Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Karmele Jaio Eiguren, Iñigo Astiz Martinez eta Miren Asiain dira 2020ko Euskadi Literatura Sarietako lehenengo hiru irabazleak

2020.eko urriak 07

  • Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Lan Literarioaren Ilustrazioa modalitateetako irabazleak izan dira, hurrenez hurren

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ezagutzera eman ditu Euskadi Literatura Sarietako 2020ko lehenengo hiru irabazleak Gasteizko Artium Museoan. Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Lan Literarioaren Ilustrazioa modalitateetako irabazleak eman dira ezagutzera gaur:

  • Euskarazko Literatura: Karmele Jaio Eiguren, Aitaren Etxea.
  • Euskarazko Haur eta Gazte Literatura: Iñigo Astiz Martinez, Joemak eta Polasak.
  • Lan Literarioaren Ilustrazioa: Miren Asiain Lora, un millón de ostras en lo alto de la montaña.

Zupiria sailburuak sarituei nabarmendu dienez, “sarien aitormena egitea zuen ohiko irakurleengana eta irakurle berri izan daitezkeenengana zubi bat eraikitzeko modua da. Zuen ohiko irakurleak gaur pozik daude Euskadi Literatur Sarien aitormen hau jaso duzuelako. Arrazoi beragatik hurbil litezke beste batzuk zuen liburuak eskuratzeko eta irakurtzeko pozbide horretara”.

Datorren azaroaren 19an  banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak, Azkuna Zentroan egingo den ekitaldi batean. Egun horretan zazpi modalitateetako irabazleak bilduko dira. Datorren astean iragarriko dira  gainontzeko lau modalitateetako irabazleak: 

  • Literatura Gaztelaniaz.
  • Saiakera Euskaraz.
  • Saiakera Gaztelaniaz.
  • Euskarazko Literatura Itzulpena.

Sariak

Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada.