Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 87 musika proiektu babestu zituen 2019an, sei diru-laguntza lerroren bidez
- DataOtsailak 7
- Gaia Musika
Elkar, Serrano Producciones edo Bilboko Kafe Antzokia bezalako eragileak, eta Izaro, Zea Mays edo Diego Vasallo bezalako artistak daude laguntzen onuradunen artean.
Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak musikaren sektorearekin lotutako 87 proiektu diruz lagundu zituen 2019an, sei diru-laguntza lerroren bidez. Jaurlaritzak 660.000 euro bideratu zituen ekimen horietara: 610.000 euro 'Musika jarduera profesionaletarako' diru-laguntzen deialdiaren bost modalitateen bidez eta 50.000 euro 'Musika konposiziorako' laguntzen bidez ('Kultur sormena' laguntzen deialdiko modalitateetako bat). Sailaren laguntzen onuradunen artean daude Elkar, Serrano Producciones edo Bilboko Kafe Antzokia bezalako eragileak, eta Izaro, Zea Mays edo Diego Vasallo bezalako artistak, besteak beste.
Diru-laguntza deialdi irekiak dira Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren kultur sorkuntza bultzatzeko bide nagusia. Musikaren kasuan, Eusko Jaurlaritzak "Musika jarduera profesionalak" izeneko deialdi bat du, bost modalitateren bidez izaera desberdineko musika-proiektuak diruz laguntzeko aukera ematen duena. Lehenengo modalitatea musika partituren edizio inprimatua diruz laguntzera zuzenduta dago, eta iaz 10 diru-laguntza eman zituen, guztira 42.548 euroko aurrekontuarekin. Modalitate horren bidez Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren diru-laguntza jaso zuten eragileetako batzuk hauek izan ziren: CM Ediciones, Orpheus Music edo Euskal Herriko Txistulari Elkartea.
Laguntza-deialdi horrek beste diru-laguntza modalitate bat du euskal artista eta taldeen musika proiektu bateratuak babesteko. Modalitate horri esker, 37 ekimen diruz lagundu ziren, eta onuradunen artean daude, besteak beste, Zea Mays, Josu Okiñena, Ensemble Kuraia, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Izaro, Lauroba edo Diego Vasallo. Guztira, 165.262 euro bideratu zituzten laguntza lerro horretara, 1.137 eta 6.439 euro arteko diru-laguntzekin.


