Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Eusko Jaurlaritzak Ormaza Kontserbak fabrika Babes Bereziko Kultura-ondasun izendatzeko prozesua hasi du, Monumentu kategorian

Ormaza_ab.jpg

2020.eko irailak 01

  • Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak ostiralean argitaratu zuen prozesu horri hasiera ematen dion espedientea, ondare-balioa aitortzeko eta kontserbazioa ziurtatzeko.
  • Babes-proposamenaren arabera, fabrika eraikitzeak "inflexio-puntu bat eragin zuen, ordura arteko itxura tradizionaletik estilo “modernora” igaro baitzen".

 

Gasteiz, 2020/09/01       

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak ostiralean argitaratu zuen Bermeoko Ormaza Kontsebak/Conservas Ormaza fabrika Babes Bereziko Kultur Ondasuna, Monumentu Kategorian, deklaratzeko prozesuari hasiera ematen dion ebazpena. Izapide horren bidez, publikoki ezagutzera ematen da prozedura, eta interesdunek 20 eguneko epea izango dute, argitaratu zenetik, alegazioak aurkezteko. Alegazioak ebatzitakoan, baleude, Eusko Jaurlaritzak dekretu bidez onartuko du Ormaza Kontserbak fabrika Babes Bereziko Kultur Ondasun izendatzea, segurtasun-baldintzetan mantenduko dela ziurtatuz eta eraikinaren ondare-balioa aitortuz.

Eraikuntza Babes Bereziko Kultur Ondasun izendatzeak 1942an eraikitako eraikin honen balio kulturalak aitortuko ditu, "ikuspuntu historiko, teknologiko, ekonomiko, antropologiko eta industrialetik", baina baita "balio artistiko, tekniko eta arkitektonikoaren" ikuspegitik ere. Babes-proposamenean jaso denez, “fabrika hau eraikitzeak inflexio-puntua eragin zuen ordura arte eraikitako kontserba-fabriken aldean, ordura arteko itxura tradizionaletik estilo “modernora” igaro baitzen”.

Kultur balioak

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak landutako babes-proposamenak eraikinaren kultur balioak jaso ditu, azalduz “garrantzi berezia ematen diotela eraikinari” eta monumentu interesgarri bihurtzen dutela, "aintzat hartzeko eta belaunaldien artean transmititzeko".

Hauek dira monumentuaren balio kulturalak, ikuspegi historiko, teknologiko, ekonomiko, antropologiko eta industrialetik:

  • Arraina eraldatzeko eta kontserbatzeko prozesuak Bermeori ekarri zion iraultza berezia, ikuspuntu historiko, ekonomiko eta antropologikotik.
  • Kontserba-industriaren garapenari lotutako teknologia berriak eta aurrerapen teknikoak agertzea.
  • Eraikinaren tipologia arkitektonikoa aldatzea, sektoreko fabriken itxura tradizionalarekin konparatuta; izan ere, modu horretan, Bermeoko kontserba-industria Mugimendu Modernoaren aroan sartu zen.

Hauek dira monumentuaren balio kulturalak, ikuspegi artistiko, tekniko eta arkitektonikotik:

  • Arkitektura-lerro arrazionalistak eta funtzionalak, elementu ikonografikoak eta nolabaiteko monumentaltasuna uztartzen dituztenak.
  • Sinpletasuna eta lotura funtzionala, familia-enpresa tradizionalaren eskemari erantzuten diona, egoitza- eta industria-programa mistoa erabilita.
  • Izkinako konfigurazioa. Horrek adierazkortasun eta dinamismo handia ematen dio eraikinari, eta kalearen morfologia egokitzen eta indartzen du.
  • Erabilitako materialak: adreilua, lehen industria-iraultzaren garaia gogorarazten duena; eta hormigoia, material moderno.

Espedientean, eraikuntzan esku hartzeko irizpide orokorrak ezartzen dira, eta azpimarratzen da babestutako ondasunaren erabilerak bateragarria izan beharko duela babestu beharreko balioekin, betiere haren kontserbazioa eta balioa bermatuz. Era berean, nabarmentzen da esku-hartzeak ezinbestekoak baino ez direla izango, eta ahalik eta gutxien. Zehazki, babes-araubide honen eraginpeko ondasunaren balio kulturalen transmisioa eta aplikatzen diren prozeduren itzulgarritasuna ziurtatzeko ezinbestekoak direnak. Espedientean, azkenik, baimendutako eraikuntzako esku-hartzeak zehazten dira, eta ikusizko kutsadura eta/edo kutsadura akustikoa sortzen duten elementuak zerrendatzen dira.

