Javier Hurtado sailburuak turismo, ostalaritza eta merkataritzako erresistentzia-planaren neurriak aztertzeko erakunde arteko mahai baten deialdia iragarri du

2020.eko urriak 28

 

 

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 30 milioi euro baino gehiago bideratu ditu turismo, ostalaritza eta merkataritzarako erresistentzia-planera.

 

Turismoko bonuak, mugikortasuna mugatzen duten inguruabar berriak direla eta, 2021eko azaroaren amaierara arte luzatuko du enpresak atxikitzeko epea, eta maiatzera arte bonua erabiltzeko epea.

 

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok agerpena egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, bere Sailaren jarduketa nagusien eta ildo estrategikoen berri emateko asmoz.  Sailburuak azaldu duenez, turismo, merkataritza eta kontsumoaren arloko politikak bideratzeko ardatzak honako hauek izango dira:

 

- Gobernu-programa.
- Erakundeen arteko leialtasuna eta gobernantza.
- Sektorearekiko aliantza.

 

“Horrela bideratuko ditugu gure politikak, legegintzaldi honetarako gobernu-programaren erreferentzia-esparruan. Jarduteko zutabeak erakundeen arteko leialtasuna eta lankidetza izango dira. Legebiltzarrarekiko harremanak adostasunik handienak lortzeko helburua izango du. Eta sektorearen aliatuak izango gara. Nigan babesa eta baterako lan koordinatua aurkituko dute beti”, zehaztu du. 

 

Turismoaren eta merkataritzaren egoera

 

Oinarri horrekin —azaldu du sailburuak—, COVID19ak eragindako krisi-egoera batean sartuta gaude, eta turismoaren, merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreak dira krisiak gehien kaltetu dituenak, krisiaren aurretik oso egoera desberdinean bazeuden ere. Ostalaritzaren sektorearen % 65ek jasan du ABEEE bat. Turismoan, % 41ek jasan du, eta merkataritzan, berriz, % 21ek.

 

Pandemiaren aurretik ere, mundu analogikotik mundu digitalerako bidea egitean merkataritzaren historiako eraldaketarik handienetako batgertatuko zela aipatzen zen. Erosteko ohitura berriak, biztanleriaren zahartzeak eragindako gizarte-aldaketak, jasangarritasunaren aldeko apustua, adimen artifiziala edo Big Data aliatuak izan daitezke merkataritzak bere hurbiltasunari eta tratu pertsonalizatuari lotutako ahalmenari gaineratu diezazkion, eta esperientzia paregabea eskain dezakete. Horretarako, digitalizazio bizkorragoa eta eraginkorragoa behar da.

“Sailak garbi dauka tokiko merkataritzak bere identitateari eta berezitasunari eutsi behar dielabirmoldatzeko eta modernizatzeko prozesu horretan.Eta, helburu gisa, planteatu dugu lehiakortasunaren hobekuntza eta digitalizazioaren bultzada are neurri handiagoan sendotzea eta enplegua sortuko duen euskal merkataritza indartsuago, sendoago eta lehiakorrago bat finkatzeko aukera bultzatzea”. 

Aitzitik, turismoa hazkunde jarraitu eta jasangarriko egoera batean zegoen pandemiaren aurretik. Zehazki, 2020. urtearen hasieran, turisten kopuruak % 13ko hazkundea izan zuen urtarrilean eta otsailean, baina % 47ko beherakada izan du udan.

“Euskal turismoak erakutsi duen lehiakortasun horrek suspertzeko tresnarik onena izan behar du orain. Eta baliagarria izan behar du eraldaketa- eta aukera-tresna gisa. Nolanahi ere, tresna horren ezaugarri bereizgarriak jasangarritasunaren aldeko apustua eta estrategia eta kudeaketa turistikoan agertu beharreko erantzukizuna izango dira.  

 

Krisitik ateratzeko faseak

 

Testuinguru horretan, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 2 aldiko estrategia bat planteatu du: erresistentziakoa eta suspertzekoa.

 

1. Erresistentzia

Lehen etapan (erresistentzia), helburu nagusia enpleguei eta jarduerari eustea da. Eusteko eta enpresei laguntzeko neurriak hartuko dira, krisiaren eragina txikiagotzeko.

 

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 30 milioi euro baino gehiago bideratu ditu laguntza eta dirulaguntzetara erresistentzia-fase honetan: 15 milioi ezohiko laguntzetara, 8 milioi inguruabar berrietara egokitutako ohiko laguntzetara, eta 5,7 milioi kontsumoko bonuetara. Gainera, igo egin da ostalaritza-elkarteentzako dirulaguntzen eta elkarte, federazio eta plataformei zuzendutako beste dirulaguntza batzuen zenbatekoa.

