Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Labean Sariak ekintzailetza-lehiaketara proiektuak aurkezteko azken egunak

- Izena emateko epea irailaren 18an amaituko da. - Labean proiektuak sustatutako lehiaketak zazpi sari, sei inkubazio eta Sari berezi bat izango ditu

Labean Sariak ekintzailetza lehiaketara proiektuak aurkezteko epea irailaren 18an amaituko da. Hazi Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak abian jarritako LABEAN proiektuaren bigarren faseko jardueretako bat da Labean Sariak, eta Añanan, Arabako Mendialdean eta Enkarterrin berrikuntza eta gizarte-ekintzailetza jasangarria bultza dezaketen ekimen berritzaileen diseinua eta ezarpena sustatzea du helburu.

Urriaren 9an jakinaraziko zaie proiektuak dituzten pertsonei eta/edo erakundeei lehiaketaren azken fasera igaroko direla. Fase hori urriaren 24an izango da, eta behar besteko aurrerapenarekin jakinaraziko da non izango den.

Aurkeztutako proiektuek eskualdeetan planteatutako erronketako bati erantzun beharko diote gutxienez. Erronka horien identifikazioa eskualde bakoitzean egindako LABEAN Open Space jardunaldien emaitzetan oinarrituta egin dira.

Hiru eskualdeen erronka komunak honako hauek dira: landa-ingurunean bizi diren pertsonak integratzen laguntzea, eskualde kohesionatu bat lortze aldera; gazteentzako landa-ingurune erakargarri bat bultzatzea, bizitzeko eta lan egiteko espazio gisa; landa-eremuko biztanleen mugikortasun jasangarria bultzatzea, ondasunak, zerbitzuak eta jarduera ekonomikoak eskuratzeko erraztasunak emanez; eta landa-ingurunean etxebizitza eskuratzeko eredu berritzaileak bultzatzea.

Pertsonak edo pertsona fisikoen taldeak, negozio-ildo berriak dituzten pertsona juridikoak, Euskadiko toki-erakundeak eta tokiko sektore publiko instituzionala aurkeztu ahal izango dira.

Lehiaketak zazpi sari izango ditu: proiektu-inkubazioko sei sari, kategoria bakoitzeko bat hiru eskualdeetan, eta Labean Sari bat: ekintzailetzako eta/edo berrikuntza sozialeko sari berezia, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna modu berezian sustatzen duen proiektuari.

Informazio gehiago nahi izanez gero, honako helbide honen bidez jarri zaitezke harremanetan: aigarzabal@hazi.eus

LABEAN SARIAK - Ekintzailetza eta berrikuntza sozialeko proiektuen lehiaketan parte hartzeko oinarriak