Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Eusko Jaurlaritzak eta hiru Aldundiek 2020ko Euskadiko abere-ustialeku hoberenak saritu dituzte

_DSC0006.JPG

2020.eko urriak 30

• 284 ustiategik hartu dute parte eta hamabost sari banatu dira guztira; hiru EAE mailan eta hamabi lurralde historikoen mailan

Euskadiko abere-ustialeku hoberenenaren XX. txapelketa ospatu berri da. Eusko Jaurlaritza, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, hiru lurraldeetako gestio-zentroak eta Neicer-Tecnalia dira antolatzaileak eta helburua da abere-ustiategien berritze teknologikoa bultzatzea eta hori saritzea, eta, txapelketa hau, horretarako pizgarri eta zabalkunderako tresna izatea.

Txapelketak bi mailatako sariak bereizten ditu, absolutua eta lurraldekakoa. Azken edizio honetan, 284 ustialekuk hartu dute parte; 105 Araban, 77 Bizkaian eta 102 Gipuzkoan eta hamabost sari banatu dira guztira: hiru EAE mailan, eta hamabi lurralde historikoen mailan. Lurralde historikoko saritu bakoitzak 1.000 euro eta garaikurra irabazi ditu eta EAE mailako sarituek, berriz, 1.500 euro eta garaikurra.

2020ko txapelketari dagokionez irabazleak honako hauek izan dira: EAE mailan, esne-behien kategorian, Iztueta Elkartea (Lazkao), haragi-behien kategorian, Victor Meabe (Goiuri) eta ardien kategorian, C.B. Mañondo (Izurtza) izan dira garaile.

Gipuzkoa mailan, esne-behien kategorian, S.C. Itzibar (Zizurkil), haragi-behien kategorian, Mikel Elgarresta (Urretxu), ardien kategorian, Jose Ignacio Ugartemendia (Berastegi), eta, azkenik, zuhain hoberenaren kategorian, Javier Muñoa (Zerain) izan dira garaile.

Arabari dagokionez, berriz, esne-behien kategorian, Asoloste, S.L. (Narbaiza), haragi-behien kategorian, Joseba Jauregui (Aramaio), ardien kategorian, Josu Saez (San Vicente de Arana) eta, azkenik, zuhain hoberenaren kategorian, S.C Urrutia Rueda (Gillerna).

Amaitzeko, Bizkaia mailan, esne-behien kategorian, C.B. Endika Sainz de la Maza (Karrantza), haragi-behien kategorian, Amaia Barba (Karrantza), ardien kategorian, Ricardo Murias (Muskiz), eta, azkenik, zuhain hoberenaren kategorian C.B. HNOS. Fisure (Karrantza) izan dira garaile.

Txapelketaren bitartez, honakoa saritu nahi da: batetik, maila tekniko eta ekonomikoagatik nabarmentzen diren ustiategiak, eta bestetik, euren produkzio metodoak baliabideen kudeaketa iraunkorra bermatzera bideratzen dituzten ustiategiak.

Euskadiko Autonomia Erkidegoko ustiategien edozein titularrek hartu dezake parte, baldintza bakarra, euren ganaduak ustiategian bertan bildutako eta kontserbatutako belar-bazkaren bitartez elikatzea da; bai siloratuta, bai belar iharra eginda. Hiru modalitate daude: esne-behiak, haragi-behiak eta ardiak.

Ustiategien sailkapena bi fasetan egiten da: lehenengoan aukeraketa bat egiten da, non ustiategietako hainbat ezaugarri (kontserbatutako bazka-belarraren kalitatea eta datu teknikoak, ekonomikoak, ingurumenari eta merkaturatzeari buruzkoak) puntuatzen diren; eta bigarrenean, lehenengo fasean aukeratutako ustiategiak bisitatzen dituzte epaimahaiko teknikariek puntuatu ahal izateko.

Txapelketaren formatu aldaketa

Txapelketa hau 2000.urtean hasi zen eta 1998 geroztik ospatzen zen Siloen Txapelketaren jarraipena da. Bi hamarkadatako ibilbidea eginik, urteurrena aitzakia hartuz, erakunde antolatzaileek jakinarazi dute txapelketaren inguruko hausnarketa bat egin eta martxan jartzeko aprobetxatuko dutela; beraz, 2021era begira, lehiaketak formatu berritua izango du.