Departamento de Desarrollo Económico e Infraestructuras

Ugaltzaileak hobeto aukeratzea, elikadura zaintzea eta ekografia egitea, arkumeen ekoizpena handitzeko gakoak

Reba_o_ovejas.jpg

2019.eko urriak 24

Europako SheepNet proiektuaren estatu mailako amaierako mintegia gaur egin da, NEIKER-Tecnaliaren instalazioetan, Arkautiko campusean, eta lortutako emaitza nagusiak aurkezteko balio izan du.

Parte hartu duten ikertzaileek 130 irtenbide praktiko, aholku eta trikimailu jarri dituzte sektorearen eskura, ardi aziendaren produktibitatea hobetzeko.

Ardi ugaltzaileak hobeto aukeratzea, elikadura zaintzea eta ardiei ekografiak egitea funtsezko alderdiak dira arkume gehiago eta hobeak ekoizteko, Europako SheepNet proiektuaren estatu mailako amaierako mintegian agerian geratu denez, gaur, NEIKER-Tecnaliaren instalazioetan, Arkautiko campusean (Araba).

2016ko azaroaz geroztik, azken 3 urteetan zehar, SheepNet proiektua garatu da. Europar Batasunak finantzatuta sare tematiko bat da, ardien produktibitatea hobetzen laguntzeko, eta bertan parte hartu dute Europar Batasuneko ardien ekoizpeneko 6 herrialde nagusiek (Erresuma Batua, Espainia, Errumania, Italia, Frantzia eta Irlanda) eta Turkiak.

50 profesional inguru bildu dituen amaierako mintegian aurkeztu egin dira egindako lana, lortutako emaitza nagusiak eta sortutako informazio guztia eskuratu ahal izateko erabil daitezkeen tresnak.

Europar Batasuneko ardi azienda %15 murriztu da azken 15 urtean, eta estatuan %25 baino gehiagokoa izan da murrizketa. Sektorearen gainbehera horren atzean faktore ugari daude, baina horien artean daude errentagarritasun txikia, profesionaltasun eskasa (denbora partzialeko jarduera da), eskulana aurkitzeko arazoak, berrikuntza eta teknologiak sartzea falta, arrazak, etab. Hain zuzen ere, ardien produktibitatea (estalitako ardi bakoitzeko bularretik kendutako arkume kopurua) ia aldatu gabe mantendu da azken hamarkadetan.

Lehendabizi, parte hartzen zuten herrialdeetako 19 ardi sistemaren ugalketaren parametro nagusiak jaso ziren, batez ere ugalkortasunari, ernaldiaren arrakastari eta arkumeen hilkortasunari lotutakoak. Emaitza moduan, ikusi daiteke dibertsitate handia dagoela herrialde parte hartzaileetako ardi produkzioaren sistemetan, kontuan hartuta produktibitatea, arrazak, topografia, ingurumena, lanaren efizientzia, produkzioa, etab. Halere, Europar Batasunean tarte handia dago ardien produktibitatea hobetzeko.

Ondoren, sektorean dauden behar nagusiak ebaluatu ziren, ardien produktibitatea hobetzeko, ugalketaren parametroen inguruan. Horretarako, bereziki, herrialde parte hartzaile guztietako abeltzain eta teknikariei zuzendutako inkesta bat egin zen, eta 791 lagunek bete zuten. Informazio hori lan jardunaldietan kontrastatu, eztabaidatu eta osatu zen, herrialde bakoitzean egindako 5 tailer nazionalen esparruan, zeinetara abeltzainak, teknikariak, aholkulariak, albaitariak eta ardi sektoreko ikertzaileak ere gonbidatu baitzituzten. Horrenbestez, 461 behar jaso ziren, eta horiek, izan ere, oso antzekoak dira Europar Batasun osoko abeltzaintza sistema askorentzat.

