Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Elikagaien eraldaketan eta merkaturaketan inbertsioak egiteko eta laborantza estentsiboak dibertsifikatzeko 14,5 milioiren laguntzak onartu ditu Eusko Jaurlaritzak (Gobernu Bilera 2020-03-31)

fotoconsejo.jpg

2020.eko martxoak 31

  • Lehiatu Berria programak, bere azken hiru deialdietan, 35 milioi euro baino gehiagoren laguntzak eman ditu elikagaien eraldaketarako eta merkaturaketarako
  • Laborantza estentsiboetarako laguntzak nekazaritzaren sektorera bideratuta daude, eta 1,25 milioi euroren laguntzak dira

Euskadiko lehen sektorea eta elikagaien industria bultzatzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburu Arantza Tapiak emandako bi agindu onartu ditu Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak.  Lehenengo aginduak Lehiatu Berria programaren deialdiaren oinarriak arautzen ditu, 2020rako, zeinak nekazaritzako produktuak, elikagaiak eta arrantzatik eta akuikulturatik eratorrirako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko laguntzak aurreikusten dituen. Bigarrenak, berriz, nekazaritzako ekoizpen teknika iraunkorren bidez laborantza estentsiboak dibertsifikatzeko laguntzak iragaratzen ditu, 2020rako,  horretara 300.000 euro bideratuta.

Lehiatu Berria 

LEHIATU BERRIA programak nekazaritza, elikadura, basogintza eta arrantza industrientzako laguntzak jasotzen ditu bere baitan. Nekazaritzako produktuen, elikagaien eta arrantzatik eta akuikulturatik eratorritako produktuen eraldaketan eta merkaturatzean inbertsioak egiteko laguntzak dira.

Zehazki, honetarako dira laguntzak:

  • Nekazaritzako produktuen eraldaketan, merkaturatzean edo garapenean inbertsioak egiteko laguntzak, eta basogintzako produktuen eraldaketara eta merkaturatzera bideratutako inbertsioak egiteko laguntzak.
  • Arrantzako eta akuikulturako produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko inbertsioak egitea.
  • Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta elikagaien industrietan inbertsioak egitea, aurreko ataletan sartzerik ez badute.

Modalitatearen arabera, onuradunak pertsona fisiko edo juridikoak izan daitezke: nekazariak edo nekazari elkarteak, nekazaritzako kooperatibak edo nekazaritzako elikagaien enpresak, mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak. Inola ere ezin izango dira onuradun izan Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoa osatzen duten entitateak.

Programa honen baitako laguntzak 2017an iragarri ziren lehen aldiz. Harrez gero, 3 urteko aldi honetan, 623 eskaerari erantzun zaie eta laguntzak 35.284.824 eurorenak izan dira.  

Aurkezteko epea

Eskaerak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta alarma egoera adirazten duen martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak edo, kasua bada, bere luzapenek indarrean egoteari utzi eta hurrengo hilabetearen amaieran amaituko da.

Laguntza eskaera egiteko inprimakia web helbide honetan egongo da eskuragai: http://www.euskadi.eus Eskabideak Elikagaien Kalitatearen eta Industrien Zuzendaritzako titularrari zuzenduko zaizkio eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren Sailak Vitoria-Gasteizen duen bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia-San Sebastian kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Prozeduraren Legeak aurreikusten dituen lekuetako edozeinetan.

Laborantza estentsiboen dibertsifikazioa 

Laguntzen onuradunak izan daitezke nekazaritza ustiategien titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoak, edo legez eratutako nekazari taldeak, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde eremuan lursailak baldin badituzte. Lursail horiek dagokien erregistro ofizialean erregistratuta egon behar dira, eta ustiategian aurreikusitako laborantza guztietatik gutxienez 2 ha laborantza estentsiboak izan behar dira, Ha 1 baino gutxiagoko laborantza multzoak ezingo baitira diruz lagundu. Hauek dira aurreikusitako laborantzak:

  • Udako laborantza ureztatuak diren lekale haziak gizakien kontsumorako.
  • Udako laborantza ureztatuak diren barazki estentsiboak
  • Hazitarako patata eta gizakien kontsumorako patata
  • Azukrerako erremolatxa.

Baldintzak

Ustiategien titularrek agindu behar dute gutxienez 5 urteko epean nekazaritza eta ingurumenaren alorrean eskatzen zaizkien konpromiso eta teknikak aplikatuko dituztela.   

Agindutako aldia bukatu eta gero, eta dagokion araudiak eta aurrekontuetan erabilgarri dagoenak egiten uzten badute, laguntza urtebete luzatzeko eskatu ahal izango da.

Eskatzaile bakoitzak 240 eta 600 euro arteko laguntza jasoko du hektareako, laborantza motaren arabera eta nekazaritzari eta ingurumenari lotuta derrigor eta gehigarri gisa hartzen dituen konpromisoen arabera. Laguntza ezin da inola ere 600 eurokoa baino handiagoa izan hektareako. 2020an, Agindu honen ondoren emango diren laguntzen gehieneko bolumen osoa 1.250.000 eurokoa izango da.

Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritzari eta Arabako Foru Aldundiari dagokie Agindu honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa. Eskariak Eskualdeko Nekazaritza Bulegoetan edo, bestela, Legeak aurreikusten dituen lekuetako edozeinetan aurkeztu beharko dira. Kontuan hartuko dira eta baliozkotzat joko dira 2020ko otsailaren 1etik “Eskaera Bakarra”-ren aurkezpen epea amaitu arte xede horrekin aurkeztutako laguntza eskaerak.