Segurtasun Saila

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du bihar ostiralerako eta etzi larunbaterako itsasertzean itsasaldeko arriskuagatik eta kostako inpaktuagatik.

Argitalpen-data: 

Olatu-altuera 7 m-tik gorakoa izan liteke.

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du itsasaldeko arriskuagatik eta kostako inpaktuagatik, itsasgorekin bat etorriz, bihar ostiralerako (04:00etatik 06:00etara eta 16:00etatik 19:00etara) eta etzi larunbaterako (04:00etatik 07:00etara).

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, gaur, osteguna, eta bihar, ostirala, Europaren zati handi bat eta Iberiar Penintsularen iparraldea hartuko dituen behe-presio sakon baten eraginpean egongo da EAE, eta Azoreetako antizikloiak hegoalderantz egingo du.

Bi egoera horien artean sortuko den mendebaldeko fluxu biziak eragingo duen denboraleak haize indartsua eta olatu handiak ekarriko ditu, bai eta prezipitazio iraunkorrak ere, fronte-sistema bat igaroko baita. 

Aldi berean, Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du nabigaziorako itsasaldean eta kostaldean bihar ostiraleko 00:00etatik etzi larunbateko 09:00etara.

Haizea

Bestalde, Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du haizeagatik itsasertzeko ageriko lekuetan gaur osteguna 21:00etatik bihar ostirala 09:00ak arte. Haize-boladak 120 km/h-tik gorakoak izan daitezke. Gaur arratsaldetik aurrera mendebaldeko haizeak gogor joko du, eta haize-boladak 100 km/h-tik gorakoak izan litezke ageriko lekuetan.

Prezipitazioa

Prezipitazioari dagokionez, gaur osteguna eta bihar ostirala fronte-sistema epel bat hurbilduko zaigu. Frontea oso geldi igaroko denez eta oso eraginkorra izango denez, prezipitazioak iraunkorrak eta ugariak izan daitezke Kantauriko isurialdean eta, bereziki, ekialdean. Horrela, aurreikuspenaren arabera, 40-60 l/m² meta daitezke Kantauriko isurialdean eta 60 l/m² ekialdean.

 

Gomendioak:

  • Ez hurbildu olatuen inpaktu guneetara, olatuek jo eta eraman egin baitzaitzakete.
  • Argazki ikusgarri batek ez du alferrikako arriskua konpentsatzen.
  • Itsasora eroriz gero, saiatu olatuak lehertzen diren lekutik aldentzen, eskatu laguntza eta itxaron erreskatatu arte.
  • Olatuek eramaten bazaituzte, zaude lasai; ez egin igeri korrontearen aurka; itsasertzeko korronteek indarra galtzen dute tarte batzuetan.

 

Udalek hartu beharreko neurriak:

  • Zaindu eta kontrolatu itsasertzeko errepideetako edo pasealekuetako arrisku guneak.
  • Herritarrak ohartarazi denboralearen ondoriozko arrisku-egoeraz eta hartu beharreko prebentzio-neurriez.

 

Iragarpen eguneratuak jarraitzea gomendatzen da Euskalmet (http://www.euskalmet.euskadi.eus (leiho berri batean irekitzen da)) eta Twitter (@Euskalmet) bidez.