Irtenbide praktikoak, aholkuak eta trikimailuak

Ondoren, 130 irtenbide praktiko, aholku eta trikimailu identifikatu dira, behar horietako gehienei erantzun ahal izateko, eta fitxa tekniko batzuk prestatu dira, deskribatzeko haien aplikagarritasuna, nola ezarri behar diren, espero diren onurak, etab. Gainera, 23 dokumentu tekniko landu dira gairik garrantzitsuenei buruz (elikaduraren kudeaketa, txandakako artzaintza, arkumearen edoskitzaroa, etab.). Material hori guztia herrialde parte hartzaile bakoitzeko hizkuntza nagusira itzulita dago, eta proiektuaren webgunean eskuratu daiteke (www.sheepnet.network).

Irtenbide praktiko, aholku eta trikimailu horietako batzuk herrialde desberdinetan probatu dira, eta Youtuben 80 bideo daude horiek erakutsiz, hainbat abeltzainek horien gainean egindako adierazpenekin batera, etab.

Proiektuaren esparruan, halaber, herrialde kideen artean inkesta bat egin zen, identifikazio elektronikoan oinarritutako teknologiari buruzko pertzepzioari eta aukerei buruz. Emaitza moduan, detektatu zen bere aldeko testuinguru bat badagoela doitasunezko abeltzaintza garatzeko, teknologia horietan oinarrituta, baina askoren iritzia da oraindik ere oso gutxi erabiltzen dela, abeltzaintzako beste sektore batzuekin alderatuta, hainbat arrazoirengatik, horien artean egonik kostu altuak eta espezifikotasun urria, ardi sistemen errealitateari dagokionez.

Ezagutza eta berrikuntza transferitzeko komunikazio kanalei lotutako alderdiei buruz, egiaztatu ahal izan zen kanal horiek agente motaren araberakoak direla (abeltzainak, teknikariak, albaitariak, etab.), eta baita herrialde bakoitzaren araberakoak. Dena dela ere, abeltzainek joera dute informazioa albaitari, aholkulari edo beste abeltzain batzuengandik zuzenean jasotzeko, eta teknikariek eta aholkulariek, berriz, argitalpen teknikoetara jotzen dute gehiago. Horrenbestez, beharrezkoa da bitarteko desberdinak erabiltzea komunikazioaren eraginkortasuna hobetzeko.

Azkenik, 19 arlo edo gai identifikatu dira, izan ere, badirudi horiek ez daudela guztiz bideratuta ikerketaren eta berrikuntzaren bidean, eta, ondorioz, beharrezkoa izango da I+Garen bitartez horietan gehiago sakontzea. 3 dokumentu idatzi dira politikak diseinatzeko gomendioekin, EBko lurraldean sare tematikoak sortzen laguntzeko, ardi sektorearen berrikuntza espezifikoan laguntzeko, eta komunikazioari buruzko alderdiak hobetzeko, ezagutzaren eta berrikuntzaren transferentzia hobetze aldera.

Finean, SheepNet proiektuaren esparruan sortu den sare tematikoak elkartruke egonkor bat ezartzeko aukera eman du, dauden ezagutza zientifikoei eta praktikoei buruz, teknologia berritzaileei buruz, eta ardien produktibitatea hobetzeko praktikarik onenei buruz, abeltzain, aholkulari, albaitari, ikertzaile eta interesa duten beste eragile batzuei zuzenduta. Estatu mailan, tailer nazionalen egoitzak izan ziren Vitoria-Gasteiz (2017ko maiatza), Madril (2017 urria), Zamora (2018ko apirila), Zaragoza (2018 urria) eta Sevilla (2019 apirila). Herrialde desberdinetako eragileen arteko elkartrukea errazteko xedearekin, workshop edo tailer nazionalak nazioarte mailan egindako beste batzuekin tartekatu ziren (Eskozia, Errumania, Espainia, Italia, Irlanda eta Frantzia). Horietarako herrialde bakoitzeko 5-15 laguneko ordezkaritza bat joan da, eta guztietan egon dira abeltzainak, teknikariak eta ikertzaileak.

SheepNet zabalik dago EBko herrialde guztientzat, interesa duten eragileentzat, ardi aziendako abeltzainentzat, etab.