Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

ETSk Vitoria-Gasteizko Tranbia Salburuara luzatzeko lanak hasi ditu

Argitalpen-data: 

ETSk Vitoria-Gasteizko Tranbia Salburuara luzatzeko lanak hasi ditu

Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, Vitoria-Gasteizko tranbia Salburua auzoraino luzatzeko lanen eraikuntza hasi du gaur. Salburuako amaierako geralekua egongo den Juan Carlos I Etorbidearen inguruan, topografo talde batek esleitutako proiektua egiaztatzeko lanak hasi ditu, atzo bertan zuinketaren akta sinatu eta gero.

Hurrengo pausoetan, Salburuako Bulebarraren inguruan bulegoak eta metaketak egiteko guneak instalatuko dira, eta ukitutako zerbitzuen desbideraketaren eta tranbiak zirkulatzeko ondoren egingo diren  plataformaren hondeaketa lanen eraginak jasoko dituzten hiriko altzariak kenduko dira.

Tarte berria 2,5 kilometro izango da luze, eta Santa Luzia, Iliada, Nikosia, La Union eta Salburua izeneko bost geraleku berri eraikitzea aurreikusten da. UTE Altuna y Uria / Tecsa izeneko ABEEari esleitu zaion obra zibileko kontratuak 15,5 milioi euroko aurrekontua du, eta gehieneko egikaritze epea 30 hilabetekoa da.

Geraleku berriak, 50 metro luze (sartzeko arrapalak barne), 3,5 metro zabal eta 25 zentimetro altu izango diren alboetako nasekin diseinatu dira. Trazatuaren %95ean, trazatu berria bide berdetik joango da.

Lehenengo fasean, lanak aldi berean egingo dira trazatuaren bi puntutan: Juan Carlos I Etorbidean eta Salburuako Bulebarrean, Nikosia kalearen parean. Bigarren jarduketa horretan aldaketak egin beharko dira errepideko trafikoaren zirkulazioan. Aldaketa horiek aurretik adostuko dira Vitoria-Gasteizko Udalarekin, eta behar den aurrerapenarekin iragarriko dira. Puntu horretan, behin betiko egoeran, tranbiak mendebaldetik zirkulatuko du, eta bulebarrak bi errei izango ditu noranzko bakoitzean, une honetan dituen hiruen ordez. Hori dela eta, egin beharreko lehenengo lanetako bat egungo erdibitzailea bulebarraren mendebalderantz eramatea izango da.

Trazatua

Trazatu berriaren lotunea Florida, Herran eta Las Trianas kaleek bat egiten duten puntuaren inguruan dago. Tranbia Unibertsitatera luzatzeko lanek maniobretarako mahuka bat prestatu dute bertan. 0+200 K.P.an trazatua, Calasanz – Escolapios ikastetxearen itxidurarekin paraleloan doan iparraldeko galtzadaren gainera sartzen da, eta tranbiaren plataformak galtzada hori okupatuko du.

Florida eta Jacinto Benavente kaleen intersekzioan dagoen biribilgunean, trazatuak eskuinerantz egiten du pixka bat, 230 metroko zuzenguneari bidea emateko. Bertan dago lehenengo geltokia, nasak alboetan eta katenariaren zutabeak erdian dituen Santa Luzia, Vicente Alexandre kalearekin intersekzioan dagoen biribilgunea zeharkatu aurretik.

Tranbiak Florida kaleko iparraldeko galtzadatik jarraituko du, eta Astronomoen kaleko intersekzioan dagoen biribilgunea igaro ondoren, trazatua Iliadako Pasealekuan sartuko da. Bigarren kale horretan dago tarteko bigarren geltokia, Iliada. Geltoki horrek ere nasak alboetan eta katenariaren zutabeak plataforman zentratuta ditu.

90 graduko bira egin ostean, tranbiaren plataforma bulebarreko mendebaldeko galtzadaren gainera joango da, 645 metroko lerrokadura zuzenean. Bertan egongo dira Nikosia eta La Unión geltokiak.

Ondoren, tranbiaren plataformak La Unión plazako biribilgunea zeharkatu, Salburuako Bulebarreko tarteko galtzadatik aurrera egin, ibilbidea Aerodromoko Pasealekuko oinezkoentzako gunetik jarraitu, zenbait bidegurutze igaro eta, amaitzeko, Juan Carlos I Etorbideko erdibitzailearen gainean dagoen pasealeku eta lorategi eremuaren gainetik joango da.

Amaierako geralekua, Salburua, auzoaren erdialdean dago, gutxi gorabehera, Juan Carlos I Etorbidearen erdian.