Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Eusko Jaurlaritzak 70,7 milioi euro bideratu ditu mahats bilketan murgilduta dagoen Euskadiko mahastizaintza eta ardogintzaren sektorera

2020.eko irailak 30

  • Uda hasieran botatako txingorragatik txikiagoa izan bada ere, Arabako Errioxako uztak kalitate bikaineko ardoa iragartzen digu
  • Gobernu Kontseiluak mahastizaintza eta ardogintzako enpresen errendimendua hobetzeko laguntzen beste deialdi bat onartu du, zeinak 25 milioi inguruko inbertsioak bultzatzen baitu
  • Upategiek, osasun egoeraz jakitun izanik, mahats bilketa bermeekin bukatu ahal izateko neurriak indartu dituzte

Jada  mahats bilketaren erdian egonda, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Oroz eta UAGA sindikatuko presidente Javier Torre ondoan zituela, Villabuena Arabako Perez Maestresala upategiaren mahastiak bisitatu ditu, Arabako Errioxan, 2020ko kanpaina nola doan lehen eskutik ezagutzeko.

Tapiaren hitzetan, Eusko Jaurlaritzak badaki urte hau zaila izaten ari dela  gure mahastizainentzat eta ardogileentzat. Eguraldi txarrari –ekaineko harria– eta gaixotasunei –mildiua eta oidioa– COVIDak ekarri duen ziurgabetasuna batu zaie aurten. “Kanpainaz gaur egun egiten dugun irakurketa, ordea, positiboa izaten ari da, eta ardo zuriaren mahats bilketa ia bukatuta dagoen une honetan aurreratu dezakegu aurtengo uzta bikaina izango dela.”

Kalitate altua

Orain arte eskura ditugun datuen arabera, 2020ko kanpainako uzta txikiagoa izaten ari da eskualdeko hainbat herritan, une batzuetan botatako txingorragatik eta uragatik, mahatsondoak loratzea galarazi baitzuten, eta bereziki mildiuagatik; halere, azpimarratu behar da mahatsondoek emandako mahatsa, orain jasotzen ari dena –XXI. mende honetako mahats bilketarik konplexuenetakoa– oso ona eta kalitate handikoa dela.

Lehen muztioekin, ardogileak “kolore eta ezaugarri ezin hobeak” dituztela esaten ari dira, eta egun hauetan 13,4º eta 14º arteko gradua ematen ari dira.

Beste laguntza deialdi bat

Tapiak jakinarazi duenez, Gobernu Kontseiluak atzo, asteartean, bilera egin zuen eta bertan onartu zen mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreko enpresen errendimendu globala hobetzeko, merkatuaren eskarietara egokitzeko eta beraien lehiakortasuna areagotzeko sektorean egingo diren inbertsioetarako 2021ean emango diren laguntzen deialdia.

7,5 milioi euroko laguntza horien bitartez babes finantzarioa emango zaie ardogintzako eraldaketa instalazioetan eta azpiegituretan eta salmentarako egitura eta tresnetan egiten diren inbertsio ukigarri edo ukiezinei, baita energia aurrezpena, energia eraginkortasun globala eta prozesu iraunkorrak hobetzearren egiten direnei ere. Espero da 25 milioi euroko inbertsio jarduketak aurkeztuko direla.  

Edarien sektoreari laguntzeko Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako ekimen sortako bat dira laguntza hauek, eta ekimen horien artean azpimarratzekoa da, batetik,  NEKAFIN tresna finantzarioa, oso baldintza onuragarriak dituen 50 milioi euroko kreditu lerro bat, zeinarekin orain arte 25 upategik baino gehiagok onurak izan dituzten, eta, bestetik, 700.000 euroko berrikuntza bonoak, zeintzuei 40 upategi inguru atxiki baitira.

Sustapen kanalak indartzeko ekintzak ere ari dira lantzen, euskal upategietako produktuak salmentarako eta posizionamendurako bide berrien bitartez bistaratu ahal izateko, ARDOA Basque Wine Officek koordinatuta. Beraz, MAE Sustapeneko laguntzak gaitu dira (2020-2021), 12,3 milioi euroren balioarekin,  ardogintzako produktuak hirugarren herrialdeetan ezagutarazteko eta sustatzeko ekintzei eta programei zuzenduta, bai eta Lehiatu Ardoa Programa ere, zeinak 200.000 euro bideratzen baititu guztira ardogintzako erakundeentzat, beren produktuak atzerriak sustatu ditzaten eta irteera komertzial berriak sustatzeko.

COVID-19aren aurkako neurriak

Sektoreak onartu egin ditu sasoikako langileen kontratazioa aitortzeko obligazioa ezartzen zuen aginduak planteatutako eskakizunak, kontratu kopurua eta sasoikako langileen bizilekuak ezagutzeko eta PCR probak kudeatu eta osasun laguntza bermatu ahal izateko. Epea amaitutakoan, Eusko Jaurlaritzak 685 upategiren eta ardogileren aitorpenak zenbatu ditu guztira, zeintzuek sasoikako 3.000 pertsona ingururi ematen baitiete enplegua.

Sailburuak gogora ekarri du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko Sailak, Ardoa-Basque Wine Office bulegoaren bitartez, telefono zenbaki bat jarri duela (900 101 400) kanpaina honetan COVID-19aren prebentzioari buruz sortzen diren zalantzak eta gaiak argitzeko.