Segurtasun Saila

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du bihar asteazkenerako eta etzi ostegunerako Bizkaian, prezipitazio iraunkorrengatik eta ugariengatik, eta zenbait lekutan gogorrak eta ekaiztsuak izan daitezke

Argitalpen-data: 

Bizkaiko hainbat lekutan, bereziki mendebaldean, 80 l/m² baino gehiago pila daitezke egoerak irauten duen denboran

Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du Bizkaian, asteazkeneko, urriaren 23ko, 18:00etatik osteguneko 06:00etara, prezipitazio iraunkorrengatik. Prezipitazioak ugariak eta zenbait tokitan gogorrak eta ekaiztsuak izan daitezke. Hamabi ordu horietan 30 eta 50 l/m² artean pila daitezke, nahiz eta alde handiak egon daitezkeen toki batetik bestera bai intentsitatean bai banaketan, eta unean-unean emango da, beraz, egoeraren berri.

Aldi berean, Segurtasun Sailak aktibatuta izango du abisu horia prezipitazio iraunkorrengatik gaur, asteartea, 15:00etatik osteguneko 09:00etara EAE osorako, bai eta prezipitazio ugariengatik ere bihar, asteazkena, 18:00etatik etziko, osteguneko, 06:00ak arte.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, prezipitazio iraunkorren eta ugarien egoera hori gainazalean depresio bat sortuko duen DANA baten (goi-geruzetan isolatutako aire-masa hotz baten) ondorio da.

Egoerak irauten duen denboran eta leku jakin batzuetan, Bizkaian probabilitatea handiagoa izanik, euri-kopuru handiak pila daitezke, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak, beraz, kontu handiz ibiltzeko gomendatzen du.

Gainera, eta espero den prezipitazio-kopuruari eta izango duen banaketari dagokienez, ziurgabetasuna handia denez, oso zaila delako DANAren posizioa, ibilbidea eta forma aurreikustea, Euskalmeten http://www.euskalmet.eus web-orrian eta Twitterreko @Euskalmet kontuan iragarpen meteorologikoen eguneratzeak jarraitzea aholkatzen da. 

 Ostegunetik, urriaren 24tik, aurrera ezegonkortasuna desagertzen joango da.