Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak Maite Gurutxagaren ilustrazio bat aurkeztu du Liburuaren Nazioarteko Eguna eta, lehen aldiz, milioi bat erabiltzaile dituela ospatzeko

Argitalpen-data: 

liburuaren_eguna2020.jpg
  • 2019an, 2.744.226 mailegu egin ziren Sarean bildutako liburutegietan, aurreko urtean baino 120.000 gehiago.

 

Gasteiz, 2020/04/22       

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak Maite Gurrutxaga irudigileak egindako kartel bat aurkeztu du bihar izango den Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatzeko. Lan horretan, aldarrikatu nahi izan du irakurketari esker "badagoela beste modu bat etxetik irten gabe beste mundu batzuk bisitatzeko eta ezagutzeko”. Horrekin batera, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak iazko balantzea ezagutzera eman du. Konfinamenduaren ondorioz egun hauetan liburutegiek salbuespenezko egoera bizi badute ere, euskal liburutegiek datu bikainak eskaini zituzten 2019an. Iaz, 2.744.226 mailegu egin ziren Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan (aurreko urtean baino 120.000 gehiago), eta, lehen aldiz, milioi bat erabiltzaile baino gehiago izan ziren: guztira, 1.036.217 erabiltzaile (aurreko urtean baino 41.038 gehiago).

Liburuak aurrez aurre mailegatzeko zerbitzua duela hilabete baino gehiago ia erabat eten zen arren, liburutegi-zerbitzu askok jarraitzen dute eskaintzen gomendio-zerbitzuak, irakurketa-gidak eta mailegu digitalei buruzko zalantzak konpontzeko argibideak. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean bildutako liburutegi-zerbitzuek, gainera, irakurketarako gonbidapena egin nahi izan dute Liburuaren Nazioarteko Eguna dela-eta, Maite Gurrutxagak egindako ilustrazio bat baliatuz. "Garrantzitsua iruditzen zitzaidan bizi dugun egoera islatzea. Horrekin batera, azaldu nahi nuen nola badagoen beste modu bat etxetik irten gabe beste mundu batzuk bisitatzeko eta ezagutzeko, bizitzekoa. Eta hori irakurketaren bidez lor dezakegu”, azaldu du Gurrutxagak.

Mailegu digitalak

Une honetan liburutegi gehienek ez dute formatu fisikoko liburuen mailegua eskaintzen, baina konfinamendua hasi zenetik eLiburutegiaren bidezko mailegu digitalak biderkatu egin dira. Otsailean, konfinamenduaren aurretik, maileguak 190 eta 260 artean egunean baziren, azken asteetan egunero 1.000 eta 1.200 mailegu artean bideratzen ari dira.

Martxoa izan da eLiburutegiaren bidez mailegu gehien erregistratu diren hilabetea, nahiz eta apirilean kopuru hori gainditu den eta eLiburutegiaren hilabeterik aktiboena izango den 2014ko azaroan abian jarri zenetik (orain arte 22.000 mailegu baino gehiago egin dira apirilean; martxoan 18.539 egin ziren; otsailaren, 6.553; eta urtarrilaren, 7.571). ELiburutegiak eskaintzen dituen 20.000 tituluen artean, Dolores Redondoren La cara norte del corazón eta Karmele Jaioren Aitaren etxea dira gehien eskatzen ari direnak.

2019ko balantzea

Iazko balantzeari dagokionez, 2019an EAEko liburutegi gehienak biltzen dituen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak 2.744.226 mailegu izan zituen, aurreko urtean baino 120.000 mailegu gehiago eta 2017an baino 145.000 gehiago. Gainera, Sarearen erabiltzaileen kopuruak gora egiten jarraitu zuen beste urtebetez. Hala, 2019an, guztira 41.038 pertsona hurbildu ziren Euskadiko liburutegietara alta emateko, eta lehen aldiz milioi bat erabiltzaile baino gehiago izan ziren (guztira, 1.036.217 erabiltzaile izatera iritsiz, Euskal Autonomia Erkidegoko bi biztanletik bat).

Liburutegien arteko Maileguek ere igoera nabarmena izan zuten 2019an. 2018an 96.959 eskaera egin ziren zerbitzu horren bidez, baina 2019an 120.000 mailegu baino gehiago egin ziren (erabiltzaile batek liburu bat bere liburutegian aurkitzen ez badu, beste batetik helarazten zaio). Horrela, azken urteetan izandako liburutegien arteko maileguen hazkundearekin jarraitzen da; hau da erabiltzaileek gehien baloratzen duten zerbitzua.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzako Liburutegi Zerbitzuak 2004an sortu zuen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, Euskadiko liburutegi publiko guztiak biltzeko, sinergiak sortzeko eta zerbitzuak hobetzeko. Sare hori batez ere udal-titulartasuneko liburutegiek osatzen dute, nahiz eta zerbitzu horretan udalaz kanpoko titulartasuna duten beste batzuk ere sartzen diren (Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Artxibo Historikoa, habe, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa, Zarauzko Photomuseum, Arabako Foru Aldundiaren mendeko liburutegiak...).