Otsailaren 5ean amaituko da Ertzaintzako 700 plaza eta udaltzaingoetako 111 betetzeko deialdian izena emateko epea

2020.eko urtarrilak 08

Azterketa martxoan egitea aurreikusten da

Arkaute, 2020ko urtarrilak 8

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiaren zuzendari nagusi Malentxo Arruabarrenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian gaur argitaratu den eta Ertzaintzako 700 agente-plazaren eta Euskadiko 26 udalerritako udaltzaingoetako 111ren hautaketa-prozedura bateraturako deialdia egiten duen ebazpena azaldu dute. Izena emateko epea bihartik, urtarrilaren 9tik, otsailaren 5era arte egongo da zabalik.

 

Ertzaintzako oinarrizko eskalako agenteen 700 plazaren deialdiarekin 29. Promozioa osatuko da, eta 1982tik egindako deialdirik handiena izango da; urte hartan guztira mila plaza deitu ziren. Lehenengo Promozioa ere, 1981ekoa, 700 plazakoa izan zen.

 

Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziari buruzko Legearen bosgarren aldaketa onartu zenetik egingo den lehenengo deialdia da, eta, deialdiaren arabera, izena emateko epea otsailaren 5era arte egongo da zabalik.

 

Bestalde, ebazpenean ezartzen da deitutako plaza-kopurua handitu ahal izango dela, hautaketa-prozesua garatzen den bitartean, edozein arrazoirengatik, Udaltzaingoaren agente kategorian sortzen diren lanpostu hutsen arabera, kudeaketa-gomendioaren hitzarmena sinatu duten toki-korporazioetan.

 

Lehenengo hautaprobak (azterketa teorikoa eta psikoteknikoa) martxoan egitea aurreikusten da, eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako formakuntza-ikastaroari 2020ko irailean ekingo litzaioke.

 

Ikastaroa amaitu ondoren, Ertzaintzako eta udaltzaingoetako kredentzialak banatuko zaizkie izangaiei, eta karrerako funtzionario izendatu aurretik urtebeteko praktikaldia hasiko dute.

 

Eskakizunak

 

Hautaketa-prozesuan parte hartu nahi dutenek EHAAn jasotzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte, besteak beste, honakoak: nazionalitate espainiarra izatea; 18 urte izatea eta 38 urte bete gabe izatea; gizonek gutxienez 1,65 metroko garaiera izatea eta emakumeek 1,60koa; eta Batxilergoko titulua edo kidekoa, edo goragoko mailako beste edozein, izatea. Eskabideak eskuratu eta baldintzak begiratzeko Akademiaren webgunera jo daiteke: www.arkauteakademia.eus

 

Horrez gainera, 900.840.088 doako telefono-zenbakia gaitu da, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara, gaiari buruz behar den informazio guztia emateko.

 

Izena emateko eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

 

Belaunaldiak berritzea

 

Azken sei urte hauetan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak guztira 2.450 plaza deitu ditu sei promoziotan (24. Promozioan 120; 25. Promozioan 250; 26. Promozioan 300; 27. Promozioan 380; 28. Promozioan 700; eta 29. Promozioan beste 700).

 

Bestalde, azken sei urte hauetan Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak Euskadiko hainbat udalerritako 800 bat udaltzaini eman die formakuntza.