Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 100.000 euro bideratuko ditu itsas ondarea babesten laguntzeko

Mendieta.jpg

2020.eko irailak 04

  • Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak aste honetan argitaratu du deialdia, lagunduko duena ontziak museoratzen, egurrezko ontziak zaharberritzen edota ontziolak eta ontziralekuak egokitzeko lanak babesten.

 

Gasteiz, 2020/09/04       

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak aste honetan argitaratu du euskal itsas ondarea babesteko, hedatzeko eta horri balioa emateko deialdia. Diru-laguntza deialdi hau 2018an jarri zen abian eta aurten lau modalitate izango ditu:  egurrezko ontziak museoratzea; jendeari zerbitzua emateko egurrezko ontziak konpontzea eta armatzea; lehorreko instalazioei (ontziolak, lonjak eta ontziralekuak bezalako beste elementu batzuk) balioa ematea; eta egurrezko ontziak konpontzea eta egokitzea. Aurten, Covid 19k sortutako egoera dela-eta, ez da diruz lagunduko itsas-ondarearen balioa nabarmentzeko ekimenak antolatzea.

Deialdi hau sortu zen ondorioztatu zelako itsas ondarea ez dela babestu izan merezi bezala; orain, deialdi honen bitartez oraindik geratzen dena babestu nahi duten ekimenak bultzatuko dira. Izan ere, motorrak eta teknologia berriak sartzean edota materialak (beira-zuntza eta plastikoak) eta formak (industrialak, tokiko formak kontuan hartu gabe) aldatzean, sektorea eraldatzen joan da eta bere elementu historiko asko galdu ditu. Horrela, diru-laguntzek arreta berezia jarriko dute norbanakoek eta elkarteek dituzten egurrezko ontzi tradizionalak zaintzen, gero eta gutxiago baitaude euskal portuetan.

Lerro honen bitartez, itsas ondareari lotutako elementuak babesteko, ezagutzera emateko edo horiei balioa emateko helburuarekin egingo diren inbertsioen % 50 ordaindu ahal izango da gehienez.  Hona hemen laguntzen barruan jaso diren modalitateak.

Egurrezko ontzietan lanak egitea, horiek museoratzeko helburuarekin. Diruz lagundu ahal izango dira:

  • Esku hartu edo zaharberritu aurretik irizpideak finkatzeko behar diren azterketak edota analisiak.
  • Ontzien barruko zein bertan sartzeko segurtasuneko eta sarrerako obrak edo elementuak.
  • Ontziaren izaerarekin loturarik ez duten eta interpretaziorako beharrezkoak diren kartelak, taulak eta erakusketako beste edozein mekanismo.
  • Bertan ez dira sartuko ontziaren zaharberritze-lanak edo egitura-ekipamenduak (motorrak, belak, mastak…).

Jendeari zerbitzua emateko egurrezko ontziak armatzea eta prestatzea.

  • Segurtasuneko eta nabigazioko ekipamendu-gastuak barne hartzen dira, baita ontziari balioa emateko gastuak ere (halakorik baleude).
  • Nabigatzeko behar diren egitura-obrak.

Lehorreko instalazioak balioestea: ontziolak, lonjak eta portuko elementuak. Ontziralekuak bezalako egitura txikiagoak ere barne hartzen dira. Balioa handitu dezaketen elementuek hala jasota eta baloratuta egon beharko dute Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailaren kultur ondareko katalogoetan. Modalitate horren barne honako hauek biltzen dira:

  • Aurretiko azterketak: esku hartzeko irizpideak zehazteko behar diren azterketa historikoak, arkeologikoak edota ondarezkoak.
  • Balioa ematearekin bateragarri ez diren zatiak edo elementuak ezabatzea.
  • Eraikinak erabiltzeko prestatzea. Proiektu teknikoak, obren zuzendaritza eta instalazio orokorrak.
  • Burutu beharreko museoratzeari edo balioa emateari lotutako azpiegiturak, taulak eta kartelak.
  • Ez dira zaharberritze- eta urbanizazio-obrak barne hartzen.

Egurrezko ontziak konpontzeko eta egokitzeko gastuak. Nabigatzeko ontziak behar dituen lizentzien eta baimenen tramitazio-gastuak barne hartzen dira, baldin eta esku-hartzea ontziaren ezaugarrietara mugatzen bada eta ondare-balioak kaltetzen ez badira.

Iazko laguntza deialdiaren bidez, 26 ekimen babestu ziren. Albaola Elkartea, Bilboko Itsasmuseuma edo Lekeitioko eta Santurtziko udalak izan ziren laguntza deialdi honen onuradunetako batzuk.