Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak 506,9 milioi euroko aurrekontua izango du 2021ean

Argitalpen-data: 

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren aurrekontua 506,9 milioi eurokoa izango da 2021ean, eta hiru jarduera-ardatzen inguruan egituratuko da: lurraldearen berrikuntza, birsorkuntza eta egokitzapen jasangarria; etxebizitza duina izateko eskubidea bermatuko duen etxebizitza sozialeko politika; eta mugikortasun jasangarria eta segurua.

Estatuaren kudeaketa - gomendio baten bidez finantzatzen diren Euskal Y azpiegiturara eta Hegoaldeko Trenbide Sahietsbidera zuzendutako partidak deskontatu eta gero, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailaren aurrekontua % 5,4 gehituko da 2020 urtearekin alderatuta, hau da, 23 milloi euro gehiago datorren urteko ekitaldirako.

Zenbateko garrantzitsuena, termino absolutuetan, Garraioaren arloari dagokio, 326,9 milioi eurorekin. Etxebizitzaren arloak, berriz, 161,4 milioi euro izango ditu, eta zenbatekoa 271,2 milioi eurora arte igotzen da gehitzen badizkiogu Alokabide eta Visesa sozietate publikoen aurrekontuak. Lurralde Plangintzaren arloak, bestalde, 12 milioi euro kudeatuko ditu.

Garraioaren arloak 326,9 milioi euroko aurrekontua izango du guztira, eta horietatik 262 milioi bideratuko dira azpiegitura eta garraio politiketara. Horiei beste 63 milioi gehitu behar zaizkie kudeaketa-kredituetan.

Garraio Plangintzaren Zuzendaritzak 87,6 milioi euro izango ditu erabilgarri, eta horietako gehienak, 81,7 milioi, Euskotrenentzat izango dira. Honako 5 helburu estrategiko hauetan biltzen dira arlo horretako jarduerak:

  1. Mugikortasun Jasangarriari buruzko Legea
  2. Salgaien eta pertsonen garraio-politika
  3. Aireportu-eredu integratua
  4. Plataforma logistiko intermodalen garapena
  5. Euskadi-Akitania komunikazioen sustapena

Euskotren - Eusko Trenbideak sozietate publikoak aintzat hartzen du beste 3 unitate gehitzea Gasteizko tranbiarako, 10,5 milioi euroko zenbatekoarekin (Horietatik 3,5 milioi datorren urteko aurrekontuan jasota daude). Halaber, salgaien trenbide bidezko garraioa indartu nahi da, tren-makinak Interes Orokorreko Trenbide Sareko zirkulaziora egokituz eta trena babesteko sistemak eguneratuz (ASFA Digitala). Bestalde, Donostialdean Topoaren lur azpiko saihesbidea abian jartzeko prestatzen ari da. Ildo horretatik, aurreikusten da 4 tren-unitate berriren eraikuntza kontratatzea eta egun martxan daudenak berritu eta Topoaren lurpeko trazadura berrira eta eskaeraren gehikuntzara egokitzea.

Garraio Azpiegituraren Zuzendaritzak 174,4 milioi euroko aurrekontua izango du, baina zzenbateko horri gehitu behar zaizkio 58,68 milioi euroko kudeaketa-aginduak, trenbide-sare berria bultzatzeko, eta beste 4,5 milioi euro Hegoaldeko Trenbide Saihesbiderako, guztira 237,6 milioi euro.

Zuzendaritza horren jarduketa nagusiak dira: 

  1. Trenbide-azpiegitura hobetzea, horretarako 103,6 milioi euro bideratuko dira. Kapitulu honetako jarduera nagusiak dira (tranbiari dagozkionak kanpo): Topoaren lurpeko pasanteari jarraipena ematea Donostian (29,7 milioi euro); Altza-Galtzaraborda tartea (3 milioi euro); Zarauzko geltoki berria (2 milioi euro); trenbidea berritzea (6,9 milioi euro); geltokiak, azpiegiturak eta segurtasuna oro har hobetzea (13,6 milioi euro); Eibar-Azitainen trenbidearen integrazioa (1,06 milioi euro); eta transferitutako lineen hobekuntza (1,3 milioi euro).
  2. Hiri-garraioaren barruan trenbide-eskaintza handitzea, tranbiaren azpiegitura garatu, egokitu eta hobetzeko beharrezkoak diren jarduketen bidez, 15,2 milioi euroko zenbatekoarekin. Hor sartzen dira Gasteizen tranbia Salburua auzora eramatea (8,9 milioi euro), Bilbon tranbia Atxuri-Bolueta tartean hedatzea (5,3 milioi euro) eta Donostian, Leioan eta Gasteizen autobus elektriko adimendunaren ezarpena finantzatzea (967.000 euro).
  3. Metro-sarearen garraio-zerbitzua bermatzea, erakunde eskudunekin elkarlanean, 50,26 milioi euroko aurrekontuarekin. Oinarrizko partida Bilboko Metroa kudeatzen duen Bizkaiko Garraio Partzuergoari egindako ekarpena da (49 milioi euro).
  4. Euskal Trenbide Sare Berriaren bidez Europako trenbide-sarean sartzea, 63,94 milioi euroko zuzkidura ekonomikoarekin. Zenbateko horretan sartzen dira Eusko Jaurlaritzak bere gain hartzen dituen Estatuaren aginduen ondoriozko kudeaketa-kredituetako 58,6 milioi eta berezko finantzaketako 5,2 milioi. Proiektu nagusiak Hernani-Astigarraga tartea (22 milioi euro) eta Atotxako geltokia (19 milioi euro) dira. 
  5. Trenbide bidezko salgaien garraioa eta portuetako konektagarritasuna sustatzea. Ogasun Ministerioarekin eta Adifekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren barruan, Hegoaldeko Trenbide Saihesbideko zenbait tarteren eraikuntza-proiektuak lizitatuko dira. Ezinbesteko azpiegitura da Bilboko Portua egungo zenbait zabaleratako trenbide-sarearekin lotzeko, baita, Ezkerraldeko herritarrei ahalik eta eragozpen txikienak sortuz, Bilboko Portuan salgaiak sartzeko eta bertatik ateratzeko ere. 2021erako 4,6 millioi euroko aurrekontua hartu da aintzat.