 

-COVID19 Ezohiko Laguntzen Programa, 15 milioi euroko zuzkidurarekin. Zenbateko hori autonomoentzat, mikroenpresentzat eta enpresa txikientzat izango da, eta Lanbideren 15 milioi euroko laguntzei gehituko zaie (haien % 60 turismora, ostalaritzara eta merkataritzara zuzenduta daude).

 

-Laguntza horiei Sailaren ohiko laguntzak gehitu behar zaizkie. Laguntza horiek 8 milioi euroko zuzkidura dute, eta COVID19ak eragindako krisiaren ondorioz sortzen diren premietara egokituko dira: sektorearen dinamizazioa, establezimenduen modernizazioa, ekintzailetza, lurralde-proiektuak, Hirigune, bulego teknikoetarako laguntza eta abar.

 

-Laguntza horiek Merkataritzako Bulego Teknikoetara bideratukoekin osatuko dira, eta laguntza horiek 1,8 milioi euroko zuzkidura izango dute.

 

-Halaber, igo egin da Euskadiko hiru ostalaritza-elkarteentzako dirulaguntza izendunen zenbatekoa (% 265eko igoera 2020an), baita elkarte, federazio eta plataformei zuzendutako beste dirulaguntza batzuena ere.

 

Bonuei dagokienez, sailburuak argitu du mugikortasuna mugatuta dagoen egungo egoera dela eta turismoko bonua 2021eko maiatzera arte luzatu dela, eta enpresak atxikitzeko epea, berriz, azaroaren amaierara arte. Euskadi Turismo Bonuaren parte garen 7 erakundeok eta, sektoreari kontsulta egin ondoren, sektoreak berak erabaki dugu turismoko bonuarekin aurrera jarraitzea, baina egoera egonkortu arte eta mugikortasuna arinagoa den arte luzatzea”.

Beraz, Euskadi Bonodendarekin jarraituko dugu eta Euskadi Turismo Bonua luzatu egingo da. Guztira, ia 9 milioi euro dira, ia milioi bat bonu atera dira, eta inpaktu ekonomikoa 26 milioi eurora iritsiko da gutxienez. Sailak 5,7 milioi euroko ekarpena egingo du, eta gainerako erakundeen ekarpena gehituko zaio zenbateko horri.

Neurri horiez gain, sailburuak erakunde arteko mahai baterako deialdia egin du datorren asterako, turismoa, merkataritza eta ostalaritza babesteko neurriak bilduko dituen erresistentzia-plan bat lantzeko asmoz. Abiapuntua, nolanahi ere, enpleguari eta jarduerari eusteko eta enplegu hori luzaroan irauteko apustua izango da.

 

Sail arteko eta erakunde arteko mahai horretan, deialdia egin duen Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaz gain, Lan eta Enplegu Sailak, Gobernantza Publikoko Sailak eta Ekonomia eta Ogasun Sailak hartuko dute parte. Erakundeen aldetik, aldundien eta 3 hiriburuetako udalen ordezkariak joango dira. Lantzeko proposatuko diren gaiak honako hauek izango dira funtsean:

 

Laguntzak: dirulaguntza-ildo berrien koordinazioa.
Alokairu komertzialen egoera.
Sektore horietara bideratutako Elkargiren funtsen ebaluazioa.
Administrazio guztietako administrazio-izapideak arintzea.
Kontsumo arduratsua eta tokikoa sustatzeko neurri koordinatuak.
Sentsibilizazio-kanpainen koordinazioa.

 

2. Suspertzea

Etorkizuneko suspertze-etapan, Gobernu Programan hartutako konpromisoak ezarriko dira. Turismoaren eta ostalaritzaren arloan, honako hauek dira:

