Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila

ETSk eta Metro Bilbaok, ikusmen urritasuna duten pertsonak geltokietan gidatzeko gailua probatu dute

Argitalpen-data: 

Euskal Trenbide Sareak eta Metro Bilbaok ikusmen urritasuna duten pertsonak geltokietan gidatzeko aplikazio mugikor bat probatu dute. Soluzio hori QR motako seinale berrietan oinarritzen da. Kamera eta Interneterako konexioa duen gailu mugikor baten bitartez seinaleak urrundik irakurtzeko aukera ematen du, edozein argiztapen-baldintzarekin eta irakurketa-angelurekin.

Sistema hori ahalik eta modurik osatuenean probatzeko, ETSk eta Metro Bilbaok Zazpikaleetako geltokia aukeratu dute proba pilotua egiteko, linea ugari jasotzen dituen terminala delako eta bertan gidatzea beste geltoki batzuetan baino konplexuagoa delako.

Ernesto Martinez de Cabredo ETSko zuzendari nagusia eta Eneko Arruebarrena Metro Bilbaokoa eta Juan Carlos Andueza ONCE Euskadiko lurralde-ordezkaria bertan izan dira gaur goizean. ETSko eta Metro Bilbaoko langileak, telefono mugikorra eta aplikazio hori zutela, metroaren 1-2. eta 3. lineetako hainbat puntutan ibili dira gailuaren eraginkortasuna egiaztatzeko.

Bai ETSk bai Metro Bilbaok lanean jarraitzen dute euren trenbide sareen irisgarritasuna hobetzeko; lan-ildoetako bat, urritasun sentsorialak dituzten pertsonen kolektiboentzat soluzio berriak aztertzea da.

Irisgarritasunaren arloko soluzio berritzaileak aztertzeko ondorengo prozesuan, ETS eta Metro Bilbao bat etorri ziren Navilens enpresak ikusmen urritasuna duten pertsonen kolektiboarentzat garatzen duen gidaritza- eta informazio-teknologia baloratzeko orduan.

Seinale espezifikoak instalatuz, ibilbideak diseinatu eta elementuei buruzko informazioa eman daiteke, eta baita informazio dinamikoa ere (tele-adierazleen kasuan), ikusmen urritasuna duten pertsonentzako edozein gune irisgarri eginez, itsutasuna nahiz ikusmen urria izan.

Osagarri gisa, informazio bisual aberastua oinarri hartuta, ikus dezaketen pertsonentzako ere gida bisual gisa balio dezake. Horrela, erabiltzaile guztientzako hizkuntza arloko oztopoak ezabatzen ditu, seinaleen informazioa erabiltzailearen gailu mugikorraren hizkuntzan erakusten delako.

Seinaleak ETSko sarbideetan eta nasetan instalatuko dira, eta baita Metro Bilbaoko sarbideetan ere, eta esperientzia pilotu honetan modu aktiboan laguntzen ari diren tren erakundeetako eta ONCEko langileek sistemaren ebaluazio osoa egin arte luzatuko da.

Ekimen bateratu hori probatu gura duten pertsona guztiek, beste ezer baino lehen, NaviLens aplikazioa jaitsi beharko dute. Mugikorrean instalatu ondoren, aplikazioa ireki eta gailuaren kamera dagokion piktogramara fokatu beharko da, nahi den informazioa jasotzeko. Aplikazioa IOSerako eta Androiderako dago erabilgarri.

Euskarazko informazioa jasotzeko AhoTTS aplikazioa jaitsi beharko da, testutik ahotsera igarotzeko sistema (Text-to-Speech). Aplikazio hori Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Aholab ikerketa taldeak garatu du. Androiderako baino ez dago erabilgarri.