Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Maileguak laukoiztu egin dira eLiburutegian konfinamendua ezarri zenetik, eta liburutegi digital honek 6.400 erabiltzaile gehiago lortu ditu

eLbibu3.jpg

2020.eko apirilak 03

  • Mugimenduen murrizteak berak eta erabiltzaile egiteko izapidea errazteko Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiak bultzatu dute hazkunde hori.

 

Vitoria-Gasteiz, 2020/04/3          

ELiburutegia liburutegi digitalaren bidez eginiko liburu maileguak laukoiztu egin dira iragan martxoaren 14an konfinamendua ezarri zenetik eta mila mailegutik gora egin dira egun askotan. Liburutegi digitalak, halaber, 6.409 erabiltzaile berri lortu ditu azken hiru asteotan, 46.530 erabiltzailera iritsiz. Mugimenduen murrizteak berak eta erabiltzaile egiteko izapidea errazteko Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak hartutako erabakiak bultzatu dute liburutegi digitalaren hazkundea.

Maileguen hazkundea osasun larrialdia eta alarma egoera ezarri baino zertxobait lehenago hasi zen. Nolanahi ere, konfinamendua agindua izan ondoren eta Euskadiko liburutegiek aurrez aurreko zerbitzuak eten zutela kontuan hartuz, iragan martxoaren 16an Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak liburutegi-zerbitzua@euskadi.eus helbide elektronikoa aldi baterako gaitzea erabaki zuen, erabiltzaile bilakatzeko izapidea erraztu eta eLiburutegia zerbitzua euskal herritarrengana gerturatzeko helburuarekin. Une horretatik aurrera, eLiburutegiko maileguen kopurua biderkatzen hasi zen. Iragan martxoaren 18an, egun bakar batean egindako maileguen errekor historikoa hautsi zuen eLiburutegiak: 1.217, hain zuzen ere. Horren atzetik, martxoaren 17a, 20a eta 30a dira mailegu gehien egin diren egunak. Martxoaren 16tik maileguen maila egonkor mantendu da egun guztietan, 800 eta 1.200 maileguen artean egiten dira (otsailean zehar, konfinamendua hasi baino lehenago, bataz beste, 190 eta 260 mailegu bitartean egiten ziren egunean).

Liburutegi digitalak lortu dituen 6.409 erabiltzaile berri gehienak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko kideak ziren jadanik (sare horrek milioi bat bazkide baino gehiago ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleen erdia). Nolanahi ere, 700 pertsona baino gehiago konfinamenduaz baliatu dira Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko, eta, ondorioz, eLiburutegiko kide egiteko. Zenbait egunetan, bazkide egiteko eskariek Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak erantzunak bideratzeko zuen ahalmena gainditu dute eta, ondorioz, ohi baino denbora luzeagoa behar izan da zenbait eskari bideratzeko. Lan hori guztia bideratzeko liburutegien Sareko langileen laguntza izan dute.

                Eliburutegiak eskaintzen dituen 20.000 izenburuen artean, ondokoak dira gehien eskatu direnak: Juan Gómez-Juradoren Loba Negra; Ibon Martínen La Danza de los Tulipanes; Dolores Redondoren La cara norte del corazón; Elvira Lindoren A Corazón Abierto; Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa; Karmele Jaioren Aitaren Etxea eta Eneko Barberenaren Afrikanerrak. Halaber, konfinamenduan igarotako aste hauetan haur eta gazteentzako liburuen eta sukaldaritza liburuen maileguek hazkunde azpimarragarria izan dute.

ELiburutegiaren bitartez ikusi diren filmen kopuruak ere gorakada nabarmena izan du. Hartara, 6.017 film ikusi dira martxoan zehar, otsailean zehar ikusi zirenak baino hiru aldiz gehiago. Honako hauek dira gehien ikusi diren filmak: Petra Biondina Volperen El orden divino; Sally Potterren The Party eta Anahí Berneriren Alanis.

Liburutegi digitala

Liburutegi digital honetan sartzeko, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko bazkide izatea besterik ez da behar, eta nahikoa da liburutegiko gainerako zerbitzuetara sartzeko erabiltzen diren ohiko datuak sartzearekin (bazkide-zenbakia eta pasahitza, hau da, erabiltzaileek bazkide egitean jasotzen dituzten datuak). Sartzeko gakoa ez duten Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko erabiltzaileek aipatutako helbide horretan eskatu ahal izango dute. Era berean, Irakurketa Sare Publikoko bazkide ez direnek bazkide egiteko aukera izango dute, liburutegiko txartela eta eLiburutegian sartzeko pasahitza eskuratuz.

Helbide elektroniko horrek aldi baterako eskainiko du izapide telematikoa, egoera normalizatu arte. Hortik aurrera, eLiburutegian sartzeko pasahitza lortu nahi duenak edo Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegiren bateko bazkide egin nahi duenak liburutegietan bertan egin beharko du, orain arte bezala

Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak 2004an sortu zuen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, Euskadiko liburutegi publiko guztiak bildu eta zerbitzuak hobetzeko sinergiak sortzeko asmoz. Sarearen oinarria udal-titulartasuneko liburutegiak dira, baina udalarenak ez diren beste liburutegi batzuek ere osatzen dute (Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Artxibo Historikoa, HABE, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa, Zarauzko Photomuseuma, Arabako Foru Aldundiaren mendeko liburutegiak...). Sareak 1.036.217 erabiltzaile ditu, eta funtsen artean (6.000.000 baino gehiago) 1.200.000 titulu inguru daude. 2019an, 2.744.200 mailegu baino gehiago egin ziren Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean dauden liburutegien bidez, eta 120.000 liburutegi-arteko mailegu-bidalketa baino gehiago egin ziren  (Irakurketa Sareari esker, liburutegi batek ez badu erabiltzaileek eskatutako tituluren bat, Sareko beste liburutegi bati eskatzen dio).

Bestalde, eLiburutegia Estatuko liburutegi digitalik handiena da, eta formatu ezberdinetan 20.000 liburu digital inguru eskaintzen ditu. 2014ko azaroan jarri zen martxan, eta urtez urte hazten jarraitzen du. 2019an 68.981 mailegu egin ziren eta une honetan 46.779 erabiltzaile ditu. Eliburutegiaren bidezko maileguetan egile eskubideak errespetatzen dira, Eusko Jaurlaritza arduratzen baita lizentziak ordaintzeaz.

Herritar bakoitzak hilean lau liburu irakurtzeko eta astero bi film ikusteko aukera du eLiburutegian (konfinamendua luzatzen den bitartean sei liburu eta hiru film izango dira). Honako helbide honetan azaltzen da nola deskargatu eduki digitalak gailu elektronikoetan: www.eliburutegia.euskadi.eus/descarga-en-epub

Gainera, eLiburutegia sare sozialen bidez jarrai daiteke eta zalantzak argitu daitezke, bai twitter bidez (@elibututegia_), bai facebook bidez (www.facebook.com/eliburutegiak /). Liburutegietako langileak ere lanean ari dira, gomendioak, irakurketa-gidak eta mailegu digitalak egiteko gomendioak ematen.