1. Turismo Jasangarrirako Euskal Estrategia Berria 2030. Bertan, Turismoko Gida Plana, Ostalaritzako Gida Plana eta Turismo Baliabideen Lurralde Plan Sektorialarengarapena sartuko dira.
2. Euskadi-Basque Country turismo-jomuga segurua, jasangarria eta arduratsua; segurtasuna eta erantzukizuna bultzatzen lagunduko duen eta kalitateko enplegua bermatuko duen kudeaketa-sistema bat garatuko da.
3. Hirugarrenik, Euskadi bikaintasunezko turismo-jomuga bihurtzeko konpromisoa. Turismo-jardunbide egokien sistema bat sustatzea, jomugak dibertsifikatzea eta eskaintza gastronomikoarekin, enologikoarekin eta landa-, kirol- eta kultura-arlokoarekin lotzea, eta ekoturismoa, turismo industriala, familiako turismoa, erosketa arduratsuak egiteko turismoa, ongizate-turismoa, negozio-turismoa eta abar sustatzea.
4. Laugarren konpromisoak adimen turistikoarekin du zerikusia. Ildo horretan, turismo-jarduera eta gure inguruneko joerak monitorizatzeko prozesuak garatuko dira eta, aldi berean, Eraldaketa Digitalera Egokitzeko Plan bat bultzatuko da, sektorea trebatzeko (baita ostalaritza ere), Itourbask Sarea barnean hartuta.
5. Azkenik, Euskadi-Basque Country turismo-jomuga lehiakorraren ekimenak turismoari buruzko gogoeta egiteko guneak sustatuko ditu, eskaria bultzatu eta lehiakortasuna hobetuko duten estrategiak diseinatzen laguntzeko.

 

Merkataritzaren arloan, suspertze-faseak honako hauek biltzen ditu:

 

1. Euskal Merkataritza Estrategia 2030

 

Merkataritza segurua, digitala, lehiakorra eta jasangarria lortzeko, “Turismo Jasangarrirako Estrategiarekin" koordinatu eta bateratuko den eta ekintza-planen bidez garatuko den “2030erako Merkataritza Estrategiaren” esparruan.

 

2. Lehiakortasunaren hobekuntza

Lehiakortasuna hobetzeko, beharrezkoa da eraldaketa digitalerako plan bat eta sektorea aztertu eta joerak eta jardunbide egokiak identifikatu eta zabalduko dituen zaintza lehiakorreko sistema bat abian jartzea.

Halaber, Merkataritza Eskola bat jarriko da abian. Bertan, gure gizartearen errealitatera egokitutako negozio-ereduekin lehiatzeko beharrezkoak diren gaitasunetan prestatuko dira profesional berriak.

 

3. Tokiko merkataritza bultzatzea

Herri eta hirien diseinuan merkataritza-hirigintzaren irizpidea txertatzeko lan-mahaien sorkuntza sustatuko da, udalekin koordinatuta eta udalerrietako mugikortasun-planaren esparruan.

 

4. Erakunde arteko gobernantzan sakontzea eta aliantzak sendotzea

 

Kontsumoa

 

Suspertze-fase horrekin batera, errealitate berrira egokitutako kontsumo-arloko politikak garatu behar dira.

 

1. Kontsumobide kontsumitzeko eta ordaintzeko modu berrietara egokitzea eta informazioa eta prestakuntza sustatzea. Horretarako, kontsumitzailearen eta erabiltzailearen estatutu berri bat sortu behar da, hau da, Kontsumoaren Lege berri bat. Gainera, Kontsumobide lanean ari da 900 linea bat instalatzeko. Telefono bakarra izango da, Kontsumobiderekin harremanetan errazago jartzeko, kontsumitzaileak bizi diren lurralde historikoa edozein izanik ere.

 

 

2. Enpresetan kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideekiko errespetuzko jokabide bat sustatzea.

 

3. Kontsumo-arloko gatazkak konpontzeko prozesuetan bikaintasuna bilatzea.KontsumoNET-en erabilera areagotzea.

 

4. Kontsumo-politiketan laguntza- eta lankidetza-sareak hobetzea. Elkarteen Erregistroari buruzko Dekretu berri baten bidez.

 

Sailburuak amaieran gogorarazi duenez, “krisi hau koiunturala da, bertatik atera gaitezke, eta gure esku dago nola. Kontsumitzeko dugun moduak ere izango du eragina horretan. Ezin dugu utzi gure auzoko saltokiak ixtea zergak hemen ordaintzen ez dituzten plataformetan kontsumitzeagatik. Zergarik gabe ez dago tokiko merkataritzarik, baina osasunik eta hezkuntzarik ere ez”.

 

Gaineratu duenez, krisi honetatik atera ahal izateko beharrezkoa izango da erantzukizun indibiduala eta kolektiboa, “nola jokatzen dugun: administrazioek, akordioetara iristeko eta neurri eraginkorrak aplikatzeko gaitasunari dagokionez; sektore ekonomikoek, eusteko ahalmenari, egokitzeko prozesuari eta osasun-protokoloen aplikazioari dagokienez; eta herritarrek, neurriak betetzeari eta kontsumo arduratsuaren inguruko sentsibilizazioari dagokienez".