Bidaiei eta garraioei lotutako erreklamazioak bikoiztu egin dira 2019. urtearekin alderatuta

2020.eko ekainak 11

Kontsumobiden, KIUBetan eta elkarteetan aurkeztutako 19.093 kontsultetatik, 3.084k (% 16k) COVID19arekin zerikusia dute.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak COVID19arekin zerikusia duten 386 erreklamazio jaso ditu Kontsumobideren bitartez, eta gehienak bertan behera utzitako garraio eta bidaiengatik aurkeztu dira.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Pérez Ezquerrak, Kontsumobideko zuzendari Olga Santamaríarekin batera, urteko lehen 5 hilabeteetako erreklamazioen eta kontsulten emaitzak aurkeztu ditu gaur, COVID19aren ondorioz ohiko estatistiketan aurreko urteekin alderatuta aldaketak eragin dituzten inguruabar bereziak kontuan hartuta.

Kontsumobiden, kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoetan eta elkarteetan jasotako kontsulten eta erreklamazioen guztizko kopurua joan den urteko aldi berekoa baino txikiagoa bada ere (10.337 erreklamazio 2019an eta 7.593 2020an, eta 20.621 kontsulta 2019an eta 19.093 aurten), nabarmena da garraioekin eta bidaiekin zerikusia duten erreklamazioen eta kontsulten kopuruaren gorakada.

2019ko urtarriletik maiatzera bitarte, 1.642 kontsulta eta 737 erreklamazio jaso ziren 2 gai horien inguruan, eta 2020an, berriz, 5.099 kontsulta eta 1.271 erreklamazio. Gorakadaren ehunekoa, beraz, % 72ra iritsi da bidaien eta garraioaren inguruko erreklamazioetan eta % 210era kontsultetan.

 

COVID19arekin zerikusia duten kontsultak eta erreklamazioak

 

Orain arte (urtarriletik maiatzera bitarte), 19.093 kontsulta jaso dira 2020an (Kontsumobiden, KIUBetan eta elkarteetan), eta, horietatik, 3.084k (% 16k) COVID19arekin zerikusia dute. Gairik kontsultatuenak garraioak eta bidaiak izan dira (1.258 eta 1.100, hurrenez hurren), eta guztien % 78 izan dira.

 

Erreklamazioei dagokienez, 7.593 kontabilizatu dira. Haietatik, ia erdiak Kontsumobiden jaso dira (3.576), eta 386 zuzenean lotuta daude COVID19arekin. Kontsultekin gertatzen den bezala, % 70 garraioei (135) eta bidaiei (139) lotuta daude, batez ere bertan behera utzi izanagatik.

 

Kontsultak eta erreklamazioak bertan behera utzitako garraio eta bidaiei lotuta daude batez ere. Sailburuak adibideren bat aipatu du, kasuistika ugari eta bakoitzean aplikatutako araudi ugari badaude ere. “Adibidez, Aste Santurako hotel-erreserba bat egitea eta COVID19a dela eta joaterik ez izatea”. 60 egun daude akordio batera iristeko, eta azkenean akordiorik ez badago, hotelak 14 egun ditu ordaindutakoa itzultzeko.

Adostutakoa itzultzen ez bada, erreklamazio bat aurkez daiteke Kontsumobiden, eta Kontsumobide izapideak egiten hasiko da. Gauza bera gerta daiteke gimnasioko edota konfinamenduan jarduerarik izan ez duen akademia bateko kuota itzultzen ez badigute. 

Kasu horien ebazpenean, oso garrantzitsua izango da Espainiako gobernuaren hegazkin-konpainiekiko bukarazte-ekintza, “kontsumitzaileen eta erabiltzaileen informaziorako eskubidea argitu eta azpimarratu egiten baitu”. Zenbait kasutan, hegazkin-konpainiek ez diete informaziorik eman nahi izan bezeroei dirua itzultzeko aukera dutela jakinarazteko garaian. Horren ondorioz, Estatuak bukarazte-ekintza judizial hori jarri du, eta, horren barruan, autonomia-erkidegoen laguntza eskatu da eta Kontsumobide koordinatuta dago hari lotutako kasuei buruzko informazioa emateko.

Informazio- eta ikuskapen-kanpainak

Kontsumobidek egoera berrira egokitu du bere ikuskapen-zeregina, eta hainbat ikuskapen eta informazio-kanpaina egin ditu. Lehenik eta behin, Aste Santura bideratutako kontsumo arduratsuari buruzko eta elikagaien xahuketaren aurkako kanpaina.

Bigarrenik, Internet bidezko erosketetan webguneak kontrolatzeko ikuskapen-kanpaina izan da, kontsumitzaileei kontratu elektronikoari, haren izaerari, produktuen funtsezko ezaugarriei eta prezioei, erosketa-prozedurei eta abarri buruzko informazio-maila handia eskaintzen zaiela egiaztatzeko.

Halaber, telefonia-zerbitzuen urruneko kontratazioaren kontrolari buruzko kanpaina bat hasi zen. Kanpaina horri berriro ekingo zaio orain, administrazio-epeak berreskuratu ondoren. Gainera, bereziki azpimarratu da online salmentako plataformetan erabilera bakarreko eskularruen, maskaren (NBEen) eta gel hidroalkoholikoen inguruko neurriz gaineko jardunbide desleialak detektatzeko kanpaina, eskaintzen den informazioa eta kontsumitzaileek prezioak finkatzean jasaten dituzten gehiegikerien aurrean duten babesa egiaztatzeko.

Hemendik aurrera, informazio-kanpaina bat hasiko da ekainean eta uztailean, eta irrati-iragarkien bidez egingo da, kontsumitzaileek pandemiari dagokionez dituzten eskubide guztien berri emateko. Horren bidez, COVID19aren ondoriozko kasurik ohikoenetara eta haien inplikazioetara egokitu nahi dira aholkuak eta gomendioak.

Halaber, Kontsumobidek bere bitartekari-lanarekin jarraitu du, Kontsumoko Arbitraje Batzordeak ez baititu prozedurak eten. Urtarrilaren 1az geroztik, 369 arbitraje-eskaera jaso dira, eta 141 laudo eta 95 akordio egin dira guztira.

 “Badakigu inguruabar bereziek epe luzera aldaketak ekarriko dituen gogoeta bat eragin dutela, susperraldiaren lehen etapak alde batera utzita. Harremanak egiteko, lan egiteko eta kontsumitzeko moduan gertatuko dira aldaketak. Beste batzuetan esan dudanez (baina orain inoiz baino indar handiagoa du esandakoak), gaur hartzen ditugun erabakiek nolako gizartea izan nahi dugun erabakiko dute", zehaztu du sailburuak.

 “Hori dela eta, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Kontsumobideko Zuzendaritzak kontsumo arduratsua, tokiko erosketa, modernizazioa eta digitalizazioa bultzatuko ditugu beti, bai, baina eraiki nahi dugun eta jasangarritasunaren alderdi guztiei jarraitu behar dien gizartea ahaztu gabe”.