Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Era guztietako entitateak ari dira euskaraz aritzeko guneak antolatzen hurrengo Euskaraldirako

Argitalpen-data: 

prentsaurrekoa-1.JPG
  • Sektore eta mota ezberdinetako ehunka enpresa, erakunde eta elkartek ariguneak osatu eta Euskaraldian parte hartzeko izena eman dute dagoeneko
  • Euskaraldiaren bueltan osatutako sareak babesa eta gertutasuna sortzea helburu duela azaldu dute sustatzaileek
  • Herrietako batzordeen sorrera erritmo onean doa, lurralde gehienetan lehen edizioko herri kopuruak izena eman baitu dagoeneko

Milaka dira jadanik Euskal Herri osoan euskararen erabilera ardatz duen Euskaraldia ariketa sozialerako aktibatzen ari diren ariguneak. 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo den Euskaraldiaren bigarren edizioaren berrikuntza nabarmenetakoa da ariguneena, era guztietako erakunde, enpresa eta elkarteetan sortzen diren euskara erabiltzeko gune babestuena. Izan ere, lehen edizioan hiztunen arteko harremanetan oinarritutako ariketa sozialari talde babestuetan egiten den ariketa gehitu zaio aurten.

Agerraldian deia egin zaie Euskal Herri osoko elkarte, enpresa, komertzio, erakunde eta bestelako entitateei, euskaraz aritzeko aukera egongo den guneak sortu ditzaketen aztertu, ariguneak osatu, saretu eta gune horiek babestu ditzaten. Jadanik sektore, tamaina eta izaera oso ezberdinetako erakundeak ekimenarekin bat egin dutela eta euskaraz aritzeko guneen mapa zabala osatzen ari dela azpimarratu dute antolatzaileek. Ehunka zentrotan milaka arigune sortuta eta izena emanda daudela jadanik azaldu dute.

Ariguneak sortu eta entitateek izena emateko epea irailaren 27rarte irekita egongo dela azaldu da prentsaurrekoan.

Ariguneak osatzen hasi diren hiru erakundeetako ordezkariak eta Euskaraldiaren antolaketan eta koordinazioan ari diren beste hainbeste entitatetakoak bildu dira gaur, ekainak 16, Donostiako Tabakaleran izandako ekitaldian. Xabier Iturbe Euskalteleko presidentea,  Leire Okarantza Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduraduna, Jabier Otermin Super Amara Bera Bera kirol klubeko komunikazio arduraduna, Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusia, Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topagunearen presidentea eta Euskaraldiko koordinatzaile Arrate Illaro izan dira gaurko agerraldian.

Euskaraldian entitateek euskararen erabilera sustatzeko urrats praktikoak emango dituztela azaldu du Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko presidenteak eta urrats horiek garrantzia kualitatibo handia dutela azpimarratu du, “euskaraz gehiago aritu nahi dutenei horretarako aukera ematen dielako, eskoletan egiten den lanari babesa eman eta aisialdian zein lan-munduan euskaraz aritzeko aukera ematen duelako, era guztietako erakundeek gizartearen nahi maioritarioarekin bat egiten dutelako eta  euskararen biziberritze prozesuari hauspoa ematen diotelako”.  

Koronabirusaren krisiak sortutako egoeran sareak sortu eta elkar babesteko beharra areagotu dela nabarmendu du Amonarrizek era berean: “Euskararen inguruan osatutako sare honek biak eskainiko ditu: gertutasuna eta babes soziala. Horregatik uste dugu Euskaraldiak berriro ere ekarpen handi bat egin diezaiekela bai euskal gizarteari eta baita ekimenean parte hartuko duten pertsona eta entitateei ere, euskararen erabileraren aldeko sare handi bat eratuz”.

Ildo beretik aipatu du Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Euskara Sustatzeko Zuzendari Estibaliz Alkortak impass garai honetan ikusi ahal izan dela “oraindik ere bide luzea dagoela denon hizkuntza eskubideak errespetatu eta gizarte berdinzaleagoa lortzeko, tokikotasunetik eta errespetutik abiatuta” Erakunde publikoak ere horren jakitun izanik, oraindik egiteko asko dagoela azaldu du. “Uste dugu ariguneek epe labur eta ertainean garrantzitsua izango den ekarpen bat egingo digutela. Belarriprest eta ahobizi rolak bezala, geratzeko etorri direla uste dugu.”

Ehunka entitate, errealitate ezberdinak

Arrazoi eta motibazio ezberdinetatik hurbiltzen ari dira orain arte izena eman duten erakundeak Euskaraldira. Batzuek aurretik lantzen ari diren ibilbideari jarraipena emateko aukera ona eskaini die Euskaraldiak, lehendik martxan zituzten euskara planen osagarri delako ekimenetik egindako proposamena. Beste hainbatek aldiz, euskararen erabilera bultzatzeko espazio berriak sortu eta babesteko aukera ikusi dute Euskaraldiaren bigarren edizioan.

Euskara enpresa gisa identifikatzen dituen konpromisoa dela azaldu du Xabier Iturbe Euskalteleko zuzendariak: “Telekomunikazio-operadore gisa hasi ginenetik, euskara enpresa barruan nahiz kanpoan bultzatzeko konpromisoa hartu dugu. Orain dela 17 urte enpresa barruan euskararen trebakuntza eta haren erabilera bultzatzeko zenbait ekimen dituen Euskara Plan bat sustatzen dugu urtero. Horren baitan, Euskaraldiaren lehenengo edizioan erakunde sustatzailea izan ginen moduan, aurtengo bigarren edizioari begira ariguneak identifikatzeko lanean murgilduta gabiltza. Horrela, joan den apirilean beroketa moduan hartu genuen Etxealditik Euskaraldira ekimena Euskalteleko ahobizi eta belarriprest guztiok”.

