Eusko Jaurlaritzak uztailaren 12ko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako jarraibideak aurkeztu ditu

2020.eko ekainak 01

  • Segurtasun Sailak eta Osasun Sailak uztailaren 12an herritar guztiek hauteskundeetan hauteskunde-prozesuak berak eta bozketa-eguneko osasun-egoerak eskatzen dituzten segurtasun-berme guztiekin parte hartzeko eta botoa emateko eskubidea gauzatu ahal izatearen aldeko apustua egiten dute
  • Herritarrek botoa emateko eskubidea berme osoz gauzatu ahal izateko osasun-jarraibide nagusiak dira segurtasun-tartea uztea, maskara erabiltzea, eskuak sarri garbitzea, gainazalak eta leku jendetsuak garbitzea eta desinfektatzea eta jendea pilatzea eragoztea.

 

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko eta Segurtasuneko sailburuek gaur goizean egin dute datorren uztailaren 12an egingo diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako osasun-jarraibideak azaltzeko agerraldia. Jarraibide horien helburu nagusia da herritarrek botoa emateko eskubidea bermez osoz gauzatu ahal izatea osasun publikoa babestuta.

Gaur eguerdian Lehendakaritzan egin den prentsaurrekoan, Nekane Murga Osasuneko sailburuak osasunaren ikuspegitik bete beharreko jarraibideak azaldu ditu, eta Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak, berriz, antolaketari buruzko alderdiak zehaztu ditu.

 

OSASUNAREN ESPARRUA

Osasun Sailaren ebazpen baten bidez, 7 alorretarako jarraibideak eta gomendioak nabarmendu dituzte: kasurik gehienetan azpimarratzen dira segurtasun-tartea uztea, maskara erabiltzea, eskuak sarri garbitzea eta gainazalak eta leku jendetsuak garbitzea.

  1. Hauteskunde-kanpainako ekitaldietarako lekuetan eta ekitaldi horietan bete beharreko jarraibideak. Hauteskunde-ekitaldiak egiten direnean, saihestu egingo da kontaktu pertsonala, eta beti errespetatuko da ezarritako segurtasun-tartea. Era berean, saihestu egingo da edozein eratako objektuak edo liburuxkak eskura ematea Leku itxietan egiten diren ekitaldietan, gel hidroalkoholikoa jarriko da sarreran, eta eskuzkoa ez den estalkidun zakarrontzi bat irteeran. Lekuak desinfektatu egingo dira jarduera amaitu ondoren.
  2. Hauteskunde-mahaiak eratzeari, horien kokapenari eta barneko antolaketari buruzko jarraibideak. Honakoak nabarmentzen dira:
  • Hauteslekuak ez dira adinekoen egoitzetan kokatuko.
  • Hauteskunde-mahaia osatzen duten pertsonen arteko segurtasun-tartea (1,5 m) bermatuko da, bai eta botoa ematera joaten diren pertsonen artekoa ere lurrean jarritako marken bidez; marka horiek norberaren txanda iritsi arte itxaroteko lekua seinaleztatuko dute. Berdin jokatuko da altzarien kasuan ere: boto-kutxa, kabinak, eta abar.
  • Antolaketa-neurriak hartuko dira hauteslekurako sarbideetan ordena mantenduko dela bermatzeko. Horretarako, sarrera-irteerak antolatuko dira jendea pilatzea eragozteko. Ilarak sortzen badira, hautesle zaurgarriak (65 urtetik gorakoak edo haurdun dauden emakumeak) lehenetsiko dira, hauteskunde-mahaietan ahalik eta denborarik gutxien igaroko dutela bermatzeko.
  1. Posta bidezko botoa: puntu honetan, batetik, posta bidezko botoa egiteko ohiko prozedura aipatzen da, eta, bestetik, boto-eskaerak ahalordetzeko notario-esku-hartzea behar den kasuetarako segurtasun-neurriak ezartzen dira. Adibidez, egoitzetan bizi diren pertsonak,
  2. Higiene-jarraibideak hauteslekuetan.
  • Bozketa-egunaren aurretik, instalazioak desinfektatuko dira.
  • Bozketa-egunean, aireztatuta egongo dira hauteslekuak, eta mahaiak, boto-kutxak eta kabinak tarteka garbituko dira, bai eta komunak, ateen heldulekuak, eskudelak eta sarri ukitzen diren bestelako gainazalak ere.
  • Hauteskunde-mahaiak ixten direnean, lokalak garbitu eta desinfektatuko dira.
  • Hauteslekurako sarreran nahiz mahaietan gel hidroalkoholikoa egongo da, bai eta zakarrontziak ere erabili eta botatzeko mukizapiak edo bestelako materialak botatzeko.
  1. Mahaiko kideen eta gainerako langileen babes pertsonalari buruzko jarraibideak. Puntu honetan biztanleriari orokorrean emandako gomendioak bete behar dira: segurtasun-tartea uztea, maskara kirurgikoa erabiltzea (materiala emango zaie) eta eskuak sarri garbitzea. Boto-zenbaketan neurri horiek areagotzea eskatzen da. Gainera, ez dute beren eskuekin NAN edo bozketa-gutun-azalak ukitu beharrik izango.
  2. Hautesleentzako jarraibideak. Aipatutako hiru gomendio horiek betetzeaz gainera, komeni da pertsona bakoitzak, etxetik irten aurretik, errolda-txartelean begiratzea botoa zein hautesleku, sekzio eta mahaitan eman behar duen, bai eta dokumentazioa prestatzea ere. Helburua da hautesleku barruan ahalik eta denbora gutxien egotea.
  3. Mahaiko zenbaketa, ondorengo eragiketak eta zenbaketa orokorra: zenbaketari begira, neurri hauek hartzea eskatzen da: distantzia, maskara eta eskuak garbitzea. Nitrilozko eskularruak eta FFP2 maskarak emango dira.

