SENDOTU programaren bitartez, 15 milioi eurorekin babestuko ditu Eusko Jaurlaritzak lehen sektoreko inbertsioetarako eta landa garapenerako proiektuak (Gobernu Bilera 2019-11-19)

fotoconsejo.jpg

2019.eko azaroak 19

  • 2015az geroztik 32 milioi euro bideratu ditu SENDOTU programak mailegu operazioak finantzatzeko
  •  Finantzen Euskal Erakundeak eta beste finantza erakunde batzuek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin izenpetutako Lankidetza Hitzarmenaren baitan formalizatuko dira maileguak 

SENDOTU Programa 2019-2020 urteetarako arautzeko Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak eman duen agindua onartu du Gobernu Kontseiluak. Aginduaren arabera, programak arriskua finantzatzeko laguntza lerro bat aurreikusten du, zeina maileguen bitartez emango baita. Mailegu horien zenbateko osoa 15.250.000 eurokoa izango da eta Finantzen Euskal Erakundeak eta beste erakunde batzuek formalizatuko dituzte maileguak. Helburua da abeltzaintzan, nekazaritzan, basogintzan, arrantzan, elikagaigintzan eta Euskal Herriko landa guneak eta itsasbazterreko guneak garatzeko jardueretan inbertsioak egiteko proiektuen garapena bultzatzea. 

Finantzen Euskal Erakundeak,  Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta programan parte hartzen duten beste finantza erakunde batzuek izenpetutako Lankidetza Hitzarmenaren baitan formalizatuko dira maileguak, esparru horretan eratu baita Berme Fondo bat. Finantzen Euskal Erakundeak eta kreditu erakundeek, berriz, hitz ematen dute 2019an eta 2020an dagozkien maileguak emango dituztela. Finantzaketa onartuz gero, programan parte hartzen duen Finantza Erakunde laguntzaile baten eta Finantzen Euskal Erakundearen artean egingo dute finantzaketa, erdibana.

SENDOTU programaren balantzea

Sendotu programak 2015ean ekin zion bere ibilbideari, nekazaritzan, basogintzan, arrantzan, elikagaigintzan eta landa garapeneko jardueretan inbertsio programak garatzea errazteko. Harrez gero, 32 milioi euro finantzatu dira mailegutan, eta horietatik 21 milioi 2015ean eta 2016an emandako maileguei dagozkien eta 11 milioi 2017ko eta 2018ko urteetan emandakoei. Diru kopuru horiei esker 31 finantzaketa eragiketari erantzun zaie –18 finantzaketa  2015/2016 SENDOTU programarekin, eta 13 2017/2018 SENDOTU  programarekin–, eskainitako bermearen bitartez, sektoreko proiektu ugariri kanpoko finantzaketa eskuratzeko aukera emanda.

Onuradunak pertsona fisikoak edo juridikoak izan daitezke, betiere enpresa txiki eta ertainen izaera badute. Bete behar dituzten baldintzak dira gutxienez guztirako gastuen %20 inbertsio pribatu bidez estalita egon behar direla eta arriskuaren finantzaketaren guztirako zenbatekoa 15 milioi euro baino gehiago ez izatea enpresako. Eta horrez gain, Foru Ogasunekin dituen zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak egunean eduki beharko dituzte, ez dira krisian dagoen enpresa bat izango, eta ez dira inolako espediente zigortzaileren menpe egongo. Eskatzaileek proiektu berbererako beste laguntza publikoren bat eskatu eta eskuratu badute, jakinarazi egin beharko dute.

Laguntzak esleitzeko ondoz ondoko konkurrentzia prozedura erabiliko da. Horrek esan nahi du esleipena modu ordenatuan egingo dela, betetako eskariak aurkezteko unearen arabera, eta hurrenkera horri jarraituta ezarritakoa betetzen duten eskatzaile guztiei esleituko zaiela, ezarritako fondo guztiak agortu arte.

Eskabideen aurkezperako epea

Eskaerak aurkezteko epea Agindua indarrean sartzen den egunean hasi, eta fondoak agortzen diren egunean bukatuko da. Emango diren mailegun bolumenari esleitutako dirua agortzen bada, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak ebazpen bat emango du, esleitutako diru kopurua agortu dela adieraziz. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ebazpena argitaratzen den egunetik aurrera eskaerarik aurkezten bada ez da onartuko.  

Aurkeztutako eskaerak Balorazio eta Jarraipen Batzorde batek baloratuko ditu, batera, eta Batzordea, berriz, eragiketa bakoitzean parte hartzen duten aldeetako bakoitzak osatuta egongo da.

Finantzaketan laguntzeko SENDOTU programaz baliatzeko eskaera orria  http://www.euskadi.net webgunean egongo da eskuragarri.