Mugaketa

Mugaketak eraikina bera hartzen du soilik; izan ere, hiri-lurzorua da, eta zatirik handienean eraikinak daude. Beraz, eraikinaren perimetroaren mugek zehazten dute mugaketa-eremua. Proposatutako mugaketaren arrazoia da Bermeoko Ormaza Kontserbak fabrikaren ingurumen-balioak eta balio bisualak babestu behar direla. Mugaketa hori beharrezkoa da ondasuna behar bezala babestu, haren garrantzia nabarmendu eta eraikinaren izaera propioa gorde ahal izateko. Horregatik, eta hiri-ingurunea denez, nahikotzat jotzen da eraikinaren beraren mugaketa.

Eraikuntza

Ormaza Kontserben eraikina Bermeoko hirigune historikoaren hego-mendebaldean dago, Askatasuna Bidea kalean. Kontserba-enpresentzat bakarrik erabiltzen ziren eraikinak ugaritzen hasi ziren garai bati lotua dago eraikina (fase hau 1910ean hasten da Bermeon). Conservas Ormaza enpresa Ruperto Ormazak sortu zuen 1923an; bere seme Anton Ormaza izan zen, beranduago, 1941ean, enpresaren ardura hartu zuena. Urtebete geroago, balizko babes horren xede zen eraikina egin zen, Ispizuaren eskutik, ordura arte eraikitako kontserben lerroa hautsiz.

Bermeon bertan jaioa 1895ean, Ispizua euskal arkitekturaren ordezkaririk erakargarrienetako bat izan zen XX. mendean, Elias Mas Serra arkitekto eta idazlearen iritziz. Haren ustez, Pedro Ispizuaren arkitekturak “izaera eklektikoa” du, eta arkitektura-mota hori “nekez gaindi daitekeen obra da, denboraren eta gaien aldetik duen hedaduragatik eta bere proposamenen kalitate formalagatik”. Hori dela-eta, zaila da Ispizua estilo edo mugimendu jakin batean kokatzea, bere lana hizkera erregionalista batetik abiatzen delako eta beste mugimendu batzuetarantz doalako, hala nola, Art Decó-rantz, arrazionalismorantz, espresionismorantz, eta abar. Hala ere, haren obrak izaera eklektikoa du, eta hori da “berau identifikatzeko funtsezko elementua”.

Ormaza Kontserbak fabrika diseinatu eta eraiki zen unean, Ispizuaren obra heldutasun une batean zegoen, bere monografian “eklektizismo garaile” deiturikoa; une horretan eklektizismoaren behin betiko hedapena gertatzen da, aurreko gertaera arrazionalistaren ondoren. Horrela, eraikuntza arrazionalismoaren oinordeko izanik, “itxura soila eta apaindurarik gabea dauka, nolabaiteko klasizismo-dosiarekin eta dekorazio-ukituarekin fusionatuta”.

Eraikinak programa mistoa dauka (industria eta bizitokia), eta horrek ekonomia familiarraren izaera nabarmentzen du. Bizitokiaren atalak eta prestaketa-nabea zenaren (gaur egun desagertuta dago) gelaurreari dagokion bolumen erantsiak multzo bat osatzen dute, eta multzo horrek hegoaldera ematen du, orain Askatasun Bidea deitzen den kalerantz. Nabea beste bi bolumenen atzealdeko fatxadari zegoen atxikita, eta orubearen amaieraraino heltzen zen. Gaur egun, nabea bota egin denez, leku asko geratu da hutsik orubean.

Ormaza fabrikaren eraikina kalearen morfologiara egokitzen da, haren kokapeneko kurbadura indartuz. Izan ere, eraikin irregularra da, izkinan eraikita balego bezala, eta horrek balio erantsia eta handiagoa ematen dio obrari. Elementu urbanoa formen bidez sustatzeari eta estimulatzeari buruz, hauxe dio Amaia Apraiz historialariak: “Hori da fabrika honek Euskadiko Arkitekturaren Historiari egindako ekarpen handienetakoa”.