Osasun Saila / Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

COVID19, liburutegiak eta errealitate berria

Argitalpen-data: 

Martxoaren 16tik aurrera, COVIDak eragindako pandemiaren ondorioz, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegiek ateak itxi zituzten, baina zerbitzu ezberdinak eskaintzen jarraitu zuten.

Izan ere, egoera horrek ezustean harrapatu gintuen arren, liburutegietatik erreakzionatzeko gai izan ginen eta etxetik hasi ginen lanean, eLiburutegia plataformaren bidez zerbitzu digitaletara itzuliz. Agian, egoera horrek agerian utzi ditu gure zerbitzuaren puntu ahul batzuk, baina, hala ere, erreakzionatzen jakin dugu, eta, bigarren astetik aurrera, #bibliotecasencasa hastag-arekin, sare sozialak hainbat gomendio eta proposamenez bete dira, hala nola, irakurketa-gomendio eta -proposamenez, filmez, ipuin-kontalariez, Internet bidezko literatura-solasaldiez…azken finean, liburutegiek, gure publikoa dagoen tokira iristeko, eskaintzen ditugun zerbitzuek espazio fisikoa gainditzen dutela erakutsi dugu.

Eta ia konturatu gabe, telelanari eta gure zerbitzu digitalen antolaketari nola egokitu aztertzen ari garela, laster liburutegiak berriro irekiko direla jakinarazi digute.

Oraingoan, hobeto erreakzionatu dugu, eta lantalde bat sortu da: "Covid19 eta liburutegiak", errealitate berriak ekarriko dizkigun eskakizunetarako prestatzen saiatzeko. 50 bat liburutegik parte hartzen dute, eta Liburutegi Zerbitzuko langileekin batera, liburutegiak laster irekiko direnez, gure zerbitzuak egokitzeko eta/edo hobetzeko kontuan hartu behar diren urratsei buruz hausnartzen ari dira.

Gure buruari egin behar diogun lehenengo galderetako bat da, zalantzarik gabe: nola iristen gara gure komunitateko pertsonengana?

 - Liburutegietara etortzen direlako ezagutzen gaituztenei buruz, ba al ditugu haien datuak haiekin harremanetan jartzeko?

Aste luze hauetan zehar, eLiburutegia erabiltzeko gakoak eskatzeko 7000 mezu baino gehiago jaso dira. Horietatik 1200 sareko liburutegietan lehen aldiz alta emateko ziren, kopuru handi bati posta elektronikoa falta zitzaion edo ez zeukaten aktibatuta, ezinbestekoa jakinarazpenak jasotzeko edo filmak ikusteko modua dela kontuan izaten badugu. Gainerako mezuek, berriz, eLiburutegian sartzeko gakoak eskatzen zituzten. Horregatik, lehenengo gomendioa bazkideen fitxategia berrikustea litzateke, ez bakarrik funtsezkoa delako zerbitzu digitaletarako, baizik eta oso beharrezkoa delako liburutegietan antolatzen diren aurrez aurreko zerbitzuak ezagutarazteko ere.

- Liburutegietara etortzen ez direlako ezagutzen ez gaituztenei dagokienez, kontuan izan behar dugu sare sozialen bidez irits gaitezkeela liburutegietara; baina nola jar daitezke harremanetan liburutegiekin? Badugu blogik edo sare-profilik? Erraz aurkitzen dute gure telefonoa, gure WhatssApp-a, gure helbide elektronikoa? Komeni da gure webgune edo profil digitaletan sartzea eta erabiltzailearen esperientziatik ikustea irisgarritasuna hobetu behar dugun.                                                         

Agian, geure buruari galdera bat egin beharko diogu, konfinamenduaren emaitzak ikusiz gero, jarraituko ditugu bazkide berrien altak ematen Interneten bidez?