak bere kredentzialak aurkeztuko ditu konpositore unibertsalen bi obra handirekin, eta hori musika-formazio baten indar eta fidagarritasunaren adierazgarri da, forma eta prestaketa ona eskatzen baitute lan horiek. Orkestra Gustav Mahlerren Lurraren kanta obrarekin estreinatuko da Parisen. Lan hau, egun hauetan, Orkestra lehen aldiz interpretatzen ari da Abonu Denboraldiko kontzertuetan eta, ondoren, Théâtre des Champs-Élyséesera eramango du. Istanbulen estreinatuko duen beste obra handia Anton Brucknerren Bederatzigarren sinfonia da, Orkestrak azken egun hauetan euskal agertokietan aurkeztu duen obra.

Paris:

Azken urteotan, Robert Treviño Gustav Mahlerri lotuta ikusi dugu maiz. Gure zuzendari titularra aitorpenak lortu eta lortu ari da mundu osoan, mahlerzale nabarmena den aldetik; Londreseko Orkestra Sinfonikoarekin, Zuricheko Tonhalle Orkestrarekin edota Municheko Filarmonikoarekin debutatzeko, Mahlerren musika hautatu zuen. Hala egin zuen, halaber, gure orkestrak 2018ko abenduan Austriako Linz eta Bregenz hirietan eta Alemaniako Munichen egin zuen birarako, eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa Pariseko Théâtre des Champs-Élysées antzokian lehen aldiz ariko den egunean ere, hilaren 25ean, Mahler izango da protagonista. Lehen mailako bi interprete mahlertarrek jarriko diete ahotsa obraren lerroei: Jennifer Johnston mezzosopranoa, sinfonietako bakarlari zatiak abestu dituena Cleveland edo Vienako Filarmonika bezalako orkestrekin; eta Corby Welch, Wagnerren operak interpretatzeko alemaniar antzokietan oso eskatua dagoen Heldentenor bat.

Mahlerrekin batera, Orkestrak Maurice Ravelekin irekiko du kontzertua, bere jatorri euskalfrantsesari keinu eginez, eta irudimen tinbriko handiko bi obra hautatu ditu horretarako: Rapsodie espagnole eta La Valse.

Théâtre des Champs-Élysées :

Théâtre des Champs-Élysées Parisko leku eszeniko dotoreenetako bat da. 1913an sortu zenetik, erreferentea izan da musika klasikoaren alorrean, eta Parisko musikaren epizentroa. Antzokia ehun urte baino gehiagoz musikaren, operaren eta dantzaren historiako figura ospetsuenen presentziagatik nabarmendu da, eta Parisko Orkestra Nazionalaren egoitza izan da.

Antzoki honen programazio zabalaren barruan, Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere burua aurkeztuko du 'Orkestra gonbidatuak' zikloan, eta kartela partekatuko du nazioarteko talde sinfoniko handiekin. Duela gutxi, San Petersburgoko Orkestra eta Frantziako Orkestra Nazionala aritu dira eszenatoki horretan Yuri Temirkanoven eta Emmanuel Krivineren esanetara, hurrenez hurren. Parisen estreinatu ondoren, Vienako Orkestra Filarmonikoari eta Philharmonia Orchestrari emango die Euskadiko Orkestrak lekukoa, Andris Nelsons eta Esa Pekka Salonenen batutapean jardungo dutenak.

Paris, Theatre des Champs-Élysées, urtarrilak 25, 20:00

Jennifer Johnston, mezzosopranoa
Corby Welch, tenorra
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Robert Treviño,
zuzendaria

Maurice Ravel: Rapsodie espagnole [16’] / La Valse [12’]
Gustav Mahler: Lurraren kanta [63’]

Istanbul:

Istanbul kultur jarduera handiko hiria da, eta mundu osoko orkestra ospetsuak joaten dira bertara. Martxoaren 9an Euskadiko Orkestra CRRko agertokira igoko da Anton Brucknerren maisulantzat jotzen den Bederatzigarren sinfonia interpretatzeko, bai eta Max Bruchen Biolinerako 1. kontzertua ere, lehen zatian, Alena Baeva bakarlari gonbidatuarekin. Robert Treviñoren ustez, kultur enbaxadore izateko bokazioa betetzen jarraitzeaz gain, “Euskadiko Orkestrak bere gaitasun eta interpretazio maila handiagatik egin behar du ezagun, eta exijentzia honetako obrekin egin dezakegu”. Istanbulek jarritako datak eragotzi egingo du Robert Treviñok kontzertu hori zuzendu ahal izatea baina, haren faltan, Hans Graf izango da batuta hartuko duena. Austriarra Euskadiko Orkestrako zuzendari titularra izan zen 90eko hamarkadaren amaieran, eta behin baino gehiagotan itzuli da Orkestrara, zuzendari gonbidatu gisa. Mundu osoan ezaguna den zuzendaria da, eta oso bruckneriarra; beraz, Treviñok konfiantza osoa du Istanbulen estreinaldi honetan lekukoa pasatzeko.

Sala Cemal Resit Rey (CRR):

 Cemal Resit Rey Kontzertu Aretoa herrialdeko kontzertu-areto nagusietako bat da, eta musika klasikorako diseinatutako lehena. Cemal Resit Rey musikagile turkiarraren izena darama, hau ere orkestra-zuzendaria eta Istanbulgo Orkestra Sinfonikoaren sortzailea. 1989ko martxoan inauguratu zen. 30 urte hauetan, mundu osoko konpainiak hartu ditu, hiriko programazio klasikoa, jazz-programazioa eta dantza-programazioa ere bai, eta CRR Symphony Orchestra, CRR Turkish Music Ensemble eta CRR Jazz Orchestra taldeen emanaldiak hartzen ditu maiz.

Istanbul, CRR, martxoak 9

Alena Baeva, biolina
Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Hans Graf, zuzendaria

Max Bruch: Biolinerako 1. kontzertua [24’]

Anton Bruckner: 9. Sinfonia [63’]