Eusko Jaurlaritzak sarbidea erraztu die euskal enpresei teknologia digitalak probatzeko azpiegituretara, aurre egin diezaieten industria adimendunaren erronkei

BDIH2.JPG

2020.eko irailak 20

  • Eusko Jaurlaritzak abian jarri du BDIH-Konexio laguntza-programa, zeinak elkarrekin lotuko dituen ETEak eta Basque Digital Innovation Hub zentroa, euskal enpresei industria adimendunaren erronkei (jasangarritasuna eta digitalizazioa) aurre egiten laguntzeko.

 

Eusko Jaurlaritzak abiarazi duen laguntza-programa berriak sarbidea erraztuko die euskal enpresei (batez ere ETEei) gaitasun zientifiko eta teknologiko berritzaile eta bikainak eskuratzeko, beharrezkoak baitira industria adimendunak fabrikazio digital eta jasangarriaren arloan ekarriko dituen erronkei aurre egiteko; hala, enpresek aukera izango dute eboluzionatzeko eta lehiakorragoak izateko. Beraz, euskal enpresek posible izango dute esperimentazio eta probetarako azpiegiturak erabiltzea industria adimendunaren erronkei aurre egin ahal izateko.

Enpresek Basque Digital Innovation Hub “BDIH-Konexio” programako laguntzak eskatu ahal izango dituzte irailaren 22tik. 450.000 euro bideratu dira ekimen horretara eta SPRI Taldeak kudeatzen duen Basque Industry 4.0 Estrategiaren barruan kokatzen da.

Funtsean, BDIH-Konexio 2020 ekimenaren helburua da ekintza-plan bat gidatzea, zeinak sarbidea, konexioa eta laguntza teknikoa emango dion euskal industriari Basque Digital Innovation Hub-a (BDIH) –proba eta esperimentaziorako azpiegitura– erabili ahal izateko.

Era berean, programa horri esker enpresa onuradunek aukera izango dute Europako hainbat Digital Innovation Hub (DIHs) zentrorekin konektatu eta kolaboratzeko, BDIH lankidetza estrategikoak sortzen ari delako Europako Batzordeak sustatutako katalogoan agertzen diren Europako beste DIH batzuekin.

BDIH hori enpresei laguntzeko aktibo eta zerbitzu sare konektatu bat da, sei gune desberdinetan antolatutako fabrikazio aurreratuko hainbat arlotan espezializatua. Arlo horiek dira: Fabrikazio gehigarria, Robotika malgu eta kolaboratiboa, Zibersegurtasuna, Makina adimendun eta konektatuak, Material aurreratuak eta Data Driven Solutions, denak ere funtsezkoak produkzio digital eta jasangarria lortzeko. ZTBESko 21 agentek osatzen dute sarea, eta 100dik gora aktibo (ekipoak, laborategiak, lantegi pilotuak) ditu euskal ETEen zerbitzura, produkzio arloko teknologia digital eta jasangarrien inguruko prestakuntza emateko, ikerketarako, eta probak eta balidazioak egiteko.

Hala, enpresek sarbidea izango dute 4.0 Industriarako oinarrizkoak diren digitalizazio-teknologietara Basque Digital Innovation Hub zentroko agenteen eskutik, haien ezagutza eta azpiegiturak aprobetxatuko dituztelarik egoki barneratzeko industria adimendunaren erronkei aurre egiteko behar dituzten gaitasun zientifiko eta teknologikoak.

Sarbidea izan dezakete BDIH-Konexio programa berrira produktu-prozesu industrialarekin lotutako diseinu eta logistika arloko enpresek, manufakturako enpresa industrialek eta zerbitzu teknikoetakoek, baldin jarduera industrialeko zentro bat badute Euskal Autonomi Erkidegoan eta BDIHko agente bat edo gehiagoren edo Europako DIH bateko agente baten laguntza badute proiektua gauzatzeko.

Hona hemen zer eskaintzen duen BDIH Konexio programak:

  • BDIH edo Europako DIH zentro bateko agenteen laguntza teknikoa:
    • Ekintza-plan bat egitea 4.0 teknologiak barneratzeko ahalmena handitzeko, edota
    • Teknologia horien kontzeptu-proba bat egitea
  • 12.000€-20.000€ bitarteko dirulaguntza Agente bat kontratatzeko.
  • Fabrikazio gehigarria, Zibersegurtasuna, Makina adimendun eta konektatuak, Material aurreratuak eta Robotika malgua bezalako teknologiak esperimentatu eta probatzeko laguntza