 

JARRAIBIDEEN ESKULIBURUA

Bestalde, Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak bihar onartuko duela uztailaren 12ko hauteskundeetako mahaikideentzako Jarraibideen Eskuliburua. Eskuliburuak jada badu Hauteskunde Batzorde Zentralaren eta Euskadiko Hauteskunde Batzordearen oniritzia, eta oraingoan hauteslekuetako osasun-gomendioak jasotzen dituen eranskin bat ere izango du.

Udalek ekainaren 13tik 17ra bitartean zozketa egiten dutenean, eskuliburua hauteskunde-mahaietako lehendakariei, kideei eta ordezkoei banatuko zaie izendapenaren jakinarazpenarekin batera. Eranskinean jasoko diren eta egun horretan bete beharko diren neurriak Osasun Sailaren ebazpenean ezarritakoak dira.

 

BESTE 41 HAUTESLEKU

Osasun Sailak proposatutako osasun-neurriek eragina izan dute uztailaren 12ko hauteskunde-egunean jarriko diren 2.678 hauteskunde-mahaien antolaketan ere. Hauteskunde-mahaien arteko eta hauteskunde-mahai bakoitzeko langileen arteko distantziak bermatzeko, udalek eta Estatistikako Institutu Nazionalak une eta leku batzuetan jendea pilatzea eragozteko alternatibak aurkitzeko ahalegina egin dute.

Horrela, hauteskunde hauetan aurrekoetan baino 41 hautesleku gehiago egongo dira.

  • 6 gehiago Araban
  • 27 gehiago Bizkaian eta
  • 8 gehiago Gipuzkoan

Horrez gainera, uztailaren 12an egongo diren 761 hauteslekuetatik 100ek beste kokaleku bat izango dute. Herritarrek, beraz, arretaz irakurri beharko dute EINk etxeetara bidaliko duen errolda-txartela, bertan jartzen baitu hautesle bakoitzak zein hautesleku eta mahaitan eman behar duen botoa.

 

POSTA BIDEZKO BOTOA

Esku-hartzean Segurtasuneko sailburuak aipatu du posta bidezko botoa eskatzeko epea hasi zenetik aurreko hauteskundeetan baino eskaera gehiago egin direla, segur aski osasun-egoeraren ondorioz, bai eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak udan egingo direlako ere.

Horrela, posta bidezko bota emateko epea maiatzaren 19an hasi zenetik orain dela lau urte denbora berean eskatu zen boto bakoitzeko zortzi eskatu dira.

Posta bidezko botoa emateko izapideak hasteko epea uztailaren 2an amaituko da eta, Segurtasuneko sailburuak gogoratu duenez, botoa posta bidez emateko izapideak hasten badira, gero ezingo da botoa aurrez aurre eman. Era berean, adierazi du hauteskundeak.eus web-orriaren bidez zuzenean sar daitekeela posta bidezko botoa eskatzeko EINren formularioan. Formulario hori norberaren datuekin bete eta sinatu ondoren, eskaera dagokion posta-bulegora eraman behar da. Formularioak duen barra-kodeak asko errazten du botoa posta bidez emateko eskaera posta-bulegoan aurkezteko eta erregistratzeko izapidea.

Era berean, jakitera eman du Hauteskunde Batzorde Zentralak Correos gaitu duela boto-eskaerak telematikoki eta sinadura elektronikoarekin egin ahal izateko bere webgunetik. Posta bidezko botoa eskatzen dutenek, postariak hauteskunde-dokumentazioa etxean ematen dienean, aukera izango dute postariari botoa emateko, posta-bulegora joan beharrean.

 

DATU EGUNERATUAK

Osasun Sailak Euskadiko egoera epidemiologikoa eguneratzen du COVID-19ri dagokionez, informazio honen bidez:

 

EGINDAKO PROBAK

Atzo 1.202 proba egin ziren guztira (977 PCR eta 225 test azkar).

BAIEZTATUTAKO KASUAK

  • Atzo PCR bidez baieztatu zituzten positibo berriak 0 izan dira.
  • Test azkarraren bidez detektatutako kasuak, 13 izan ziren. Proba horrek hartutako immunitatea edo pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu, eta iraganeko infekzio bat adieraz dezakete.

 

POSITIBOEN ETA OSPITALEEN EGOERA

Orain arte 1.541 pertsona hil dira guztira, atzo ez ziren hildako berririk erregistratu. Gainera, 29 pertsona ZIUn daude, aurreko egunean baino 2 gehiago.

 

Informazio gehiago:

Egoera epidemiologikoa:

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/boletin_coronavirus/es_def/adjuntos/1_junio_Boletin.pdf

 

Egoera asistentziala:  

https://www.euskadi.eus/contenidos/informacion/boletin_coronavirus/es_def/adjuntos/1_junio_Datos_Asistenciales.pdf

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko ekainaren 1a