54 estazioen emaitzen arabera, Euskadiko airearen kalitatea ona da

Argitalpen-data: 

Av.Tolosa_Donosti.jpg
  • Airearen kalitateari buruzko 2019ko datuak argitaratu dira, Eusko Jaurlaritzaren kontrol-sareak jasota. Aurtengoan, Andoaingo, Usurbilgo, Lasarte-Oriako eta Zubietako (Donostia) estazio berriak sartu dira sarean

Euskadiko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareak 54 estazio ditu lurralde osoan zehar, eta estazioetan analizagailu automatikoak daude nitrogeno dioxidoa (NO2), sufre dioxidoa (SO2), karbono monoxidoa (CO), ozonoa, partikulak (PM10 eta PM2.5) eta bentzenoa neurtzeko. Estazioek kutsatzaile desberdinak neurtzen dituzte, kokatuta dauden eremuaren arabera (landa-, hiri-, industria-, trafiko- edo hondo-eremuak). Estazio horietan bildutako datuek Euskadiko airearen kalitatea ebaluatzeko balio dute, egungo europar araudian ezarritako muga-balioen eta xede-balioen arabera.

Gaur argitaratzen den txostenak 2019ko ekitaldirako kalkulatutako datu estatistikoak biltzen ditu, Sarean bildutako datuekin, indarrean dagoen 102/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, airearen kalitatea hobetzeari buruzko araudiak ezartzen dituen balioekiko betetze-maila erabakitzeko. Horrez gain, 2015etik 2019ra bitartean kutsatzaile bakoitzerako estazioek erakutsitako bilakaeraren grafikoak aurkezten dira, eta populazioaren PM10, NO2 eta ozonoarekiko esposizio-mapak ere bai.

2019an, Andoainen, Usurbilen, Lasarte-Orian eta Zubietan (Donostia) kokatutako 4 estazio berri sartu dira Sarean. Estazio horiek txostenean sartu dira, nahiz eta ebaluaziorako behar diren datu baliodunen gutxieneko ehunekoa ez bete. Era berean, 2019an Barakaldoko eta Puioko (Donostia) estazioetan instalatutako ekipamendu berrien PM2.5 neurketak sartu dira, baita Durangon instalatutako ekipo berriaren Bentzenoaren neurketa ere.

Estatistiken emaitzen arabera, eta 2018an bezala, 2019an zehar estazio guztiek bete zituzten muga-balioak eta xede-balioak, Valderejoko estazioak izan ezik; kasu horretan, ez zen bete ozonorako xede-balioa. Oro har, joera bera ikusten da SO2 eta CO-rako. NO2 apur bat hobetu da Maria Diaz de Haroko estazioan, Bilbon, eta partikulek 2018ko joera positiboarekin jarraitzen dute: PM10 partikulen urteko batezbestekoa 8.5-23 µg/m3 bitartekoa izan da (landa- nahiz hiri-estazioetan), eta PM2.5 partikulena, berriz, 5-12 µg/m3 bitartekoa.

EMAITZEN LABURPENA:

SUFRE DIOXIDOA - SO2

SO2 balioak airearen kalitateari buruzko araudiaren barruan daude. 2019an, 3 ordu-balio altu erregistratu ziren –urteko maximoak– Abanto, Puio eta Arraizko estazioetan. Balio horiek 355, 274 eta 207 µg/m3-koak izan ziren. Hurrengo baliorik altuena 196 µg/m3-ko ordu-balioa izan zen, San Julianen. Ez zen inongo kasutan gainditu araudian ezarritakoa, hau da, urtean 24 aldiz baino gehiagotan 350eko balioa gainditzea. Eguneko batezbestekoetarako ezarritako muga-balioa ere ez zen gainditu.

NITROGENO DIOXIDOA - NO2

NO2-aren kasuan, airearen kalitateari buruzko araudian ezarritako muga-balioak betetzen dira. Hiriburuetako trafiko-geltokietan, NO2-aren maila handiagoa jaso ohi den tokietan, –Ategorrieta (Donostia), Easo (Donostia), Gasteiz hiribidea (Gasteiz), Maria Diaz de Haro (Bilbo) eta Mazarredo (Bilbo)– ez da detektatu 200 µg/m3-tik gorako ordu-baliorik inongo kasutan.

Maria Diaz de Haroko trafiko-estazioan (Bilbo), 2017an urteko 40 µg/m3-ko muga-balioa gainditu zen tokian, 2018an zehar, berriz, urteko 39 µg/m3-ko batezbestekoa erregistratu zen, eta 2019an, azkenik, urteko batezbestekoa 36 µg/m3-koa izan zen.

Partikulak (PM10 eta PM2,5)

PM10 eta PM2,5 partikulen mailak airearen kalitateari buruzko araudiak ezartzen dituen mugen barruan daude. PM10 partikulen urteko batezbestekoari dagokionez, aurreko urteetako joerarekin jarraitzen da: batezbesteko horien tartea 8.5-23 µg/m3 bitarteko kontzentrazio-tartearen barruan dago.

Estazio guztietako PM2,5 partikulen urteko balioak araudiak ezartzen duen urteko mugaren azpitik daude. Urteko batezbestekoak Valderejon eta Pagoetan (landa-estazioak) erregistratutako 5 µg/m3-ko minimoaren eta Barakaldoko urteko 12 µg/m3-ko batezbestekoaren artekoak izan ziren. Nabarmendu behar da PM2,5 partikulak lurralde osoan neurtzeko 19 neurketa finko egitetik 25 egitera igaro dela.

KARBONO MONOXIDOA - CO

CO neurriak oso baxuak dira estazio guztietan; muga-balioaren oso azpitik daude. Erandioko trafiko-estazioak jaso ditu ordu-baliorik altuenak (Jose Luis Goyoaga etorbidea, z/g (Altzagako pasabidea), BI-711 errepidetik gertu.

OZONOA

O3-ari dagokionez, 180 µg/m3-tik gorako balioak (populazioari informazioa emateko atalasea) Valderejoko estazioan soilik erregistratu ziren, uztailaren 12an, 16:00etan (UTC).

Giza osasuna babesteko xede-balioari dagokionez (gehienez ere 25 aldiz 120 µg/m3-tik gora hiru urteko batezbesteko gisa), Valderejon gainditu da.

Epe luzerako 120 µg/m3-ko xedea gehien gainditu zuten estazioak hauek izan ziren: Valderejo, Jaizkibel, Urkiola eta Eltziego. Estazio horiek garaiera altuagoan eta landa-eremuetan daude.

BENTZENOA

Bentzenoaren urteko batezbestekoak baxuak dira, eta araudiak ezartzen duen mugaren barruan daude (5 µg/m3-koa urteko batezbesteko gisa). Durangon instalatutako unitate berria nabarmentzen da.

METALAK ETA BENTZO(A)PIRENOA

Metalen eta bentzo(a)pirenoaren mailak oso baxuak dira neurtu diren lau estazioetan: Maria Díaz de Haro (Bilbo), Erandio (Erandio), Tolosa hiribidea (Donostia) eta Martxoaren Hirua (Gasteiz). Nabarmentzekoa da determinazio-mugaren azpitik dauden datuen ehuneko handia, batez ere Tolosa hiribidean eta Martxoaren Hiruan.

Dagoeneko eskuragarri dago txostena Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren web orrian hurrengo helbidean:

https://www.euskadi.eus/informazioa/euskadiko-airearen-ebaluazioa/web01-a2ingair/eu/