Fagor taldean ere 20 urte baino gehiago ari dira euskararen garapena eta iraunkortasuna bultzatuz eta egun Euskal Herriko lantegietan dituzten 5.000 langiletatik %80k baino gehiagok euskararen ulermena bermatua duela azpimarratu du Leire Okarantzak, Gestio Sozialeko arduradunak: “Gizarte erantzukizunez jardunez lortu dugu hau guztia, kooperatiben irabazien zati bat langileen arteko harreman orekatuagoak bultzatzeko inbertituz eta elkarbizitza linguistikoa, langileen arteko kohesioa eta motibazioa sustatuz. Norbanakoak ez ezik erakundeari ere hizkuntza hautua egitea dagokio eta lan eremuan euskarari komunikaziorako funtzio propioak aitortzea”. Euskaraldiak elkarlanean aritzeko aukera ematen duela azpimarratuz Fagorren “ilusioz” daudela azaldu du Okarantzak.

Super Amara Bera Bera kirol klubeko ordezkariak, Jabier Oterminek, ere taldeak barne zein kanpo ariguneak sortu eta Euskaraldian parte hartuko duela adierazi du, kirol talde modura lantzen dituzten baloreekin bat egiten duelako: “Kirolak beti kirolari ematen dio lehentasuna eta, horregatik, arreta jartzea beharrezkoa da, izan ere, kirolak balore ugari zabaltzen ditu: elkartasuna, kemena, adorea, erantzukizuna, lidergoa, talde-lana... eta Bera Beran euskarari ere behar duen garrantzia eman behar diogu, kirolak ere harremanak sustatzen dituelako eta Euskal Herriko erreferentziako taldea garelako”. 

Herri batzordeak lanean

Herrien izen-emate aldia ere martxan dagoela gogora ekarri du Arrate Illaro koordinatzaileak (ekainaren 27rarte dago zabalik epea). 2018an egin zen Euskaraldiaren lehen edizioan Euskal Herri osoko 405 udalerritan batzordeak martxan izan zirela gogoratuz, aurtengo izen-ematea ere martxa onean doala azaldu du. “Euskal Herriko lurralde gehienetan duela bi urteko herri kopuruak eman du izena jadanik. Ipar Euskal Herrian azken asteetan aktibatu da herrietako batzordeen dinamika, eta beraz, astiroago doa, baina gure espektatiba, orokorrean, lehen edizioan beste herrik izen ematea da. Honek erakusten du herrietan gogoz eta ilusioz heldu zaiola berriro Euskaraldiari, azken hilabeteetan batzordeek ohiko dinamikari eustea erraza izan ez arren”. 

Covid-19ak eragin nabarmena izan duela azaldu du Illarok. Izan ere, batzordeak martxan hasita eta entitateekin lanean hasita zeudela heldu zen alarma egoera eta horrek plangintzetan eragin du zuzen-zuzenean, egoera berrira egokitu behar izan dutelako. Baina koordinazio taldetik eta herrietako batzordeetatik lanean jarraitu da hilabete guztietan eta horregatik Euskaraldia aurreikusitako datetan egingo dela berretsi dute antolatzaileek, batzorde asko sendo ari direlako lanean eta entitate askok aurretik hasitako dinamikari eutsi eta ariguneak sortzen jarraitu dutelako.

Irailean abiatuko da ahobizi eta belarriprest modura izena emateko garaia eta ordurako herrietako batzordeak buru-belarri izango dira Euskaraldiaren bigarren edizioaren eragina handia izan dadin.

EUSKARALDIAren bigarren edizioaz jakin beharrekoa

 Noiz: 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da, 15 egunez

Non: Euskal Herri osoan

Leloa: Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan

Helburu nagusia: Euskararen erabilera areagotzea hiztunen hizkuntza ohituratan eraginez eta euskaraz aritzeko guneak zabaldu eta areagotuz

Koordinazio mahaia: Euskaltzaleen Topagunea, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskararen Erakunde Publikoa eta Euskal Hirigune Elkargoa.

Webgunea: https://euskaraldia.eus

 

Zenbait kontzeptu:

Ahobizi: Euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egiten dut uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez dakidanean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditut; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen dut. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean.

Belarriprest: Nire gaitasun eta aukeren arabera erabakitzen dut euskaraz noiz eta norekin egin. Beti ez dut euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek niri uneoro euskaraz hitz egitea nahi dut; eta horixe eskatzen diet modu esplizituan.

Arigunea: entitate barruan euskaraz aritzeko guneak dira; euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean. Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan.

Hurrengo hilabeteetarako kontuan hartzeko faseak:

  • 2019 ekaina- 2020 ekainak 27: herri batzordeek izena emateko epea.
  • 2019ko azaroa -2020 irailak 27: entitateek ariguneak identifikatu, kideen adostasuna lortu eta izena emateko tartea.
  • 2020 iraila-2020 azaroa: belarriprest eta ahobizien izen ematea.
  • 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra EUSKARALDIA.