Eusko Jaurlaritzak 20 milioi euro ordainduko ditu Nekazaritza Politika Bateratuaren laguntzen aurrerakin gisa

2020.eko urriak 22

 

  • Laster, 7.000 abeltzain eta nekazari inguru baliatu ahal izango dira Eusko Jaurlaritzak Foru Aldundiekin batera kudeatzen dituen zuzeneko laguntza hauetaz
  • Euskadik lanean jarraituko du NPBren subsidiariotasun eredu hau eskualdetara zabal dadin

Sektoreak egindako eskaerak ikusita eta kanpaina honek Covidaren ziurgabetasunen mende egoteagatik dituen berezitasunak direla eta, Eusko Jaurlaritzak erabaki du Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) 2020ko ekitaldiko zuzeneko laguntzei zegokien diruaren %70 aurreratzea. Aurrerakin horiek 20 milioi eurokoak ere izan daitezke eta gutxi gorabehera 7.000 eskatzaileri egingo diete mesede. Eskatzaile kopuru horretatik, 5.300 inguru oinarrizko ordainketako eta ordainketa berdeko erregimenekoak lirateke eta 1.700 inguru, berriz, nekazari txikientzako erregimen erraztukoak.

Laguntzen kudeaketa arintzeko eta kobrantza ahalik eta azkarren egiteko, oinarrizko ordainketei, greening ordainketei eta lekuan bertan kontrolik eta eskubide lagapenik ere egin behar ez duten baina kontrol administratiboak beteta dituzten nekazari txikientzako erregimenekoei dagozkien ordainketak aurreratuko dira. Hala dator jasota Covidagatik ezarriko diren malgutze neurrien erregelamenduan, zeinaren bidez NPBren zuzeneko laguntzen ordainketen %70 ere aurreratu ahal izango den, jakinda egoera normaletan gehienez ere ordainketen %50 aurreratu daitekeela.

NPBren laguntzak

NPBren laguntzak bost talde handitan banatzen dira:

    • Oinarrizko ordainketa: 2013ko kanpaina oinarrizko erreferentziatzat hartuta, nekazari bakoitzak jasotzen dituen zuzeneko laguntzak.
    • Klimaren eta ingurumenaren ikuspegitik onuragarriak diren nekazaritza jardueretarako ordainketa (ordainketa berdea edo greeninga)
    • Nekazaritza jarduera bati ekiten dioten nekazari gazteentzako ordainketa osagarria
    • Nekazaritza ustiategi txikietarako erregimen erraztua
    • Nekazariei edo abetzainei lotutako laguntzak

 

Kudeaketa partekatua

Laguntza horietarako funtsak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan jasotzen dira, eta horien kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren Erakunde Ordaintzaileari dagokio, zeinak Foru Aldundien esku uzten baitu bere kontrol eginkizunetako batzuk.

Garrantzitsua da azpimarratzea agente guztien arteko koordinazioa oinarrizkoa dela, sartu diguten funts kopuru nabarmen hori lehen sektorera irits dadin, garaiz eta ezarritako moduan, atzerapenik gabe, egungo krisi unea gorabehera.

NPBren gaineko Akordioren balorazioa (2023-2027)

Astearte gauean, Europako Kontseiluak NPBren 2020aren ondoko erreforma paketearen gaineko akordio orokor bat lortu du. Europako aurrekontutik NPBri azkenean esleitu zaion diru zenbatekoa 390.000 milioi eurokoa da, eta diru kopuru horretatik 47.700 milioi inguru Espainara bideratuko dira, eta Euskadira 65 milioi urteko (2023-2027).

Euskadik NPBren 9 helburu estrategiko berak ditu (nekazariei bidezko errenta bat bermatzea, lehiakortasuna areagotzea, elikaduraren katean botere oreka berreskuratzea, klima aldaketaren aurka jardutea, ingurumena babestea, paisajeak eta biodibertsitsatea babestea, belaunaldi erreleboa sustatzeaak berrorekatzea), bai eta erreforma honek bultzatzen duen kudeaketa eredu berria ere (Delivery Model), zeinarekin estatu kideek eskura dituzten tresna eta ekintzarik hoberenak aukeratu ahal izango dituzten Europako helburua zabaletara eta estandarretara iristeko.

Horri dagokionez, erreforma honen elementurik baikorren gisa, azpimarragarriak dira babestu beharreko onuradun potentzialak edo sektorek definitzeko Estatu Kideei uzten zaien izaera subsidiarioa, Green Deal izenekoa (itun berdea) bultzatzen duen trantsizioa ahalbidetuko duten ekoeskemen sarrera, berrikuntza sistemaren indartzea, nekazarientzako ezagutza eta aholkularitza, NPBren bi zutaberen laguntzak plan bakarrean integratzea (Plan Estrategikoa), edo Plan Estrategikoei helburuen eta adierazleen betetze mailan oinarrituta egiten zaien ebaluazioa.

Halere, subsidiariotasun eredua ez da eskumenen aldetik autonomoak diren eskualdeetara zabaldu estilo federaleko edo autonomikoko estatuetan edo gutxienez autonomia fiskala dutenetara –Euskadin, esaterako– eta ez zaie uzten, beraz, Plan Estrategiko propioa lantzen, onartutako erregelamenduak Plan Estrategiko bakarra aurreikusten baitu Estatu Kideko.

Zentzu horretan, tamalez, Nekazaritza Ministerioak ez du inoiz defendatu aukera hau Europako Batzordearen aurrean, indarreko ordenamendu konstituzionala gorabehera, jakinda Estatuko autonomia guztiek nekazaritzaren alorrean eskumen guztiak dituztela.

Plan estatalean egitura produktibo eta sozial erabat heterogeneoak daude elkarrekin; beraz, egungo akordioak ez dio Eusko Jaurlaritzari uzten NPBren laguntzak Euskadiko errealitate estrukturalera eta produktibora egokitzen.