Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bingen Zupiria sailburuak banatu ditu Euskadiko Unibertsitate Kiroleko Txapelketako sariak, non EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko 468 ikaslek parte hartu duten

Argitalpen-data: 

DSC_0096.JPG
  • Eusko Jaurlaritzak 25.000 euroko diru-laguntza ematen du unibertsitate bakoitzeko txapelketetan nagusitu diren ikasleak biltzen dituen lehiaketa honetarako.

 

Getxo, 2020/02/26         

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak XX. Euskadiko Unibertsitate Kirol Txapelketako sari-banaketan parte hartu du gaur goizean. Hitzordu horretan Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU), Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko 468 ikaslek parte hartu dute. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak urtero laguntzen du txapelketa, 25.000 euroko laguntza ekonomikoaren bidez. Aurtengo berrikuntzetako bat da taldekako kirol modalitateetako irabazleak zuzenean joango direla Espainiako Unibertsitate Txapelketara, Euskadi ordezkatuz.

Aurtengo Txapelketa Leioako Unibertsitate Kiroldegian eta Fadurako (Getxo) kirol instalazioetan egin da, eta bertara iritsi dira unibertsitate bakoitzean egin diren txapelketetan nagusitu diren ikasleak. Txapelketari amaiera emateko, sari banaketa egin da Fadurako kiroldegian, eta bertan izan dira, sailburuarekin batera, Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, Patxi Juaristi EHUko errektoreordeak eta Amaia Agirre Getxoko alkatea.

Zupiria sailburuak lehiaketa honek jarduera fisikoari ematen dion bultzada azpimarratu du: "Unibertsitate bakoitzak antolatzen dituen lehiaketek eta Euskadiko Unibertsitate Kirolaren Txapelketak jarduera fisikoa bultzatzen laguntzen dute, eta oso momentu egokian egiten dute: unibertsitatearen garaian, non gazte askok kirola egiteari uzten dioten. Era berean, hitzordu honek aukera ematen digu euskal unibertsitateen artean zubiak eraikitzeko eta elkar hobeto ezagutzeko”.

Guztira, txapelketa honetan 26 diziplina jokatu dira: saskibaloia (gizonezkoak eta emakumezkoak), eskubaloia (gizonezkoak eta emakumezkoak), futbol 7 (gizonezkoak eta emakumezkoak), areto futbola (gizonezkoak eta emakumezkoak), padel (gizonezkoak eta emakumezkoak), errugbia 7 (gizonezkoak eta emakumezkoak), banakako tenisa (gizonezkoak eta emakumezkoak), banakako frontenisa eta binakakoa (gizonezkoak eta emakumezkoak), futbol 11 (gizonezkoak eta emakumezkoak), paleta goma eta larrua (gizonezkoak), xakea (mistoa), artaburuak (gizonezkoak eta emakumezkoak), esku pilota eta bikoteak (bakarrik gizonezkoak), mahai-tenisa (gizonezkoak eta emakumezkoak), sokatira (gizonezkoak, emakumezkoak eta mistoa) eta boleibola (bakarrik emakumezkoak). Euskadiko Unibertsitate Kiroleko Txapelketa honetan jokatutako lehiaketek amaiera eman diete aldez aurretik campusetan egin diren lehiaketei, lehenik campusen barruan eta, gerpaho, unibertsitate mailan antolatutakoak. Sexuari dagokionez, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU), Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko 218 emakumek eta 250 gizonek parte hartu dute gaurko jardunaldian.